NAIZ

«Inoizko produktu gehien» banatu du Errigorak aurtengo ‘Eskutik Eskura’ kanpainan

Errigoraren ‘Eskutik Eskura’ udaberriko kanpaina amaitu berritan, balorazioa egin du herri ekimenak. «Inoizko harrerarik onena» izan duela beraien eskaintzak azaldu du, eta iazko datuekin alderatuz 974 eskaera gehiago egin direla.

Pasa den larunbatean Mendigorrian izan ziren Errigorako sarekideak.
Pasa den larunbatean Mendigorrian izan ziren Errigorako sarekideak. (Errigora)

Errigoraren ‘Eskutik Eskura’ kanpaina martxoaren 26an amaitu zen, eta ostiral honetan eman dute emaitzen berri. «Inoizko harrerarik onena» izan duela azaldu eta azpimarratu dute zazpi lurraldeetan egin duela gora eskariak. Osotara 145.500 litro olio eta 30.700 lote baino gehiago eskatu dira ia 10.700 eskaeretan.

Kanpaina honetako datuak iazkoarekin alderatu diru Errigorak: «Iazko kanpainarekin alderatuz orotara 974 eskaerako igoera eman da, eta produktuei dagokionez, 17.530 litro oliba-olio birgina estra eta 4.655 lote gehiago banatuko ditugu aurtengoan».

Pasa den larunbatean Mendigorrian Hazialdeko elkarteko ekoizleak ezagutu zituzten Errigorako sarekideek, «ekoizle eta kontsumitzaileen arteko zubiak sortzen jarraitzeaz gain, azken asteetako auzolana eta horrek emandako emaitzak ospatzeko tartea hartu genuen», azaldu dute.

Esan dute 2025eko kanpainak «jauzi berri bat» suposatu duela: «Errigoraren komunitatea urtetik urtera gehiago zabaltzen ari denaren erakusgarri dira kanpaina honen emaitzak» eta «kontsumitzaile arduratsuen sarea» handiagotu egin dela azpimarratu dute.

Aurrera begira, lanean

«Kanpaina honek eman dituen emaitzei esker aurrera begira ere bitartekari espekulatzailerik gabeko eredua indartzen jarraituko dugu Errigoran, eta kontsumitzaile zein ekoizleen beharrak erdigunean paratuko dituen eredu bat eratu», adierazi dute, eta Nafarroa erdi eta hegoaldeko ekoizpena «indartzen eta babesten» jarraituko dutela gaineratu.

Hala ere, kanpaina bukatzearekin ez dela lana bukatu esan dute. Eta gogoratu dute «etengabeko lanketan» ari dirla, «anbizioz eta ilusioz» aipaturiko hiru helburuetara gerturatzeko lanean: elikadura burujabetza, euskara eta auzolana.