Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Kultura, euskara, feminismoa eta kirola: nazioaren taupadak

Gure Eskuk solasaldi bat antolatu zuen ostegunean herri libre baten eraikuntzan eman beharreko pausoak aztertzeko. Bertan izan ziren Oihana Iguaran bertsolaria, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea, Elene Lopetegi militante feminista eta Kike Zurutuza EH Kirola-ko arduraduna.

Europa Jauregian izan ziren Oihana Iguaran bertsolaria, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea, Elene Lopetegi militante feminista eta Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola-ko arduraduna.
Europa Jauregian izan ziren Oihana Iguaran bertsolaria, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea, Elene Lopetegi militante feminista eta Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola-ko arduraduna. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Herri libre bat lortzeko, ezinbestekoa da taupada nazionala indartzea. Burujabetzaz hitz egin behar da gizarte orori irekitako foroetan, ez bakarrik erakundeetan izaten diren eztabaidetan. Kultur arloan ekimenak azkartu behar dira, euskaraz egiten diren produkzioak sustatuz, baita kirol munduan ere, selekzioen alde borrokatuz. Eta, nola ez, lurraldearen eta norbanakoen eskubideaz erabakitzeko aukera mahai gainean ezarri.

Hala azpimarratu zuten ostegunean Gasteizen Gure Eskuk antolatuko solasaldian parte hartu zutenek. Oihana Iguaran bertsolariak hasi zuen saioa, kulturgintzaren eginkizuna azalduz; izan ere, kulturgintzak aukera ematen du irudikatzeko «izan nahi genukeen hori». «Herri bat ez da izaten aurrez izan dena, da egunez egun egiten dena. Gure buruari kontatu behar diogu zer garen eta zer den izan nahi duguna».

Bertsozale elkartearen lana goraipatu zuen, estatuek inposatutako banaketa administratiboari aurre egin diolako, eta euskararen garrantzia nabarmendu zuen. Argi utzi zuen «euskarak ardazten ez badu» ez dela bere herria izango, eta gaitzetsi zuen gaur egungo egoera. «Telebistan marrazki bizidunek euskaraz hitz egin didate txikitatik, baina gaur lan handia daukat nire alabari eskaintzeko», ohartarazi zuen.

Oihana Iguaranek «irensten gaituen eta asimilazioz desagerrarazten gaituen sistema» bati aurre egiteko beharra adierazi zuen

«Irensten gaituen eta asimilazioz desagerrarazten gaituen sistema» bati aurre egiteko beharra aipatu zuen, eta erakundeen jarrera kritikatu zuen. «Zalantza daukat ba ote dagoen borondaterik, ze baliabideak egon badaude; kontua da baliabide horiekin zer egiten ari den», esan zuen.

Erakundeen koldarkeria

Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramaileak ere gogor jo zuen instituzioen aurka, euskararen kontrako oldarraldi judiziala aipatuz. «Oldarraldiaren aurrean gure erakundeek, aurrerapausoak eman beharrean, koldarkeria erakutsi dute», adierazi zuen.

Burujabetza aldarrikatu zuen euskarak aurrera egiteko, bai kalean, bai sarean.  «Estatu propio batek agian ez luke bermatuko euskararen etorkizuna, baina lagunduko luke aro digitalean ditugun erronkei modu hobean aurre egiten eta euskararen presentzia biderkatzen». Eta horretarako beharrezkoak dira baliabideak.

«Inork ez du zalantzan jartzen 50 milioi erabiltzea errepide bat egiteko, baina zergatik ezin dugu 10 edo 20 milioi euro gastatu euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko eta nazioarteko edukiak euskarara bikoizteko», adierazi zuen, eta gogoratu zuen Katalunian urtean 35 milioi euro inbertitzen dituztela katalanez egindako ikus entzunezko produkzioak sustatzeko eta filmak bikoizteko. Gainera, deitoratu zuenez, Euskal Herrian ez daude nazioarteko edukiak euskarara bikoizteko dirulaguntzak.

Zinemetan emanaldien %1 euskaraz dela salatu eta «diskriminazio horrekin» amaitzeko legeak behar direla ere esan zuen, «euskaraz gehiago sortzeko eta legez bermatzeko zinemetan eskaintzaren erdia gutxienez euskaraz izatea».

Alex Aginagalderen esanetan, «oldarraldiaren aurrean gure erakundeek, aurrerapausoak eman beharrean, koldarkeria erakutsi dute» 

Zinema herriaren nortasuna indartzeko baliagarria dela azaldu zuen, Eskozian “Braveheart” filmak izandako arrakasta aipatuz. «Ez ahal luke lagunduko Euskal Herriaren nortasuna eraikitzen, indartzen eta zabaltzen Amaiurko gudari edo Orreagari buruzko superprodukzio batek, edo Zumalakarregiri buruzkoak?», galdetu zuen. Euskal Ikus-Entzunezkoen Kontseiluaren premiaz ohartarazi zuen.

Gure Eskuk Gasteizen antolatutako solasaldia. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Gure Eskuk Gasteizen antolatutako solasaldia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Kirola eta feminismoa

Kike Zurutuza EH Kirola-ko arduradunak nabarmendu zuen kirola ere «izugarrizko» tresna dela herria eraikitzeko. Baina «ez da neutroa, gure alde edo gure kontra erabili daiteke», esan zuen, iraganean frankismoak erabili zuela adieraziz. «Kirola politika da eta, politika den neurrian, gizarte guztiaren erantzukizuna eta partizipazio aktiboa eskatzen du», gaineratu zuen, eta Gibraltarren kasua agertu zuen, euskal selekzioen aitorpena lortzeko. «Garaipen txikienak ikaragarrizko garrantzia du jurisprudentzia sortzerakoan».

Haren esanetan, Euskal Herriko kirolari gehienek ezin dute euskaldun gisa munduan zehar aritu, baina Telesforo Monzon Fundazioak egindako ikerketa baten arabera gehiengoak babesten du euskal selekzioen ofizialtasuna zazpi herrialdeetan. «Beraz, definitu behar dugu zein kirol politika nahi dugun, zer nazio nahi dugun», zioen, herri euskaldun eta parekidea defendatuz.

Elene Lopetegi Bilgune Feministako kideak ere eraldaketa soziala babestu zuen, eta adierazi zuen feminismoak badakiela zerbait erabakitze eskubideaz, abortatzeko eskubidearen aldeko borroka eta transexualen autodeterminazioa nabarmenduz. «Burujabetza ez da soilik lurraldetik pasatzen, gure gorputzetatik ere pasatzen da», esan zuen, gizon ez den gorputz disidente ororen eskubideak aldarrikatuz.

Hiru plano ezberdinetan kokatu zuen burujabetza, pertsonalean, politikoan eta materialean, eta «herri prozesu horizontal baten bitartez gauzatu beharko dela» esan zuen. Amaitu aurretik, alternatibak sortzeko gizartearen parte hartzea ezinbestekoa dela argi utzi zuen.