Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Gaztetasuna eskarmentuari gailenduta, Arraiza eta Gaminde txapeldun

Mirian Arraiza eta Enara Gaminde gailendu dira Oiartzungo Madalensoro pilotalekuak jaso duen Emakume Mastercupeko Binakako finalean, partida oso borrokatuan Arrizabalaga eta Bergara mendean hartuta (18-22). Binakakon lehen txapela jantzi du donostiarrak, bigarrena izan da Laukizkoarentzat.

Arraiza eta Gaminde, irabazlearen txapela eta garaikurrarekin.
Arraiza eta Gaminde, irabazlearen txapela eta garaikurrarekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Olatz [Arrizabalaga] bezalako pilotari bati irabaztea... Emozio asko sentitzen ditut orain bertan», adierazi du finala irabazi berritan Mirian Arraizak. Enara Gaminderekin batera Binakako txapelketa irabazi du, igande honetan, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan Arrizabalaga eta Bergara mendean hartuta. Final zinez borrokatua jokatu dute –ordubete pasatxokoa–, bi zati ezberdin izan dituena, eta azkenerako, gazteenen freskotasuna gailendu zaio eskarmentuari.  

Final parekatua aurreikusten bazen ere, gernikarra eta tuterarraren esperientzia puntu bat izan zitekeela zirudien. Hala islatu du partidaren hasierak berak ere, non gorriak 5-2 aurreratu dira. Olatz Arrizabalagaren sake errestoa zitala izan da eta urdinak oraindik ere urduritasuna gorputzetik kendu ezinda zebiltzala, bere kualitate guztiak atera ditu kantxara.

Partida, baina, gogortzen joan da eta Gaminde, diesel motor bat bailitzan, berotzen hasi da. Sendotasuna irabazten joan ahala, kantxan handi egin da Laukizkoa, iazko arantza sendatzeko irrikaz. 17 urte besterik ez dituen arren, bere hirugarren finala zuen Binakakoan. Lehendabizikoan, Arrizabalaga lagun, txapela irabazi zuen eta iaz, gernikarraren distiraren biktima izan zen.

Lau pilotariek gogoz sufritu dute partidaren une ezberdinetan. Denentzat egon da sufrimendurako tartea. Urdinek, esaterako, 5-5 berdintzea lortu duten arren –Bergarari ezker horman sartuta–, gorriek sakea berreskuratu eta segituan ezarri du bere legea Arrizabalagak. Zabalera botata, sake indartsuarekin, sake errestoan, Arraizari behartuta... Tantu motz eta anitzak egin dituzte gorriek, finala beraien alde jartzeko (10-5).

Bigarren zatia, parekatuta

«Horrelako partidetan, burua izaten da jokoaren atalik garrantzitsuena», esan du Arraizak, txapela irabazita ere zentzua galdu gabe. Arrizabalagak txapara bidali du sake errestoa, urdinentzat seigarren tantoa egiteko eta ordutik, finalak beste tankera bat hartu du. Arraizak, sakean, min eman dio Bergarari, ezker horman sartu eta behartuta, eta tuterarrak bost pilotakada galdu ditu.

Urdinak hauspotu egin dira 11na berdindu dutenean, are gehiago 11-12koa egin ostean, Arraizak ongi moztutako pilotakada baten ondorioz. 0-1ekoaren ostean, partidaren erdian, berriro abantaila lortu dute. Oraindik ere historio asko gordeta zituen finalak, baina bukaerako emaitza ikusi eta hotzean aztertuta, tanto gakoa izan zela esan genezake.

Mirian Arraizak konfiantza irabazi du eta une batzuetan gehiegi arriskatzera eraman bazuen ere –12-12koan, esaterako–, presentzia irabazi du kantxan, Olatz Arrizabalaga bezalako txapeldun baten aurrean indarrak parez pare neurtuz. Gernikarrak ere bere sinadura utzi nahi izan du aurrelarien arteko lehia horretan, lurretik, ahal zuen bezala, berriro ere abantaila berreskuratzeko (13-12).

Azken txanpa

Partida gogortu ahala, atzeko koadroetako lanak ere berebiziko garrantzia hartu du eta hein handi batean, Gamindek freskoago bukatu du partida. Tanto eder batzuk ere utzi zituen –13-13koa esaterako, Arrizabalagak berak ere txalotutakoa– eta, oro har, Laukizkoak sendotasuna erakutsi du atzeko koadroetan.

Urdinek hiru tantoko abantaila lortu dutenean (15-18), txapela gertu ikustearen bertigoak akatsak pilatzera eraman dituzte. Markagailuan beste berdinketa bat ezarri da (18-18) eta une erabakigarrienean, Arraizak, hormabikoz, abantaila lortzeko tantoa egin du. Ondorioz, gorriengan presak azaleratu eta 22ra arte eragozpenik gabe iritsi dira Arraiza eta Gaminde, gaztetasuna eskarmentuari nagusituta. «Asko balio duen txapela da», azpimarratu du Laukizkoak, hiru urte beranduago berriro ere Binakakoa irabazita.