
Oteiza Fundazioak eta EITBk lankidetza-hitzarmena sinatu dute Oskar Alegriaren ‘Oteiza 14 apostolu’ ekoizteko. Oteizari buruzko ikus-entzunezko pieza honetan kultur giroko hainbat arlotatik datozen hamalau lagunek parte hartuko dute. Bertan, Orioko sortzailearen obrari eta pentsamendu estetikoari lotutako diziplina artistikoen eta interes kulturalen aniztasuna irudikatzen dute. Bi erakundeak pozik agertu dira etorkizunerako ekimenei atea irekitzen dien lehen lankidetza honekin.
Errealizazio-fasean dagoen lan honek 30 minutu inguruko iraupena izango du, nahiz eta kapitulu bakoitza pieza bat bezala pentsatuta dagoen. Friso moduan, parte-hartzaile bakoitzak Alegriak proposatutako Oteizaren iruditeriari lotutako kontzeptu bat interpretatzen edo aipatzen du, multzo erritmiko eta artikulatu bat osatuko duen partitura ireki batean.
Lehen fase honetan, grabazio batzuk egin dira: Esther Ferrer artistarena (isiltasuna eta hutsunea); Ignacio Agüero idazle eta zinema zuzendari txiletarrarena (Oteiza eta Huidobro); Alicia Otaegi artistarena (Oteiza eta maskara); Josu Iztueta abenturazalearena (apostoluak eta Arantzazuko mendiak); Amorante musikariarena (apostoluen doinua) eta Alegria berarena (Oteiza eta ipar-mendebaldea).
Proiektu hau Danok Oteiza programaren barruan kokatzen da. Oteiza Fundazioak sustatu du, Jorge Oteizaren pentsamendua eta figura gizartean hurbiltzeko eta zabaltzeko komunitate ireki eta parte-hartzaileak, alegia. EITBk, sinatutako hitzarmena dela medio, bat egin du ekimenarekin eta ‘Oteiza, 14 apostolu’ eskaini eta zabalduko du, ETBn, eitb.eus-en eta baita PRIMERAN plataforman ere.
Alegriak hainbat film zuzendu ditu, nazioarteko lehiaketatan aitortza ugari jaso dituzten lanak: hala nola ‘Emak bakia’ (2012), ‘Zumiriki’ (2019) eta ‘Zinzindurrunkarratz’ (2023). Horrez gainera, ‘Oteiza al margen. Notas manuscritas sobre cine y arte’ (2017) monografia argitaratu zuen, Jorge Oteiza Museo Fundazioaren eta Punto de Vista Zinemaldiaren eskutik.
Halaber, laster, frisoan parte hartuko dute Bertha Bermudez dantza garaikideko ikertzaileak eta Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko lehendakariak. Jorge Oteizak keinuarekin eta euskararekin duen harremanari buruzko ‘apostolutza’ egingo dute, hurrenez hurren.
Aurtengo ekainaren amaierara arte, hau da, pieza hau amaitzen den denboran, gainerako grabazioak egingo dituzte Euskal Herriko, Japoniako, Parisko, Txileko eta New Yorkeko hainbat agertokitan.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko
