
‘Dry tooling’ kontzeptua aipatzen den bakoitzean, iritzi ezberdinak azaltzen dira. Batzuek ez dute zentzuzkoa ikusten arroka soilean kranpoiekin eta pioletekin eskalatzea. Beste batzuek, berriz, diziplina bat bezala hartzen dute. Eta badira, kirol eskaladarekin gertatu den bezala, entrenamendu gisa hartzen dutenak, horma alpinoetan mistoan sasoiko jartzeko.
Momentuz, tarteko iritziarekin geratu gara; hots, espezialista batekin. Katie McKinstry Stylos da. Joan den martxoaren 18an, eskalatzaile estatubatuarrak, ekarpen handia egiteaz gain, historia idatzi zuen. Italiako Dolomitetan dagoen ‘Parallel World’ bidea (D15+/D16) sinatu zuen. Marra horren lehen igoera femeninoa izateaz gain, muturreko maila hori egiten munduko lehenbiziko neska da.
Eskalada ikaragarri hori yaniro estiloan egin zuen; hau da, eskalatzen den bitartean hanka bat besoaren gainetik jartzen da, pisua kentzeko eta gutxiago nekatzeko. McKinstryk aukeratutako ibilbidea Darek Sokolowskik paraboltekin ekipatu zuen 2018an, eta D16 maila proposatu ere DTS edo jatorrizko estiloan kateatu eta gero. Ondoren, zailtasun horren inguruan iritzi ezberdinak egon dira, eta estatubatuarrak bere iritzia eman du: D15+/D16.
Protagonistak adierazi du ‘Parallel World’-ekin mugak gainditu dituela: «Lehenik eta behin onartu behar dut igoera horren helburu nagusia izan dela dry toolinga emakumezkoen artean bultzatzea. Nik gogor jardun dut, eta urtebetean erabateko konpromisoa hartu nuen. Dolomitetan dagoen marra hori bitan bisitatu dut, 30 ekinaldi eskatu dizkit, gimnasioan makina bat ordu egin ditut… Erronka handia izan da, eta prozesu horretan asko ikasi dut. Orain, askoz ere eraginkorragoa, indartsuagoa eta dinamikoagoa naiz. Horrez gain, eramana sendotu dut. Nire gaitasunetan sinistea erakutsi dit; ez naiz inoiz eskalatzaile bezala hainbeste hazi. Harro nago izan dudan pertseberantziarekin eta azaldu dudan konpromisoarekin. Bederen, konfort eremutik irteteko lagundu nau».
Aurreratu dugun bezala, estatubatuarra iaz hasi zen ‘Parallel World’ probatzen. Lehen saialdiak egiten ari zela ohartu zen Sokolowskik (bidearen sortzailea) marraren giltzak zituen jatorrizko mugimenduak berritu zituela. Hain zuzen ere, bi helduleku kendu zituen. Aldaketok ondorio batzuk izan zituen: asko eskatzen duten bi mugimendu handi zein zabal egin behar dira. Hala eta guztiz ere, McKinstryk dio sekuentzia hori ez dela jatorrizkoa baino zailagoa, baina bere beso zabalari dagokionez mugan ibili zen.

‘Parallel World’-ek duen mailari buruz aipatu behar da bidearen lehen igoeraren ostean, hurrengo urtean, Young-Hye Kwon korearrak yaniro estiloan eta bistan egin eta D15+ zailtasuna proposatu zuela. Hurrengo urteetan, berriz, Matteo Pilonen, Chris Snobecken eta Kevin Lindlauren errepikapenak iritsi ziren; hirurak ala hirurak yaniro estiloan. Eskalatzaileok adostu zuten D15+ zela. Eta iazko maiatzean Victor Varoshkinek DTS (Dry Tooling Style) estiloan kateatu eta D16 jarri zion. DTS estiloak askoz ere gehiago eskatzen du; izan ere, hanka bat besoaren gainetik jartzen ez denez, oinen teknika askoz ere zorrotzagoa da.
Estatubatuarrak ere Dolomitetako bide horrek duen zailtasunaren inguruan iritzia eman nahi izan du: «Nire eskarmentuan eta eskalada estiloan oinarrituta, argi dut kateatu berri dudan marra hori ‘A Line Above the Sky’ (D15) baino gogorragoa dela. Bide batez esan nahi dut ‘Parallel World’ D15+ mailatik gora dagoela. Une zehatz honetan ez nago ziur D16 den. Eman dudan proposamena sendotu ahal izateko, gustatuko litzaidake Matteo Pilonen ‘Aletheia’ (D16) eta Young-Hye Kwonen ‘Ascension’ (D15+) probatzea. Ondorioztatzen den bezala, Dolomitetako marra horrek duen mailak buruhausteak eragin dizkit; inoiz ez dut hainbeste hausnartu. Kontuan hartu behar da kirol hau oso txikia dela. Baina argi dut munduan dauden ibilbide gogorrenak probatuko ditudala zailtasunaren kontu horiek hobeto ulertzeko eta ñabardura horiek era egokiagoan zehazteko».
Adierazpen horiek guztiak egiteaz gain, McKinstryk proiektu horretan ondoan izan dituen lagun guztiak eskertu nahi izan ditu: «Arrakasta hori nik lortu dut, baina kideen eta babesleen laguntza ezinbestekoa izan da. Egin behar ditudan eskertzak amaiezinak dira, baina batez ere nire bikote Joe gogoan dut. Hari esker, “Parallel World” kateatu dut. Joek sakrifizio ugari egin ditu, eta bidaia guztietan erabateko babesa eman dit. Gimnasioan egin ditugun orduak… Ufa, zenbatezinak dira! Eta ekinaldi bakoitzean, frustrazio bakoitzean, beti ondoan egon da. Horrez gain, izotz eskaladako denboraldia alde batera utzi zuen, udaberrian nirekin Dolomitetara bidaiatzeko».
Meteorikoa
McKinstry protagonistak dry toolingean berezko lekua hartu du. Eta ez soilik nesken munduan; izan ere, gizonezkoen mailara ia heldu da. Eta hori diogu, zailtasun gorena, D16, mutil gutxik igo dutelako. Hortaz, estatubatuarra asko hurbildu zaie.
Bide batez aipatu behar dugu McKinstryren ibilbidea oso berezia dela. Bai, maila igoera oso azkarra edo meteorikoa izan du. Duela lau urte lehen urratsak egin zituen dry toolingean. Hurrengo urtean, lagun italiar batekin Tomorrow’s World eskola ikonikoa bisitatu zuen. Bidaia horretan, adibidez, gai izan zen kobazulo hartako bide entzutetsuenetako bat, ‘Edge of Tomorrow’ (D13), sinatzeko.
Murru horrekin erabat harrapatuta geratu zen, eta 2023an berriro itzuli eta D14 igo zuen. Hurrengo urtean, berriz, Tom Ballard zenaren (eskola horretako bultzatzaile nagusia izan zen) ‘A Line Above the Sky’ (D15).

Hots, maila horretako munduko lehena eta erresistentzia handia eskatzen duena. Azken bide hori estatubatuarrarentzat arrakasta itzela izan zen. Baina irakurtzen den bezala, muturreko zailtasunean hasiera baino ez zen izan.
Amaitzeko, estatubatuarrak honako hausnarketa egin du ‘Parallel World’-en bizi izan zuen prozesuaren inguruan: «Mugara eraman nau. Uste nuen azkarrago sinatuko nuela, baina lehen bidaian (zortzi aste egin nituen) ez nuen ia aurrerapenik egin. Etxera itzuli nintzenean, erabat etsita sentitu nintzen. Bestalde, prozesu osoa isilean bete dut; ez nion inori esan “Parallel World” probatzen ari nintzela. Horrez gain, arestian aipatu dudan bezala, txikia naiz (1,68 m) eta nire hego zabalera 1,73 metrokoa da. Hori oztopo handia izan da giltzan dauden bi mugimendu oso luzeak gainditu ahal izateko. Baina, zorionez, erresistentzia nire ezaugarri nagusietako bat da. Hala ere, joan den neguan gogor entrenatzen jardun nuen. Eta, azkenean, hamar izar dituen ibilbide horretan arrakasta izan dut».

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«Trump parece buscar el regreso a un esquema puramente colonial del comercio»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada
