
«Ondo dago Europan astean zehar lortu duguna, baina ACB Liga da jaten ematen diguna», dio Jaume Ponsarnauk. Surne Bilbao Basketek Dijon talde frantsesa atzean laga ostean FIBA Europe Cupeko finala jokatzeko aukera irabazi du, baina larunbat gauean Miribillan, 20.45etan hasita, lehia oso ezberdinean murgilduko dira bizkaitarrak, ACB Ligan mantentzeko oraindik lan handia dutelako aurretik.
Egia da, bestalde, bizkaitarren aurkaria ere agian ez dela erabat kontzentratuta egongo; izan ere, Bilbao Basketek FIBA Europe Cupeko finala erdietsi badu asteon, Jaka Lakovic esloveniarrak –Bilbao Basketeko entrenatzaile izana bera ere– zuzentzen duen taldeak Eurocupeko finala jokatzeko txartela lortu baitu, Turkiako Bahçehesir taldeari Istanbulen irabazi eta gero.
Ez da, beraz, jokalarien artean euforiarik eta poztasunik faltako, baina estasiaren ostean «jaten ematen duen» eguneroko errealitate horretara itzuli behar da, nahitaez. Maila mantentzeko lana dute aurretik bizkaitarrek eta kanariarrek, berriz, ACB Ligako zortzi onenetan finkatzeko badute nahikoa zeregin. Uneotan zazpigarren postuan daude 14 garaipenekin, bederatzigarren doan Saski Baskoniak baino bi garaipen gehiagorekin –eta puntu aldea ere Lakovicen mutilentzat da–, baina oraindik ez dute play-offetarako sailkapenik ziurtatu. Ondorioz, beltzezko gizonek beste erronka eder bati egin beharko diote aurre.
«Asteazkeneko amorruzko begirada hori mantenduko al dute gure jokalariek!», eskatu du Tarregako entrenatzaileak partida bezperako prentsaurrekoan. «Asteazkenekoa garaipen berezi bat izan zen, baina aurrerantzean partida berezi gehiago izango ditugu eta partida berezi horietan garaipen bereziak erdiesteko, amorrazio hori eta ausardia hori ezinbestekoak izango dira. baita gure zaleen artean ere, beraien bultzadak oso indartsu egin gintuelako Dijonen aurka», zehaztu du teknikari katalanak.
Sailkapenari so eginez gero, hamahirugarren postuan daude bilbotarrak 9-16 balantzea aldean. Jaitsiera postuetan dauden Granadak eta A Coruñak baino hiru eta lau garaipen gehiagorekin, hurrenez hurren. Nolanahi, bilbotarrak Girona, Andorra eta Lleidarekin berdinduta daude 9na garaipenekin eta badaezpada, horietakoren bat atzetik lagatzea ez litzaioke txarto etorriko Jaume Ponsarnauren taldeari.
Zentzu horretan, Dijonen aurkako balentriak zeresan handia du ACB Liga amaitzeko falta diren bederatzi jardunaldietan; hau da, frantsesen aurka ezinbestekoa izan zen Amar Sylla eta Bassala Bagayoko pibot gazteen lana, Hlinason eta Marvin Jonesen hutsuneak bikain bete zituztelako. Horrez gain, aspaldion oso minutu gutxi ari dira jokatzen Xavi Rabaseda eta Kristian Kullamae hegalekoak ere. Zer esan nahi du horrek, denboraldi hasieran bilbotarrek mailari eusteko borrokan berebiziko garrantzia izango zela uste zen lau jokalari gabe ere aurrera egiteko modurik badutela erakutsi dezakete bilbotarrek.
Gogoan izan behar da Pantzar, Zoran Dragic, Abdur-Rahkman, De Ridder eta Bagayoko bostekoak amaitu zuela Dijonen aurkako partida, aurreko minutuetan Frey, Dominguez eta Cazalonek laguntza eskaini eta gero. Ezin eskatuko zaie jokalari horiei 41-16ko partzial bat egunero lortzea, baina bai ematen du aditzera hasiera baten uste litekeena baino errekurtso eta baliabide gehiago dituela talde bilbotarrak. Noski, hor ere Jaume Ponsarnauk asteazkenean adierazi zuena hartu behar da aintzat: defentsa zorrotza, erreboteetan sendotasuna, abiadura aurkariaren saskira bidean eta hirukoetan asmatzea. Nahi izanda ere, zaila da beti asmatzea, are gehiago Kanaria Handiak adinako eskarmentua duen talde baten aurka.
Hobetzeko ikasi
«Estatistikei so eginez gero, sailkapenean gorago egon beharko genuke, baina momentu zehatz batzuetan, zenbait jokalariren eskarmentu faltaren ondorioz neurri baten, kale egin dugu eta gauden tokian gaude. Kanaria Handia, bestalde, talde oso zimela da, eta azken segundora arte partidan sartuta eusten dio beti. Hori guztia aintzat hartu behar dugu bidean ikasten joateko eta gure zaleak lagun, asteazkenean erakutsi genuen izaera horri lotuta, sailkapenean ere gorantz egiteko baliatu behar dugu», adierazi du.
Zentzu horretan, Bagayoko eta Syllaren lana goraipatu du. «Uneoro gurekin entrenatzen izan dira –Bagayoko Zornotzan jokatzen egon bada ere–, maila fisikoa izateko eta sistemetara egokituta egoteko. Asteazkenean lan bikaina egin zuten, baina beren gaitasun potentziala askoz handiagoa da oraindik. Bidean daude», zehaztu du Tarregako entrenatzaileak.
Horregatik, Salonikako PAOKen aurkako dema bikoitzari begira –hilaren 16an Miribillan 20.00etan hasiko da finaleko joanekoa, eta klubeko abonatuak hilaren 11tik aurrera sarrerak apartatzeko moduan izango dira. Abonatu ez direnek hilaren 8tik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak–, Marvin Jones bueltan izateko itxaropena azaldu du Ponsarnauk.
Bai Jonesek eta bai Hlinasonek ere Real Madrilen aurka min hartu zuten eta giharretako lesioekin dabiltza. Islandiako erraldoia batik bat, ez omen dago FIBA Europe Cupeko finala jokatzeko moduan. «Marvinekin itxaropentsu gaude, baina Triggviren kasua astiroago doa. Aukera oso urriak izango ditu», onartu du.

Gureak, medio siglo ante una pregunta sencilla que requiere respuestas complejas

Un árbol único, que solo existe en siete pueblos navarros, está en plena floración

Pierde un testículo por un impacto de foam en el desalojo del gaztetxe de Errekalde

Los trabajadores de Guardian aceptan las indemnizaciones y la empresa cerrará este abril
