NAIZ

Abiaduraz eta argitasunez, Peio Etxeberriak osatuko du Buruz Buruko kuadroa

Zenotzekoak 13-22 irabazi du Erik Jakaren aurkako partida erabakigarria, Buruz Buruko final-laurdenetako ligaxkara sarbidea ematen zuen dema, alegia. Modu honetan, osatu da txapelketa nagusiko kuadroa. Laso, Artola eta Elordi izango ditu arerio B multzoan.

Peio Etxeberria, Tolosako deman.
Peio Etxeberria, Tolosako deman. (Jon URBE | FOKU)

«Eskuinarekin gehien gozatu dudan partida izan da. Jokinekin [Altuna] lanean ibili naiz, eta harro nago». Peio Etxeberriarenak dira hitzok, Buruz Buruko kale edo baleko partida irabazi berritan esandakoak, ETBko kameren aurrean. Zenoztarrak partida betea osatu du igande honetan Beotibarren, Jaka 13-22 mendean hartu eta final laurdenetako ligaxkara sailkatu da. B multzoan jokatuko du, Laso, Artola eta Elordirekin batera, eta bere lehen aurkaria iazko txapeldunordea izango da: «Sari bat bezala hartzen dut. Ederra da txapelketa hau jokatzea, hilabete batean hemen sartuta egotea, hiru onenen aurka jokatzea. Saiatuko naiz ahalik hobekien prestatzen».

Aipatu saria ongi merezia izan du nafarrak, Erik Jaka baino gehiago izan baita, oro har, baina batez ere partidaren lehenbiziko zatian. Sake zitalarekin eta eskuinarekin asko gozatuz, 0-2ko aurreneko abantaila lortu du, ondoren 1-5era handitua.

Tanto gogorxeagoak behartu ditu gipuzkoarrak, baina aukera izan duenean ez zuen asmatu, Etxeberriak defentsa ona ere erakutsi baitu. «Dena sartzen du eskuan», adierazi du Baikokoak, frustrazioz beteta.

Sakez, sake-errestoan, zabalean, txokoan... aurkaria dantzan erabili du, abantaila handitzen zuen bitartean. Pilotakada bakoitza ongi pentsatua zuen nafarrak, zentzu osoz jokatu du eta, horri esker, tartea handitzen joan da.

1-8ko markagailuarekin, Jakaren tanto bakarra, zenoztarrak zabalean kanpora botatakoa izan da. Atera kontuak.

Egin du bigarren akats bat Etxeberriak, 2-8koan, baina abagune txikiena ere ezin probestuta ibili da Lizartzakoa. Lehen zati horretan «lau sake alde izan ditut, eta ez naiz gai izan bi tanto jarraian egiteko», onartu du Jakak, Etxeberria nagusi izan dela kirol legez onartuta: «Partida oso ona egin du. Nik ez dut sekula horrela gozatzen ikusi. Egin duen lana goraipatzekoa iruditzen zait».  

Inteligentziaz

Hamar tantoko aldea ere izan du Etxeberriak, partidaren kolorea erabat urdinduz. 4-14koan, hamaika egindako pilatuta ditu Aspekoak. Hala eta guztiz ere, Jakak izaten ditu nolabaiteko oldarralditxoak. 6-14an, lehen aldiz, bi tanto jarraian kateatu ditu, eta horrek konfiantza hauspotu dio. Bost tantoraino murriztu ditu aldeak –erdira, alegia–, baina bukatu ondoko hausnarketan onartu du «akaso jada beranduegi» iritsi dela erreakzioa.

Partida gehiegi konplikatu aurretik, argi eta bizi jokatuz, Etxeberriak garaipena itxi du. Inteligentziaz jokatu du, aurkariari akatsak eraginda, partida serioa osatuta. Egin duen defentsako lana ere sekulakoa izan da, Jakak berak ere behartu baitu horretara. «Berak asmatu egin du eta nik ez», izan da Lizartzakoak egindako irakurketa.
«Triste eta haserre» bukatu du, eta kolpe honetatik altxatzeko lan egingo duela adierazi. Kirolaria izaki, «gazi eta gozoak» bizitzea egokitzen zaiela jakitun da Jaka. Azkenaldian gazitik gehiago egokitu arren, filosofiaz darama porrota. «Hemendik kanpora hankak lurrean mantentzen dizkiguten gauzak daude eta, beraz, animoak helarazi nahi dizkiot Ezkurdiari», esan du Baikoko aurrelariak.