NAIZ
Donostia

Eskola kirol eredua aztertzeko ponentzia osatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ponentzia osatu dute herrialdeko eskola kirolaren eredua aztertzeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondotik. Lan metodologia eta egiasmoa finkatu dituzte.

Eskola kirol eredua aztertuko duen ponentzia osatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Eskola kirol eredua aztertuko duen ponentzia osatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. (GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIAK)

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Kirol Hastapenerako Eredua aztertzeko eta baloratzeko ponentzia osatu dute ostiral honetan, eta lan metodologia eta egitasmoa finkatu dituzte.

Ponentziaren eraketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak urtarrilean Gipuzkoako eskola kirola ereduaren aurka kaleratu zuen epaiaren ondotik dator. Sententzia hartan, Auzitegiak eskola kirolaren programa arautzen duten foru legeen zenbait artikulu baliogabetu zituen, horien artean kirol klubetan izena eman nahi duten 13 urtez azpiko umeek beren ikastetxeetan Eskola Kirola programan ere parte hartu behar dutela dioena.

Foru Aldundiak epai horren aurka helegitea jarriko zuela iragarri zuen, eta Batzar Nagusiak ere eskola kirolaren programaren alde agertu ziren, PP izan ezik.

Orain osatu den ponentziak sei hilabeteko iraupena izango du eta lana burutzean ondorioen txostena egingo du, kideen gehiengoaren iritzia jasoz. Erabakiak boto haztatuz hartuko dira. Azken txosten hori ponentziaren jatorrizko batzordera helaraziko da, eztabaidatu eta, hala badagokio, onar dezan. 

Burua PPko Mikel Lezama batzarkidea izango da, ponentzia atxikita dagoen Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol batzordearen burua baita bera. Batzarkide talde bakoitzak bina ordezkari izango ditu.

Foru Aldundiak ere bina ordezkari izango ditu bertan, Marta Pastor, Kirol zuzendari nagusia, eta Jose Ignacio Iturrioz, Jarduera Fisiko eta Kiroletako zerbitzuburua. Hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa ematerik ez.

Batzarkide talde bakoitzak gehienera bosna agerraldi eskatu ahal izango ditu eta apirilaren 28 arte izango dute aditu edo elkarteen izenak aurkezteko epea.

NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, Goizane Alvarez Aldundiko Kirol, Gazteria eta Kultura diputatuak nabarmendu zuenez, Eskola Kirola du «sistema solidario bakarra da, anitza, eta lehenengo urteetan psikomotrizitatea lantzen duen bakarra».

Horregatik, esperantza agertu zuen «auzitegiak hartu duen erabakia atzera botako» dutela.