
Pilotako egutegia bete-betea dagoenaren erakusle da Binakako txapelketa amaitu eta segidan, deskantsatzeko abagunerik gabe, iristen dela Buruz Burukoa. Zentzu horretan, behin baino gehiagotan esan izan dute pilotariek beraiek atsedenaldirako tarte gutxi izaten dituztela baina aste honetan gertatutakoa neke fisikotik harago doa.
Joseba Ezkurdiaren aita zendu zen astelehenean, Binakako txapelketa irabazi biharamunean, eta ostiralean bertan, bost egun igarota, Buruz Buruko kanporaketa jokatu behar izan zuen, Larrazabalen aurka. Batek baino gehiagok itaun egin du ea ez ote zegoen aukerarik atzeratzeko, bada Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak onartu du ezetz, «Ezkurdiari berari esan genion ez zegoela atzeratzeko aukerarik».
ETBko kameren aurrean egin ditu adierazpenok, Peio Etxeberria eta Erik Jakaren arteko partida jokatzen ari zen bitartean, Beotibarren. «Gertatzen dena da aurretik dena antolatuta dagoela, aspalditik», azaldu du, atzeratzeko aukerarik ez egotearen argudio bezala. «Badakit gogorra dela baina txapelketa honekin egutegiaren erabaki hori hartu da», gehitu du.
Modu horretan, bizitzen ari den momentu zail honetan, Arbizukoak erakutsitako profesionaltasuna eskertu du. «Pena da, momentu onean zegoen baina egoera animiko gogorrean», esan du. Ostiraleko deman Larrazabal nagusitu zitzaion Ezkurdiari eta beraz, Binakako txapelduna Buruz Buruko txapelketa nagusitik kanpo geratu da.
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Trabajadores de Bridgestone denuncian su situación en el Parlamento Europeo

«No hubo ataque exterior, el apagón es producto de la codicia de las grandes eléctricas»
