Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Bi euskal lasterkari top 10ean sailkatu dira nazioarteko SWS zirkuituan

Benalmadenan egindako Calamorro lasterketan Lide Urrestarazu seigarrena izan da eta Aitor Blanco hamargarrena. Euskal Herriko Kopan, ultra modalitatean, Ainara Arkarazok eta Jokin Garciak irabazi dute. Eta lineakoan: Oihane Unzaluk eta Iraitz Legorburuk.

Lide Urrestarazu seigarrena izan da SWS zirkuituaren bigarren proban.
Lide Urrestarazu seigarrena izan da SWS zirkuituaren bigarren proban. (Calamorro Skyrace-Marcelo Rua)

Udaberriarekin batera, mendi lasterketen edo trail runningaren denboraldiak bosgarren martxa jartzen du. Asteburuak beteta iristen dira etxeko zein nazioarteko hitzorduekin.

Skyrunning-eko Nazioarteko Federazioak antolatutako erregulartasunaren zirkuituarekin, Skyrunning World Series-ekin (SWS), hasiko dugu asteburuko kronika. Bigarren proba izan du; hain zuzen ere, Benalmadenan (Malaga) jokatutako Calamorro Skyrace lasterketak jaso zuen hitzordu hori. Eliteko hainbat korrikalari bertaratu ziren, eta, ohi den bezala, euskal ordezkariek ez zuten hutsik egin.

Lasterketaren ezaugarriei dagokienez, zirkuituko teknikoenetako bat da. Gainera, hasiera oso gogorra du; izan ere, herritik Calamorro mendira zuzen igotzen dira ia 800 metroko desnibela gaindituz. Nesken kategorian, sekzio horretan, Iris Pessey, Denisa Dragomir eta Patricia Pinera ia elkarrekin joan ziren.

Ia amaiera arte, Dragomiren eta Pinedaren artean lehia oso estua bizi izan zen, baina andaluziarrak asko estutu zuen azken igoeran eta helmuga puntura lehen postuan heldu zen 3:01:51 denborarekin. Errumaniarra ia minutu batera iritsi zen bigarren postuan, eta hirugarrenean Elisa Desco. Lide Urrestarazu euskal ordezkari azkarrena izan zen. Ordiziarrak seigarren postuan amaitu zuen 3:11:42 kronoarekin. Dagoeneko zirkuitu horretako bi proba jokatu dira, eta Urrestarazu, momentuz, erregulartasun puntu bikaina erakusten ari da. Lehen hitzorduan laugarrena izan zen, eta azken honetan seigarrena.

Mutilen mailan ere, antzeko egoera bizi izan zen. Roberto Delorenzi, Luca del Pero eta Nicolas Molina elkarrekin joan ziren. Azken kilometroetan del Perok beste martxa bat sartu eta lasterketa irabazi zuen 2:24:16 denborarekin. Bigarrena Delorenzi izan zen eta Molina hirugarrena. Lehen proban bezala, Aitor Blanco hamargarren postuan sailkatu zen.

EH Kopa

Etxean, berriz, bi proba ofizial leihatu dira. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek antolatutako Euskal Herriko Kopa ultra eta lineako modalitateetan.

Lehenbizikoari dagokionez, Enkarterri Xtrem lasterketak hartu zuen hitzordu hori. Lasterkariak 60 kilometro eta 3.898 metroko goranzko desnibela dituen ibilbidean lehiatu ziren. Ainara Arkarazo azkarrena izan zen nesken artean. 7:36:41 denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Irati Ortiz de Andari, 37 minutu eta 58 segundoko aldea atera zion. Eva Lizarralde hirugarren postuan sailkatu zen 43 minutu eta 44 segundora.

Jokin Garcia gailendu zen mutiletan 6:31:24 kronoarekin. Arkaitz Hualde bigarrena izan zen 14 minutu eta 54 segundora, eta Igor Olalde hirugarrena 21 minutu eta 44 segundora.

Amaitzeko, lineako probaren geltokia Kilimon Trail izan zen. Berez, Oihana Kortazarrek eta Xabier Maciasek irabazi zuten, baina hauek ez zuten zirkuitu horretan puntuatu.

Oihane Unzalurentzat izan zen garaipen ofiziala 23 kilometro eta 1.650 metroko desnibela dituen ibilbidean. Sara Gutierrez ia lau minutura helmugaratu zen. Eta hirugarren postua Garazi Sampedrorentzat izan zen 2:41:04 denborarekin.

Mutilen kategorian. Iraitz Legorburuk Euskal Herriko Kopak izan duen azken hitzordua irabazi zuen 2:07:56 denborarekin. Bigarren postuan Mestafa Mahfoud helmugaratu zen irabazlearengandik bi minutu eta sei segundora. Mikel Unda hirugarrena izan zen 2:10:55 kronoarekin.