Konplexurik gabe, eredugarri
Alba Menendez eta Esther Arrojeriak eskubaloi profesionala utziko dute sasoi bukaeran, kirol ibilbide oparoa Bera Beran osatu ostean. Beste titulu bat borrokatzeko gosez daude baina bi alma mater hauen ekarpena garaipen zerrenda dotoreaz harago doa, arrakasta beste modu batera neurtu daitekeelako.

Arrakasta zenbakietan neurtzen da: garaipen kopuruan, garaikurretan, gol kantitatean... Alba Menendez eta Esther Arrojeriak horretan ere ez lukete konplexurik eduki behar, Bera Berarekin 25 eta 23 titulu altxatu baitituzte, hurrenez hurren. Azken hamarkada eta erdian bederatzi liga irabazi ditu Bidebietako taldeak eta Europa mailan ere, beraien kemen propioaz, ekinaren ekinez, historia egin dute. Baina Menendez eta Arrojeriaren ekarpena tituluez gaindi doa. Konplexurik gabe, eredugarri izan dira, porrot zein garaipenetan, aldarrikapenetan, aldagela egiten, zale eta prentsarenganako arretan...
«Bera Bera zer den» ongi baino hobeto transmititu dute taldera batutako jokalari berriei –oso barneratuta zeukaten zeregina zen–, bai eta zaleei ere, nortasuna inoiz galdu ez zedin. Euskararen normalkuntzan ere aritu dira, eta kirol profesionalean joera zein den ezagututa, ez da makala.
Donostiako kluba babeslekua izan da beraientzat, etxea, eta beraiei esker, beste batzuentzat ere babesleku bilakatu dute kluba; gune seguru. Beraien kemenak pasioak piztu ditu. «Ez nuen nahi inoiz momentu hau iritsi zedin, ez eta hain goizegi iritsi zedin ere», esan zuen atzoko prentsa agerraldian Tati Garmendiak, klubeko eskubaloi arloko arduradunak. Hain zuzen ere, urte hauen poderioz taldea aldatu bai baina nortasunari eutsi dio klubak, hein handi batean Menendez eta Arrojeriari esker.

Zailtasunak zailtasun, zutik errekuperatu dira, eskubaloiaren bulkada barne-barnean sentitzen zutelako. Kantxan disfrutatzea zuten oinarri eta irabaztea anbizio. Usurbildarrak lesio larri bat izan zuen 2017an eta eredugarri izan da errekuperazioan, urtetik urtera bere bertsioa hobetuz; oraindik ere edukiko luke erakusteke duen bertsio onena. Zarauztarra, lesio larririk gabe, jarraikortasunaren eredu izan da, bai eta taldean rol ezberdinen onespenean ere. Une zailenetan ez die konplexuek jan, baizik eta eskubaloiarekiko irrikak. «Tituluak irabazten jarraitzen dugun bitartean, disfrutatzen nagoen bitartean, zergatik ez naiz geratuko beste denboraldi batez?», esan zuen Menendezek, iaz, hedabide honi eskainitako elkarrizketan.
Bada, iritsi da une hori. Umezurtz geratuko da Bera Bera, iparrorratza apur bat lausotuta –seguru Maitane Etxeberria lekuko ona izango dela–. Zaila izango da 8 eta 3 zenbakien atzean Menendez eta Arrojeria ez ikustea, une zailenetan taldea bizkarrean hartu eta hauspotzen zutela, garaipenerako gosez baina porrotean ere duintasunez. Kantxan bi giltzarri galdu baina harmailetan beste bi irabaziko ditu Bera Berak. Bi kapitain, bi alma mater.

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

«Robo y triple» de Pablo Iglesias a Vito Quiles
