NAIZ
Donostia

Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurkako manifestazioa egin dute Donostian

Estatu mailan 40 hiritan deitutako mobilizazioaren baitan, Donostian ehundaka pertsona hartu dituen manifestazioa egin dute, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta. Arazoa eskaintza falta ez dela argi dute, eta espekulazioa erruduna dela diote.

Etxebizitzaren negozioarekin amaitzea eskatu duen manifestazioa, Donostian.
Etxebizitzaren negozioarekin amaitzea eskatu duen manifestazioa, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Ehundaka pertsona bildu dira Donostian etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzeko. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta eta Estatu mailan prestatutako protestaren baitan, 12.00etan abiatu da martxa Donostiako Bulebarrekin, eta eragile ugarik egin dute bat.

Aldarrikapen nagusietako bat izan da alokairuen prezioen jeitsiera eta espekulazioa ekiditzea. Mobilizazio hau historikoa izatea espero da, lehen aldia baita Estatu osoko maizter taldeak batera kalera ateratzen direla. ‘Etxebizitzaren negozioari ez’ lelopean, 40 hiritan antolatu dira mobilizazioak egunean zehar.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak kezkaz ikusten du «nola azken hilabeteetan argi geratu den politikariek etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu den kezka soziala eta kale mobilizazioak higiezinen negozioa indartzeko eta diru publikoz finantzatzeko erabili» dutela.

Hori dela eta, «administrazio ezberdinetatik hartu eta promozionatu diren neurrien izaera faltsua seinalatzea eta neurriok betetzen duten benetako funtzioa azaleratzea» garrantzitsua dela uste dute.

Manifestazio hasieran sindikatuak ohar bat irakurri du, etxebizitza «langile klasearen pobretzearen» funtsezko faktore bihurtu dela salatzeko. Adierazi dutenez, etxebizitzaren arazoak bereziki sektore batzuei eragiten die, alegia, «gazte langileetan, emantzipatu ezin direnak eta pertsona arrazializatu eta migratuetan, miseria eta higiezinen arrazakeriari aurre egiten diotenak».

Era berean, kritikatu egin dituzte erakundeek arazoari emandako erantzunak, eta esan dute «arazoaren arduradun diren enpresariei botere gehiago ematea» ez dela konponbidea. Salatu dutenez, egungo neurri politikoek «higiezinen negozioa indartzen dute».

Horren aurrean, sindikatuak benetako irtenbide bakarra «doako etxebizitza unibertsala eta kalitatezkoa» dela defendatu du, merkantzia izaera ezabatuz.

Babes zabala

Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin bat datoz arrazakeriaren aurkako 20 eragile baino gehiagok, esku-hartze sozialean lan egiten duten 200 gizarte langile baino gehiagok, etxegabetzeen aurkako suhiltzaileek plataformek eta gazte esparruko hainbat eragilek.

Podemos/Ahal Dugu izan da manifestazioan parte hartu duen eragileetako bat. «Denontzako etxebizitza eskubidea bermatu behar da, eta gutxi batzuen negozioarekin amaitu. Nola? Legez, alokairuen prezioa %40a jeitsiz, eta bizitzeko ez diren etxebizitzen erosketa debekatuz. Etxebizitzaren negozioarekin amaitzea eskatu dugu gaur Donostian», adierazi du alderdiak sare sozialetan.