NAIZ

ELAk gutxieneko soldata propioa eta antimilitarismoa aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean

Aurtengo Maiatzaren Lehenerako ELAk Bilbon eta Iruñean deitu ditu mobilizazioak, goizeko 11.30ean, ‘Gutxieneko soldata, hemen erabaki’ lelopean. ELAk borroka soziala eta sindikala aldarrikatu du eta gizartea kolektiboki eraldatzeko konpromiso militantea goraipatu du.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Ane Zelaia sindikalgintzako arduraduna.
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Ane Zelaia sindikalgintzako arduraduna. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

ELAk ‘Gutxieneko soldata, hemen erabaki’ lelopean ekingo dio aurtengo Maiatzaren Lehenari. Bilbon (Jesusen Bihotza) eta Iruñean (Askatasuna Plaza) deitu ditu mobilizazioak 11.30ean.

Astelehen honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak gogoratu duenez, «negoziazio kolektiboaren eta prekarietatearen kontrako borrokaren emaitzek ELAren hautua, kontrabotere ereduaren aldekoa, berrestera garamatzate; Euskal Herrian erabakitako gutxieneko soldata (LGS) bide horretan beste urrats bat dugu; honek, gainera, borondate soberanista argia erakusten du».

Duela zenbait hilabete iragarri zuen bezala, ELAk 1.795 euroko LGS bat aldarrikatzen du «aberastasunaren banaketa justuagoa izan dadin». Izan ere, milaka langileren soldata zenbateko horretatik urrun geratzen da gaur egun.

Lan-baldintza okerrenak dituen jendearen soldata hobetzea da ELAren lehentasuna, eta horregatik, Confebask eta CEN patronalei gutxieneko proposamen bat luzatu die: Hasteko 1.500 euroko LGS bat ezarriko litzateke, urtean 14 ordainsaritan. Baina Confebaskek negoziazioari uko egin diola eta, Nafarroan, berriz, CENek, UGTk eta CCOOk negoziatzeko jarri zen hitzordura ez zirela agertu salatu du ELAk.

«ELAk ez du ontzat emango patronalak hemengo LGS bat lortzeko aukerari betoa ezartzerik. Horregatik, beste sindikatu batzuekin batera herri-ekimen legegile (HEL) bat jarri dugu martxan, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek LGS hemen erabakitzea galdegin dezaten. Aukera bikaina dugu orain. Horregatik beharrezkoa da inplikazio kolektiboa eta pertsonala HELaren aldeko sinadurak biltzerakoan; presioa eragin behar dugu hemengo gutxieneko soldataren alde», nabarmendu du Lakuntzak.

Antimilitarismoa

Maiatzaren Lehen honetan LGSaren aldarriaz gain, ELAk antimilitarismoa aldarrikatuko du, Batzorde Eragileko Ane Zelaiak azaldu zuen moduan: «Europar Batzordeak eta NATOk bultzatzen duten militarizazio estrategia mehatxu bat da bake, demokrazia eta eskubide sozialentzat. Potentzia nagusiek beren enpresa handien interesak defenditzen dituzte, gerraren mamua baliabide ekonomikoak eta merkatuak menperatzeko baliatzen dituztelarik».

ELAk nabarmendu du gerra sistema kapitalistaren ondorio dela eta horri «aurre egin» behar zaiola «bakearen eta herrien errespetuaren alde egin nahi bada».

Zelaiak ohartarazi duenez, «Europar Batasunak 800.000 milioi euro armagintzara bideratzearen eragin kaltegarrietako bat izango da politika sozialen murrizketa: funts publikoak arma-industriara desbideratu nahi dituzte». Horregatik, ELAk euskal erakundeak interpelatuko ditu Maiatzaren Lehen honetan, «estrategia belizista horri aurre egin diezaioten eta haien lehentasunak alda ditzaten, bestelako industri-politika bat bultza, zerbitzu publikoak zein politika sozialak indartzearren».

Bestalde, eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko, ELAk ezinbestekotzat jo du «urratsak ematen jarraitzea memoria demokratikoaren aitortzan eta frankismoaren milaka biktimen minaren konponketan», eta, horretarako, Erorien Monumentua eraistea «beharrezkoa» dela azpimarratu du. Horregatik, aurtengo Iruñeko manifestazioa Erorien Monumentutik (Askatasuna Plazan) abiatuko da, «Euskal Herrian dagoen mausoleo frankista handiena eraistea eskatzeko ekitaldia egiteko».