Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Miren Arzalluz: «Urdaibaiko gaian bermatuta dago entzuteko jarrera izango dudala»

Bilboko Guggenheim museoaren zuzendaritza nagusira iritsi eta hiru egunera, mahai gainean duen gai polemikoarekin egin du topo Miren Arzalluzek; Urdaibaiko museoaren kontrako mugimendua, alegia. «Entzuteko jarrera bermatuta dago nire aldetik», esan du bere jokabideari buruz galdetu zaionean.

Museoaren aurrean Urdaibaiko proiektuaren aurka egin den ekintza.
Museoaren aurrean Urdaibaiko proiektuaren aurka egin den ekintza. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘Lurreratu’ berria da Miren Arzalluz Bilboko Guggenheim museoko zuzendaritza nagusian. Hilabete eman du «jendea ezagutzen, haien lana ezagutzen, martxan dauden proiektuak ezagutzen; «eta, oraindik ere, egia esan, horretan nago», ostegunean aitortu duenez.

Astelehenean, apirilaren 1ean, lanpostu berrian hasi zen. Hiru egun soilik zeramatzan atzo, beraz, eta hedabideen elkarrizketa eskaera ‘uholdeari’ aurre egiteko prestatzen ari zenean, bere lehen prentsaurrekoa eman du; hain zuzen ere, Vito Acconci (New York, 1940–2017) eta Sergio Prego (Donostia, 1969) artisten arteko lankidetza eta adiskidetasuna islatzen duen erakusketaren gainekoa.

Aurretik, museoaren kanpoaldean, eta Louise Bourgeoisen ‘Ama’ armiarmaren ondoan, ‘Guggenheim Urdaibai stop’ zioen pankarta bat zabaldu du talde jori batek. Salbe zubitik behera zintzilikatuta, ‘Urdaibai ez dago salgai. We Are Not For Sale’ pankarta ere ikus zitekeen. Egun gutxi daraman arren, galdera egin beharrekoa zen: zein jarrerarekin dator zuzendari berria museora? Entzuteko prest al dago? Plataformak eskatutako bilerari baietz esango al dio?

Denbora eskatu du Miren Arzalluzek, ailegatu berria delako. Denbora behar du bere lan ildoak finkatu eta ezagutzera emateko ere. Baina egin dizkioten galderei era zuzenean erantzun die: «Ni beti entzuteko jarrerarekin nago, eta gaur hor kanpoan daudenak ere entzuten ditut –azpimarratu du–. Esan nahi dut jarrera hori beti izango dela hor, entzutearena eta zabalik egotearena, baina hortik haratago gaur ez dut ezer gehiago esango. Hiru egun daramatzat eta, beste gauza batzuen artean, noski, gai hau mahai gainean dago, eta ni deskubritzen ari naiz bere sakontasunean. Etorri beharrekoak etorriko dira eta esan behar ditudanak ere etorriko dira. Baina entzuteko  jarrera hori bermatuta dago nire aldetik, eta errespetu osoz entzuten ditut gaur ere».

Bilera eskaera plataformak

«Guggenheim Urdaibai Stopetik ongi etorria eman diogu Miren Arzalluzi, argi utzi diogu Urdaibai ez dagoela salgai, ezta herritarrak ere», erantzun dio NAIZi Eider Gotxik, plataformaren bozeramaileak. «Bilera bat eskatu diogu, bilera horretan gure kezkak partekatu nahi ditugu berarekin, eta proiektu honi buruz dugun iritzia. Badakigu denbora gutxi daramala, baina badakigu ere New Yorken egin zen bileran [euskal erakundeen ordezkaritza bat Solomon R. Guggenheim fundazioko zuzendaritzarekin bildu zen martxoan] proiektu honi buruz mintzatu zela», aipatu du.

«Mahaiaren gainean dagoen proiektu bat da eta –gehitu du–, mahaiaren gainean badago, guk ikusi nahi dugu, herritarrek eskubidea dutelako ezagutzeko. Mesedez eskatzen diegu bai Miren Arzalluzi eta baita proiektu hori diru publikoarekin finantzatuko duten erakundeei ere, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, proiektu hori herritarren esku jar dezatela lehenbailehen. Herritarrok epaitegietara joateko eskubidea dugulako. Beraz, atera dezatela proiektua lehenbailehen».

Artea, Trump eta mundua, hankaz gora

Donald Trumpek zabaldutako ziklo berriak zer-nola eragin dezakeen Guggenheim museoen ‘kosmologian’ galdetu zaio Miren Arzalluzi. 

Esaterako, AEBko bisitariek osatzen dute egun museoko bisitari guztien %6, eta, Trumpek ezarritako muga-zergen ondoren ere, jendea Bilbora joango dela espero du Bilboko museoko zuzendari berriak. Zaila da oraindik Trumpek ezarritako muga-zergek izango duten eragin zehatzari buruz zerbait esatea, Arzalluzen esanetan, baina kulturgintzan dagoeneko hasi omen dira aldaketak igartzen: «Erabakiek eragin handia izango dute kultur erakundeetan; jadanik badute. Ez soilik AEBko kultur proiektuen finantzaketari dagokionez; horrez gainera, zentsura moduko bat sustatzen saiatzen ere ari dira aniztasunaren eta inklusioaren esparruetan. Hori agerikoa da jadanik», aipatu du.

Ameriketako Estatu Batuetako artista apurtzaile bat –performanceak muturreraino eraman zituena– eta euskaldun kosmopolita baten arteko adiskidetasuna du oinarri, hain zuzen ere, datorren irailaren 7ra arte Bilbon ikusgai egongo den ‘Vito Acconci / Sergio Prego: YOU’ erakusketak. 

Proposamen berezi hau Film & Video erakusketa-programaren barnean dago eta belaunaldi eta jatorri desberdinetako bi artista hauek biltzen ditu. Artista horien ibilbide artistikoek New Yorken egin zuten bat 1996tik 2002ra bitartean, eta beren praktikek kidetasun handiak erakusten dituzte.
Erakusketa apurtzailea da, deserosoa, barnera begira jartzen gaituen horietakoa baita. Euskal artistak eskulturaz duen ikuspegi berezian nabarmen antzematen da iparramerikar artistaren ikuskeraren oihartzuna.