NAIZ

Euskal Herriko Itzulia ikurrinez betetzeko deia egin du Gure Eskuk

Gure Eskuk Euskal Herriko Itzulian ikurrinak zabaltzera animatu ditu zaleak. Etapa bakoitzean ikurrin banaketa eta material salmenta izango da.

Gure Eskuk 2023ko Tourrean ere ikurrinak hartzeko deia egin zuen. Irudian, Irungo etapa.
Gure Eskuk 2023ko Tourrean ere ikurrinak hartzeko deia egin zuen. Irudian, Irungo etapa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gure Eskuk Euskal Herriko Itzulia ikurrez betetzera animatu ditu zaleak. Txapelketaren 64. edizioa hurrengo astelehenean, apirilaren 7an, hasiko da Gasteizetik, eta apirilaren 12an amaituko da Eibarren.

«Itzuliak zeharkatuko dituen errepide bazterrak bete ditzagun gure ikurrez. Elkartu gaitezen eta zabal ditzagun ikurrinak etapa amaieretan, gerturatu eta eskuratu zurea! Hartu ikurrinak eta zabal ditzagun harrotasunez», adierazi du mungimenduak sare sozialetan. Jakinarazi dutenez, etapa bakoitzean makildun ikurrin banaketa eta material salmenta puntuak egongo dira.

Kanpaina horretarako, Gure Eskuk Pello Bilbaoren laguntza eduki du, «ikurrinak hartzeko eta harrotasunez zabaltzeko» deia egin duena: «Itzuliaren data gero eta hurbilago daukagu. Hemendik euskal zaleok animatu nahi zaituztet kunetetara hurbiltzera ikurriñak eskuan eta ziklistei zuen indarra ematera. Gora euskal zaleak!».

Ostiral honetan bertan aurkeztu zuten Gernikan Itzuliaren 5.etapa, hain zuzen Pello Bilbaorekin batera. 56 urte eta gero Euskal Herriko Itzuliak berriz ere Gernikan izango du bere helmuga. 2025eko Euskal Herriko Itzulia apirilaren 7tik 12ra arte garatuko da Gasteiz eta Eibar artean, eta sei etapa izango ditu guztira.

Lasterketaren 64. edizioak honako udalerriak zeharkatuko ditu 864,70 kilometroko ibilbidean: Gasteiz, Iruña, Lodosa, Zarautz, Beasain, Markina-Xemein, Urduña, Gernika-Lumo eta Eibar. NAIZ Irratiak zuzeneko emankizuna eskainiko du etapa guztietan.

Aurreikuspenen arabera, apirilaren 6an, honako txirrindulari hauek egongo dira Buesa Arenako irteeran: Sepp Kuss (Jumbo-Visma); Ben Healy (EF Education-Easypost); Maximiliam Schachmann eta Ilan Van Wilder (Soudal Quick-Step); Florian Lipowitz, Daniel Felipe Martinez eta Aleksandr Vlasov (Red Bull-Bora-Hansgrohe); Enric Mas, Pablo Castrillo eta Javier Romo (Movistar Team); Joao Almeida, Igor Arrieta, Isaac del Toro eta Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates); Omar Fraile eta Michal Kwiatkowski (Ineos Grenadiers); Alex Aranburu eta Ion Izagirre (Cofidis); Pello Bilbao eta Santiago Buitrago (Bahrain Victorious); eta Marc Hirschi (Tudor Pro Cycling Team), besteak beste.