Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Indarra nonbaitetik atera du Ezkurdiak baina Larrazabal gailendu zaio azken tantuan (21-22)

Oso aste gogorra pasa du Joseba Ezkurdiak, igandean Binakako txapela eskuratu eta ordu gutxira bere aitak azken hatsa eman zuelako. Emozio berezia eman dio horrek Banakako hasierako kanporaketari. Garaipena biek merezi izan dute; eraman, Larrazabalek eraman du.

Joseba Ezkurdia, aurreko partida batean.
Joseba Ezkurdia, aurreko partida batean. (Iñigo Uriz | Foku)

Iker Larrazabalek aurrera egin du Banakako txapelketaren lehen kanporaketan, emozio handiko partidan, bai kirol arloan bai eta sentimendu aldetik ere. Egoera latzean zetorren Joseba Ezkurdia, duela lau egun eskas aita hil zitzaiolako. Entrenatzeko aukerarik ez duela izan bistan da; Binakakoan Rezustarekin lortutako txapela ospatzeko ere ez. Hala ere, saminari aurre egin dio eta zenbait pasartetan gainditu ere. 21-21ekoarekin sakea alde izan du baina ederki jokatu du tantu hori Larrazabalek, sailkatzea lortuz.

Partida hasiera ezberdina izan da, hala ere. Sakea baliatuz 5-0 aurreratu da arbizuarra markagailuan, eta gero eutsi egin dio norgehiagokari, oso serio, bai joku aldetik bai aldarteari zegokionean ere. 10-4kotik aurrera, ordea, Iker Larrazabalek partida orekatzea eta gero iraultzea lortu du.

Iaz B txapelketa irabazi ostean heldu da amurrioarra lehiaketa nagusira eta ez dabilela alferrik erakutsi du tarte horretan, partida goitik behera menderatuz: 10-10koaz berdindu du hasieran eta sei tantuko aldea bildu du gero, nahiko erraz.

Konfidantzaz betetzen zihoan Larrazabal eta moteltzen, neurri berean, Ezkurdia. Energia handiagoa erakutsi du arabarrak, astean hobeto entrenatu duelako akaso, edo baten eta bestearen adina ere oso bestelakoa delako (22 urte urdinak, 33 gorriak), edo bi gauzak batera.

Hamabi tantu laster batean Larrazabalek poltsikoratu ostean, ondo borrokatutako puntu baten bitartez inflexio-puntua aurkitu du sakandarrak: 11-16 oraindik baina sakea bere alde berriz. Hurrengo gakoa 13-16koarekin gertatu da: sotamano bikaina jo du Ezkurdiak baina ondo erantzun dio Larrazabalek eta txapa azpira joan zaio hurrengoa Ezkurdiari.

Kolpe horren ostean jota agertu da jada Binakakoaren txapelduna, ezinean, eta bazirudien 22. zenbakiraino ezbehar handirik gabe helduko zela lehiakide gazteena. Baina nonbaitetik indarra atera du oraindik ere Joseba Ezkurdiak, sei tantu gehiago eskuratu eta bukaera ezin estuagoa jartzeko. Luze eta malkartsu egin zaio Larrazabali 21etik 22ra pasatzea, minutuak pasa eta pilotakadak pilatzearekin batera gogortzen joan den partida honetan.

«Igandetik gorputzari buelta eman ezinik nengoen»

Norgehiagoka hasi aurretik txalo zaparradaz agurtu dituzte bi pilotariak Azkoitiko frontoian bildutakoek, baina bereziki Ezkurdiari trantze latz honetan. Jokatu nahi izate hutsarekin pilotaren kirolari ohorea egin dio.

Triste ageri da EITBren mikrofonoen aurrean arbizuarra, nola ez. «Deseroso» ikusi du bere burua kantxan, «igandetik gorputzari buelta eman ezinik nengoelako». Aurreko egunean bakarrik ariketa batzuk eginak zituela aipatu du, ezer seriorik ez baina izerdi pixkat botatzeko asmoz.

Final laurdeneko ligaxkan sartu da Iker Larrazabal honekin eta aurrepauso nabarmena izan daiteke hori hasten ari den ibileran. Gaur zortzi Jokin Altuna izango du aurrean Eibarren, hori hasteko modua! Beranduago Zabala, eta Peña edo Dario.

Asteburu honetan zehar ezagutuko ditugu zeintzuk dituzten lehiakide guztiak, jada fase horretan diren beste lauekin batera: Artola, Zabala, Laso eta Altuna.

Etxean istripu bitxia izan ostean, Peio Etxeberriaren partehartzea kolokan zen baina azkenean bai, kantxan egongo da, Jakaren aurka igandean Beotibarren. Azkoitian bertan izan da Peio ostiral gau honetan, ikusle gisa.