NAIZ

Langile publikoen erretiro aurreratua bermatzea exijitu du ELAk Lakuaren egoitzan

ELA sindikatuak elkarretaratzea egin du Bilbon Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean euskal langile publikoen erretiro aurreraturako eskubidea berma dadila eskatzeko. «Euskal erakundeek ezin dute Estatuko Gobernua aitzakia gisa erabili hitzarmenak ez betetzeko», salatu dute.

Lakuaren Bilboko egoitzan ELAk egindako elkarretaratzea.
Lakuaren Bilboko egoitzan ELAk egindako elkarretaratzea. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Sektore publikoko lan kontratuko langileei erretiro aurreratua hartzeko eskubidea kendu zaiela salatzeko elkarretaratzea egin du ELAk ostiral honetan Bilbon dagoen Lakuako Gobernuaren egoitzaren atarian. Gai hori EAEren esparruan erabakitzeko eskatu die alderdi eta erakundeei, eta Gobernu espainolak eta «gure lurraldean gutxiengoa diren sindikatuek» ezarritako erabakiak ez onartzeko.

Zehazki, ELAk honakoa eskatzen du: Euskal erakundeei, lan kontratuko langileek hitzarmenetan aurrikusitako erretiro aurreraturako duten eskubidea bermatzeko, «borondate kontua» delako; Rajoyren Gobernuaren murrizketen aurreko errelebo kontratuaren formula berreskuratzea, euskal erakundeak Madrildik datozen murrizketak aplikatzen ari baitira eta funtzionarioek eta estatutupeko langileek erretiro partzial aurreratua hartu ahal izateko formulak ezartzea.

Sindikatuak salatu duenez, Madrilen adostutako erabakiak onartzeak «ondorio larriak» ditu euskal langileen lan baldintzetan. Horrela, Lakuari gogorarazi dio erakundeek formulak abian jar ditzaketela beren langileen erretiro aurreratua ahalbidetzeko. Adibide gisa, Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileentzat sinatu berri diren akordioak aipatu ditu ELAk.

ELAk azpimarratu duenez, UGTk eta CCOOk estatutupeko langileen eta funtzionarioen erretiro aurreraturako sinatutako akordioek, gaur egun, ez dute ondorio praktikorik. Horregatik, Lakuari, Eudeli eta euskal erakundeetako alderdi politikoei, langile publikoen erretiro aurreratua hemen eta «orain erabakitzeko premiazko pausoak» eman ditzaten eskatzen die, «eskubideen murrizketa hau bertan behera utzi» eta lan kontratuko langileek, estatutupeko langileek eta funtzionarioek erretiro partzial aurreratua hartu ahal izan dezatela.