
Tentsio asko eta txispa gutxi. Buruz Buruko aurre kanporaketetako partidek horixe izaten dute, kale edo balekoa izaki, urduritasuna gailentzen dela. Testuinguru horretan, Dariok aise menderatu du Jon Ander Peña, eskuinkada indartsuekin jokoz kanpo utzita. Urrats handia egin du errioxarrak eta final-laurdenetan Altuna, Zabala eta Larrazabalekin osatuko du A multzoa. Tolosarrak, bestalde, beste urte batez, kale egin du multzoen fasera sailkatzeko lehian. Baikoko aurrelaria penatuta agertu bada ere, filosofiaz hartu zuen kaleratzea, «deskantsu apur bat ongi etorriko» zaiola adierazita.
«Presa gehiagorekin» aritu da gipuzkoarra eta horrek kalte egin zion. Bi pilotariek irakurketa antzerakoa egin dute partida bukaerako adierazpenetan, hain zuzen demak askorako ez baitzuen eman. Peña II.ak 1-2ko lehendabiziko abantaila eskuratu du hasieran, Dariok gora botatako pilotakada bat eta sakean egindako tanto bat tarteko. Ordutik aurrera, Ezkaraikoak neurria hartu dio pilotalekuari eta apenas utzi dio aukerarik Baikokoari (6-2).
Tanto batzuk elkatrukatu dituzte segidan. Tolosarraren gorabeheran islada izan da 6-3koan motzegi ateratako sakea eta 6-4koa egiteko bota duen hormabiko bikaina. Gutxirako balio izan dio susperraldiak, errioxarrak segituan sakea berreskuratu eta 11raino ihes egin baitu. Peñari falta izan zitzaion jarraikortasuna izan du Dariok.
Dario, pozik
Gipuzkoarrak izan du nolabaiteko oldarraldia lehen atsedenaldi luzearen aurretik (11-8) baina aldageletatik bueltan, zortzi tanto egin ditu jarraian Dariok, eskuinarekin sasoiko dagoela erakutsita (20-8). Azken takada bat egin du Peñak baina beste behin, Dario Gomezen eskuinkada nagusitu da Labriteko kantxan (22-11).
«Biok geunden tentsio askorekin eta Jon Ander presa gehiegirekin ibili da, horrek kalte egin dio», esan du errioxarrak, pilotalekuan, tantoen poderioz, eroso sentitu dela azalduta. «Pozik» agertu da, final-laurdenetako ligaxkarako urratsa egin baitu. «Orain hiru partida polit datoz aurretik, jokatzea gustatzen zaizkigun horietakoak, pilotalekuak betetzen dituztenak», adierazi du Ezkaraiko aurrelariak.
Onartu du partida konplikatuena izan ohi dela Buruz Buruko final-zortzirenetakoa, «beste hiru partida handi bermatu ditzakezulako edo bat bera ere ez». Zentzu honetan, kalitate handiko arerioen aurka neurtuko ditu indarrak aurrerantzean. Altuna, Zabala eta Larrazabalekin osatuko du multzoa eta lehendabiziko partida bere herrikidearen aurka jokatuko du Gasteizen, Ogeta pilotalekuan, hurrengo ostiralean: «Errioxarren arteko dema izango da eta espero du partida polit bat osatzea bion artean».

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Agur desde este viernes a las curvas del pantano de Esa para ir al Pirineo aragonés

«Robo y triple» de Pablo Iglesias a Vito Quiles
