Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Xabier Erize eta Carlos Vilches
Soziolinguista eta soziologoa

«Euskaldunen errekonozimendu bat dago Nafarroa osoan»

Nafarrei euskaraz galdetu eta uste baino aldekotasun handiagoa jaso dute Xabier Erize eta Carlos Vilches ikerlariek. Aldekotasun hori indargune batekin lotuta dago, eta da jendarte osoa aintzat hartu dutela, ez soilik euskaltzaleak edo euskaldunak. Gehienek euskararen presentzia handitzea nahi dute.

Xabier Erize eta Carlos Vilches, Filologian eta Soziologian doktoreak, hurrenez hurren, azken ikerketa aurkezten, Iruñeko Kondestable Jauregian.
Xabier Erize eta Carlos Vilches, Filologian eta Soziologian doktoreak, hurrenez hurren, azken ikerketa aurkezten, Iruñeko Kondestable Jauregian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Xabier Erize soziolinguistak eta Carlos Vilches soziologoak euskararen inguruko ikerketa handi bat egin dute Nafarroan, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskarabidea-Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

Azterketa kualitatibo batekin hasi dira, eta horretarako bederatzi talde osatu dituzte, profil soziodemografiko guztietakoak eta lurralde osoan: Baztan-Bortziriak, etorkinak, Iruñerria (hiru talde), Larraun-Lekunberri, Lizarra, Tafalla eta Tutera. Hor jasotakoarekin galdetegi bat prestatu eta 903 inkesta egin dituzte telefonoz.

Ikerketa berria izan da metodologian eta kontzeptuetan, eta baita emaitzetan eta emaitzen analisian ere.

Iruñeko Kondestable Jauregian aurkezpena bukatu eta segidan elkarrizketatu ditugu bi ikerlariak, beroan, entzuleen txalo eta agurren artean.

Zein izan da ikerketa honen abiapuntua?

Xabier Erize: Euskara bezalako hizkuntzek erronka bat dute: onarpen sozialarekin sustatuak izatea euren gizarteetan eta legitimitate hori behin eta berriro berritzea. Bestela, apaldu egiten dira. Azterketa lotuta dago ikertzaile gisa jarraitu dugun lan ildoarekin ere. Hau izan da ildo horren garapenaren adierazle nagusia.  

Carlos Vilches: Bestetik, argi geneukan diskurtsoak ezagutzeko ikerketa kualitatibo bat egin behar zela. Orain arteko ikerketa gehienak kuantitatiboak izan dira, eta freskura sartu behar zen, gai eta ikuspegi berriak. Jendeak libre hitz egin du euskarari buruz eta Nafarroako identitatearekin erlazionatua agertu da.

Zer topatu duzue erantzunetan? Ezusterik hartu duzue?

Erize: Nik topatu dudana izan da hipotesietan baino aldekotasun handiagoa. Taldeetan agertu dira hitzak, modu librean eta irekian. Gero horiek inkestara eraman ditugu. Ez dugu neurtu aldez aurretik buruan genuena, baizik eta esan digutena. Emaitzak gustagarriak izan dira. Pozik gaude ikertzaile bezala, eta baita euskaltzale bezala ere.

Nafarren %63 euskara sustatzearen alde agertu da.

Vilches: Bai. Aitzineko ikerketek ehuneko baxuagoa ematen zuten. Inportantea da diskurtsoak eta zergatiak ulertzea, eta horretan saiatu gara. Hortik sortu dira galdera eta ikertzeko plano ezberdinak, diskurtso berri horiek ulertzeko eta duten pisua neurtzeko.

Erize: Aldekotasun hori beste indargune batekin lotuta dago, eta da gizarte osoa kontuan hartu dugula, ez bakarrik euskaltzaleak edo euskaldunak. Eta Nafarroan begira zenbat jende dagoen euskaraz ez dakiena. Uste izan da kontrakotasun handia zegoela Nafarroan, baina hori espresuki ez da agertu. Galdetu diegu: ‘Zer gustatuko litzaizuke etorkizunean, euskarak gora egitea, berdin mantentzea edo behera egitea?’. Gehienei gora egitea gustatuko litzaieke.

 

Informazio falta
Etorkinen taldean ikusi genuen ez zutela ezer euskararen kontra, alde zeudela, baina ez zieten informaziorik eman seme-alaben matrikula egiterakoan



Bada bertze zati esanguratsu bat, ez alde ez kontra azaltzen diren herritarrena: %20 dira.

Vilches: Indiferentzia batzuetan ez da ongi neurtzen eta inportantea da informazio mailan sakontzea. Batzuetan ez baita indiferentzia, baizik eta informazio falta. Etorkinen taldean garbi ikusi genuen ez zutela ezer euskararen kontra, alde zeudela, baina ez zieten informaziorik eman seme-alaben matrikula egiterakoan. Ondorio bat izan da zeinen inportantea den informazio argia ematea. Bizi garen gizartean badirelako egia ez diren erreferentziak. Askotan esaten da ez dagoela eskubiderik euskara ikasteko. Baina izan badago, eta informazioa ematen baduzu jarrera positiboago bat sortzen da.

Gomendio praktiko batzuk eman dituzue, eta horietako bat da informatzea.

Vilches: Garbi utzi nahi dugu ez direla gure ideiak, datuek emandako informazioa baizik.

Erize: Asko saiatu gara galdera neutroak egiten, ez alde batera edo bestera lerratuak. Adibidez, ‘euskaldunek oztopoak sortzen dituzte besteengandik bereizteko’, ideia hori agertu zen, eta indarrez, baina bakarrik talde batzuetan. Hori ere inkestara eraman genuen, taldean agertu ziren hitzekin, galdetuz ea esaldiarekin ados zeuden, ez alde ez kontra, edo ez ados. Aukera guztiak ematen ziren.

Vilches: Sentimenduen intentsitatea neurtzen ere saiatu gara eskala kuantitatibo batekin.

 

Carlos Vilches eta Xabier Erize, ikerketa berria eskuetan. (Iñigo URIZ/FOKU)



Interesgarria da jendartearen iruditerian nola ageri diren euskaldunak.

Vilches: Ikuspegia oso positiboa da. Erreferente on bezala dute euskaldunen komunitatea nafarren %52k. Parte kualitatiboan esaten zuten: ‘Euskaldunak beren eskubideak lortzeko mugitzen dira’. Batzuetan inbidia ere sentitzen zutela zioten. Orain arte ez zen halako neurketarik egina. Errekonozimendu bat dago gizartean. Gainera, Nafarroa osoan.

Zer ezberdintasun ikusi dituzue zonaldeen artean?

Erize: Talde euskaldunetan oso barrutik hitz egiten zuten. Eman dezagun, euskara hezkuntzan borondatezkoa izan behar dela esaten zuten, baina barrutik. Tuteran, urrutitik esaten zuten, modu hotzean, baina ideia berdina zen. Talde euskaldunek doinu bat izan zuten, ñabardurak zeuden Baztanen edo Larraunen, eta Iruñean, klase sozioekonomiko altukoek desberdin hitz egiten zuten, jende xeheago batekin konparatuta. Tuteran beste giro bat zegoen, hoztasun bat agertzen zen. Inguru bakoitzak bere ezaugarriak zituen, gehiago doinuan edukietan baino.

Vilches: Batez ere Erribera aldean nabaritzen zen jarrera ez zela hain indartsua. Administrazioan euskara eskatzea ez zuten ongi ikusten; aldiz, puntuazio eta inguru batzuetan baloratzea bai. Diskurtsoek, nahiz eta hari berdina izan, badute beren berezitasuna adina, generoa, zonaldea, euskaldun edo erdaldun izaera edo etorkin izaera kontuan hartuta. Baina elementu sinple batzuk dira, sakonago aztertu behar direnak. Horrek ikerketa gehiago egiteko bidea irekitzen du. Guk dauden adostasunei eta sortzen diren erresonantziei erreparatu diegu, baina sortzen ari diren diskurtso txiki berri horiek beste ikerketa batzuetan sakondu behar dira.

 

Kultura
Gero eta gehiago euskara kultur eta identitate mundura lotzen ari da eta politika aparte geratzen ari da. Ez dira sortu ideologia edo diskurtso politikoak ez alde ez kontra



Euskara sustatzea vs oztopatzea. Borondatezkotasuna vs behartzea. Ardatz horietan laburbildu litezke ondorioak.

Erize: Neurri batean, bai. Sustatzearen eta borondatezkoaren artean kokatzen diren ekintzak eraginkorrak izan daitezke, onargarriak gizarte osoarentzat. Euskararen kontra azaltzen bazara, eta oztopoak jartzen badituzu, disonantziak sortuko dira. Euskara behartzen baduzu ere, taldeetan ikusi da, eta inkestan berdin, jendeak ezetz esaten du. Euskarazko irakaskuntza, bai, nahi dutenentzat. Euskarazko irakaskuntza kentzea, ez.

Vilches: Sintesi modura, grafiko batean ongi ikusten da, aldagai desberdinak erabilita –generoa, adina, zonaldea, klase soziala eta azken hauteskundeetako boto politikoa–, euskararen inguruko jarrerak non kokatzen diren.

Erize: Emaitza argi eta garbi da Nafarroan euskara ez dagoela gaizki ikusita, ongi ikusita dagoela. Lehen zergatik genituen gaizki ikusita zegoen ideia edo estereotipo horiek? Mundu politikoak batzuetan zalaparta handia sortzen du, beste ikerketa batzuek bestelako emaitzak ematen dituzte. Baina guk hau guztiz modu irekian egin dugu. Gai bakarra izan da: ‘Zer da zure ustez nafarra izatea? Zer da Nafarroako identitatea?’. Hortik aurrera dena beraiek esaten zuten. Guk jaso egiten genuen, hustu, aztertu. Gero galdetegira eta inkestara eraman, eta azkenik txosten honetara.

Vilches: Hasierako taldeekin egiten genuen beste hausnarketa bat da inguru soziopolitikoa aldatu denez, Nafarroan posible dela euskarari buruz hitz egitea gatazkarik gabe. Denetarik entzun dugu, euskararen kontrakoak ere bai, baina hitz egiteko aukera izan da, eta gatazkarik gabe. Hori oso positiboa da. Gero eta gehiago euskara kultur eta identitate mundura lotzen ari da eta politika aparte geratzen ari da. Ez dira sortu ideologia edo diskurtso politikoak ez alde ez kontra, eta hori interesgarria da.

Horrekin lotuta, gomendioen artean aipatzen duzue kultur nozioak hezkuntzan sartzea ona izan daitekeela.

Vilches: Bai. Diskurtsoetan nabaritzen da posible dela euskara Nafarroako kultur balore bat bezala kokatzea.

Erize: Horren forma agertzen zen modulu bat bezala. Nafarroako ezaugarriak ikastean hizkuntzak aipa daitezke: tradizionalki bi hizkuntza egon dira, horietako bat euskara da eta honako berezitasunak ditu. Hala, euskaraz edo gaztelaniaz eskolatu, euskararen berri izango lukete ikasleek. Irtenbide bat da taldeetan agertu dena eta gero inkestan oso babestua izan dena.

Bertze ondorio bat da sektore guztiak aintzat hartu behar direla.

Erize: Hori oso inportantea da. Planteamenduak bakarrik euskaldunen artean egiten badituzu, lerratuta egongo dira.
Vilches: Garrantzitsua da sektore guztien jarrerak eta iritziak jasotzea eta ulertzea. Horrek hizkuntza politikak egiteko aukerak ematen ditu.

Ikerketa aurkeztuta, zein da hurrengo pausoa?

Vilches: Unea da datu fresko hauekin euskaldunak eta erdaldunak bildu eta eztabaidatzeko. Badaude metodologia parte hartzaileak, politikak martxan jarri aitzinetik jendeak hitz egiteko eta lege edo ekintza berriak adosteko. Hori oso inportantea da eta ikerketaren prozesua ixten du.