
Elorrion kokatuta dagoen Eroskiren egoitza zentralak eta plataforma logistikoak 50 urte bete dituzte aste honetan. «Euskal mugimendu kooperatiboaren sabelean» jaio zela duela mende erdi gogoratu dute, eta garaiko bokazioari eusten diola: «Eguneroko oinarrizko beharrei erantzun sozial eta kolektibo bat ematea, nola eta pertsonetan, partaidetzan eta lurralde errotzean oinarritutako enpresa eredu baten bitartez». Eroskiko Rosa Carabel CEOa lagun zuela, Imanol Pradalesek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehendakariak, bisita egin du egoitza horietara.
«Elkartasuna, ekitatea eta garapen bateratua», horiek dira Eroskiren nortasuna osatzen duten baloreak bertako kideen arabera. «Finkatuta» dagoen proiektua dela azaldu dute bisitan, eta zenbait datu eman dituzte: Gaur egun 8.868 lagun dira Eroskiren taldeko kide Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, horietatik %81 bazkide langileak. Eta generoari dagokionez, %78 emakumeak. «Emakumeak giltzarri dira kooperatiban, eta horrek era transbertsalean gurutzatzen ditu hala talde operatiboak nola zuzendaritza; erakundean ardurazko lanpostuetan %74 baitira emakumeak», zehaztu dute.
1969an jaio zenetik, Eroski inguruneko garapen ekonomiko eta sozialean «giltzarria» izan dela esan dute, eta lotura sendoak ezarri dituela «hurbileko ekoizpen ekosistemarekin». Hain zuzen ere, EAEko 367 hornitzaile baino gehiagorekin egiten du lan, horietako %69 nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiak, eta 8.100 produktu baino gehiagorekin hornitzen dituztela saltegiak, «batik bat sasoiko jaki freskoekin».
Kooperatibarentzat lankidetza ekimenak sustatzea garrantzitsua dela nabarmendu dute, eta ikastetxeekin duten elkarlana gogoratu: «Ohitura Osasungarrien Heziketa Programan ikasturte osoz aritzen dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200 ikastetxe batez beste; eta joan deneko hamar urtean 177.886 ikasle euskaldunek hartu dute parte».
Lakuarekin hitzarmena
Pradalesen egindako bisita baliatuz, 2007an Lakuarekin lankidetza hitzarmena sinatu zuela gogoratu dute, eta ondorenera, 2013an eta 2022an berritua izan dela: «Helburua da nekazaritzako elikagaien industria indartu eta garatzea EAEn, nola eta balio kate osoan tokiko egokitzapena, elikadura osasungarria eta jokabide iraunkorrak bultzatuta. Asmoa da hitzarmena aurten berritzea».
Lakuako Gobernuko lehendakariak «kooperatibismoa ekonomiaren eta gizartearen motor» izan daitekeela adierazi du eta Eroskiren ibilbidea txalotu: «Kalitatezko enpleguarekin, berrikuntzarekin eta tokiko garapenarekin konprometitua, etorkizunari handinahitsu eta arduraz begiratzen dion proiektua da».
Rosa Carabelek, bere aldetik, «enpleguaren, berdintasunaren eta berrikuntzaren motorra» dela Eroski taldea azpimarratu du, eta herrialdearekin duten «konpromisoa» berretsi: «Ingurunearekin konprometitutako banaketa eredu iraunkorrago baterantz goaz, eta bide horretan, berrikuntzaren, lurralde errotzearen eta ekonomiaren begirada gizakoiaren alde egin dugu apustu. Eroskiren lan kolektiboak aberastasuna, gizarte kohesioa eta ongizatea sorrarazi ditu».
«Logistika berritzailea»
Sorrerako sustraian eta balioak indarrean daudela azpimarratu arren, «soluzio teknologiko aurreratuak» ezarri izan dituela azaldu dute: «Automatizazio adimenduna eta digitalizazioa aplikatu ditu bere prozesuetan, eta gaur egun adimen artifiziala garatzen dabil sare logistikoa optimizatzeko».
Bestalde, Estatu espainoleko «lehen banaketa talde kooperatiboa» dela nabarmendu dute, %12,8ko merkatu kuotarekin. 2024 amaieran 1.502 saltoki zituen bere sare komertzialak eta 6,4 milioi Bezero Bazkide baino gehiago, 27.625 bazkide kooperatibista eta bazkide langile baino gehiago, horietatik 8.500 sozietatearen jabe ere badirenak.

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Fallece Gloria Rekarte, a quien han dado el último adiós en Iruñea
