
Aita Marik 108 lagun erreskatatu ditu larunbat honetan, bere 15. misioan. Larunbat goizean, Alarm Phonek igorritako bi alertak jakinarazi zuten 108 pertsona noraezean zeudela Mediterraneo erdialdean. 84 gizon, 13 emakume eta 13 adingabe ziren, horietako asko egoera bereziki larrian. 11 herrialdetatik zetozen, batzuk Sudan, Togo edo Nigeria bezalako gatazka luzeen eraginpean, eta Europako kostaldera iritsi nahi zuten, Gobernuz Kanpoko Erakundeak azaldu duenez.
Orduak noraezean eman ondoren, erreskatatutako pertsonek deshidratazioa, akidura eta zorabioak zituzten. Batzuek arnas infekzioak zituzten, ziurrenik hotza luze jasateagatik, hezetasunagatik eta oinarrizko osasun arreta faltagatik. GKEak salatu duenez, «baldintza horiek Mediterraneo erdialdeko migrazio-bideari ekin behar diotenen etsipena eta muturreko arriskua islatzen dute».
Alertak eskumena duten agintariek eta inguruan zegoen flota zibilak jaso zituzten. Erantzun ofizialik ez zegoenez, Aita Marik arriskuan zeuden ontzietarantz jo zuen, eta 108 pertsona erreskatatu zituen. Kaltetuenak egonkortu, eta beharrezko lehen laguntzak eman zituen.
Esleitutako portua: Salerno
Erreskatearen ondoren, Italiako agintariek Salernoko portua esleitu zioten Aita Mariri lehorreratzeko puntu gisa. Hala ere, zaurgarritasun-egoera eta erreskatatutako pertsona askoren egoera delikatua kontuan hartuta, eta Salernoko baldintza meteorologikoek bi metrorainoko olatuak iragartzen zituztela ikusita, lehorreratze arinagoa eta seguruagoa ahalbidetuko duen portu bat eskatu zuten, «printzipio humanitarioekin eta nazioarteko zuzenbidearekiko errespetuarekin bat datorrena».
Aita Mariren 15. misio hori azkena izan liteke Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itun berria indarrean sartu aurretik. «Mediterraneoan bizitzak salbatzen dituzten erakunde humanitarioen lana kriminalizatzearekin eta zigortzearekin mehatxatzen duen legeria» da hori, gaitzetsi dutenez.
Arau-esparru berriak atea irekitzen die hirugarren herrialdeetako itzulera-zentroei, Giorgia Meloniren gobernuak bultzatutako ereduak proposatzen duen bezala. «Horrek nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen giza eskubideen urraketa sistematikoa ekar lezake», ohartarazi dute.
Bakearen bila erronkaz betetako itsaso batean
«Gazte eta adingabe horiek ahaztutako gerrek, muturreko indarkeriak eta imajinatu ezin dugun sufrimenduak markatutako bizitzari aurre egin behar izan diote. Dena arriskatzen dute, askok ziurtzat jotzen dugun zerbaiten bila: bakean bizitzeko aukeraren bila», adierazi du Aita Mariren taldeak.
Oraingoz, Aita Mari jarraibideen zain egongo da, esleitutakotik gertuago dagoen lehorreratzeko portu baten bila, erreskatatutako pertsonen egoera kritikoa dela eta.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko
