Oihana Azkue
NAIZ Irratia. Paraleloan eta Zebrabidea saioetako gidaria
Elkarrizketa
Gorka Hermosa
Akordeoilaria

«Metafora bat da, esateko posible dela beste mundu bat»

Musikari urretxuarra (1976) munduko akordeoilaririk aintzat hartuenetako bat da. Mundu osoan aritu da hainbat orkestrekin jotzen, eta orain Berlingo Philarmonie auditoriumean izan da berak konposatutako «Hope» piezaren estreinaldian. Pantonale Kammerorchester orkestrarekin jo du han.

Audio_placeholder

«Metafora bat da, esateko posible dela beste mundu bat»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Gorka Hermosa, akordeoilaria.
Gorka Hermosa, akordeoilaria. (Gorka HERMOSA)

Gorka Hermosa akordeoilari eta konpositoreak Berliner Philarmonie auditorium ezagunean estreinatu berri du “Hope” izeneko akordeoi abesbatza eta orkestrarako egindako pieza. Hirugarrenez da bertan, oraingoan Miran Vaupotic kroaziarrak zuzendutako Pantonale Kammerorchester-ekin. Itxaropenari egindako hasperen bat, pentagraman jasota.

Musika tresnarik zerutarrena jotzea amesten zuen duela 40 bat urte Harpo Marxen harpak liluratuta zeukan mutiko hark. Nola diren gauzak, lau hamarkada geroago, infernuko hauspoak zabaldu dio musikari eta konpositore klasiko ororen Olinporako bidea. Ostiral honetan hirugarrenez, Berliner Philarmonie aretoan Gorka Hermosa euskal akordeoilari eta konpositorearen doinuak entzun dira.

Nola sartzen da bat izarapean, amets bat bete ostean?

Sentsazio, zirrara asko. Lasaitasuna. Harrotasun puntu bat ere bai. Eta zoriontasuna. Eta bai, amets baten erdian nagoen sentsazioa dut.

‘Hope’ izeneko Konposizioa da atzo Berlingo auditorium mitikoan aurkeztu zenuena: akordeoi abesbatza eta orkestrarako egindako pieza.

Ukraina eta Errusiako artistek bakearen alde antolatutako jaialdi batean jotzeko obra da. Hiru akordeoilari, korua eta eta orkestrarako konposizioa. Akordeoilari batek ukrainar melodia tradizional bat jotzen du, beste akordeoilari batek errusiar melodia tradizional bat. Doinu hauek, letra originalaren ordez, Beethovenen Bederatzigarren sinfoniaren letra egin zuen Friedrich Schiller poetaren hitzekin nahasita doaz. Pixkanaka sumatzen da Beethovenen Bederatzigarren sinfoniaren melodia ere agertzen. Kantuaren erdian leherketa handi bat gertatzen da eta Beethovenen sinfonia horretako zortzi konpas entzuten dira. Konposizioaren amaierako sekzioak ereserki itxura hartzen du. Bertan hiru melodiak, errusiarra, ukrainarra eta Beethovenena aldi berean entzuten dira kontsonantzian. Gustatuko litzaidake metafora bat izatea, esateko posible dela beste mundu bat.

Miran Vaupotic kroaziarrak zuzendutako Pantonale Kammerorchester lagun izan duzu, zu zeu bakarlari zinela.

Orkestra Ukraina eta Errusiako musikariez osatua dago. Orkestrako partaide bat, adibidez, ukrainarra da, baina guraso errusiarrak ditu. Beste bat errusiarra da, baina ama ukrainarra du eta aita, berriz, errusiarra. Jende normalaren artean gertatzen den bezala. Sarri politikak, arazoak konpondu ordez, arazo handiagoetan sartzen gaitu, eta beti anaiak izan diren bi herri orain dauden egoeran daude.

«Miran Vaupotic  gaur egungo zuzendari handienetariko bat da, nire idoloa den Richard Gallianoren azken bi diskoen zuzendaria»

Zure bizipenek lagundu dizute?

Bai. Euskal Herrian 1976an jaio nintzen. 80ko hamarkada gurean oso gogorra izan zen, eta gero ere bai. Uste dut ikuspegi horrek lagundu didala. Eta bestalde, orkestraz gain, hemen Alemaniako abesbatza batek ere abestu du. Miran Vaupotic bezalako zuzendari batekin lan egin ahal izatea ere izugarria da. Gaur egungo zuzendari handienetariko bat da, nire idoloa den Richard Gallianoren azken bi diskoen zuzendaria izan da. Eta maila horretako jendearekin aritzeak izugarrizko hauspoa ematen dizu. Behartzen zaitu zure onena ematera. Denok dauzkagu gure beldurrak, eta horrelako jendearekin aritzeak pilak jarrarazten dizkizu. Atzo gaueko lasaitasun sentsazioa aipatzean, horretara nindoan. Bada proba bat gainditu izanaren sentsazioa.

Nolakoa izan da beraiekin lan egitea?

Aste osoan aritu gara entseguetan. Egia esan oso erraza izan dela. Normalean hain puntako jendea oso umila da, oso autokritikoa. Hori da hain urruti iritsi izanaren sekretua. Umiltasuna eta denbora guztian besteengan arreta mantentzea.

Interpretazio mailan, nolakoa da «Hope»?

Normalean esaten didate egiten dudan musika jotzeko oso zaila izaten dela. Aurreko urtean hemen bertan estreinatu nuen “Peace Dream Concerto” piezaren azkenengo mugimendua, esate baterako, ikaragarri zaila da. Baina “Hope” honetan justu kontrakoa egin nahi nuen. Oso erraza da jotzeko. Oso pozik nago, konposizio aldetik konplexua den arren, idatzi dudan gauza zailenetariko bat izanik ere, interpretatzeko garaian erraza baita.

Eta Berlingo entzuleria, nolakoa da?

Europan zenbat eta gorago, orduan eta hotzagoa da jendea. Eta, aldiz, zenbat eta beherago joan, kontrakoa. Iranen Teherango auditoriumean jo nuenean, pieza bakoitza amaitutakoan bazirudien talde faboritoak gol bat sartu zuela. Hemen jendearen txaloa beste era batekoa da. Astero munduko orkestra onenak entzutera datoz, eta halako jendearen txaloak jasotzea oso polita da. Nahiz eta ez duten hegoaldeko jendeak daukan puntu sutsu hori. Beste onarpen puntu bat da. Eta hemen hirugarren urtez jarraian egoteak uste dut esan nahi duela gustuko dutela egiten dudana.

«Musikan gehien flipatu nauen gauzetariko bat izan zen 18 urterekin lehenengo kontzertua eman eta bizilagun guztiak etorri zirela»

Larunbat honetan bertan pieza hau bera eta iaz estreinatu zenuen «Peace Dream Concerto» ere interpretatu eta grabatuko dituzu, ez edonon gainera!

Bai, Jesus Christus Kirche-n joko dugu. Leku oso berezia da; bertan grabatu zituen Herbert von Karajan zuzendariak bere disko guztiak Berlineko Orkestra Sinfonikoarekin. Akustika izugarri ona du. Orain dela lauzpabost urte bertan jo nuen, eta magia da, toki oso berezia. Eta atzoko errepertorio bera bertan gaur jo ahal izatea izugarria da. Gaurkoa erabat gozatzeko da. Atzo baziren nerbioak. Gaurkoa dena emateko eguna da.

60 orkestra baino gehiagok interpretatu dituzte zure konposizioak. New Yorkeko «Acordion Stars» aldizkariaren arabera, munduko hamar akordeoilari maitatuenetako bat zara. Nazioartean zure lanak duen estimua ukaezina da. Eta etxean?

Nire etxean amak pila bat maite nau, eta bizilagunek oraindik hitz egiten didate! Eta pentsa ze txapa eman diedan, ikasten eman ditudan ordu guztiekin! Musikan gehien flipatu ninduen gauzetariko bat izan zen 18 urterekin lehenengo kontzertua eman nuenean, etxe ondoan dagoen elizan, bizilagun guztiak etorri zirela!

Nik ez dut uste inork inori exijitu behar dionik estimu edo errespetu bat, gauza bat edo beste egin duelako. Badut Euskal Herriko Orkestrarekin jo ez izanaren pena. 10 urte dira lehenengo orkestrarako obra idatzi nuela eta zabalkunde handia izan du. Baina ez bada gertatu... Bakoitzak gutxi gorabehera daukagu bizitza honetan merezi duguna. Eta nik uste dut hori daukadala: pozik nago nire gurasoen maitasunarekin eta bizilagunen errespetuarekin.