NAIZ

Loren Arkotxa ondarroarra, pieza bateko abertzalea, zendu da

Ondarroako alkate urte askotan eta Udalbiltzako presidente izandakoa, azken orduetan hil egin da Loren Arkotxa. Euskal Herriaren alde lan eskerga egin duenaren ibilerak Australian hasi ziren.

Arkotxa, 2007. urtean, Udalbiltzaren agerraldi batean.
Arkotxa, 2007. urtean, Udalbiltzaren agerraldi batean. (Juan Carlos Ruiz | Foku)

Loren Arkotxa Meabebasterretxea zendu da, 80 urte bete berriak zituela. Udalbiltzako presidente eta urte askoan Ondarroako alkatea izan zelako aski ezaguna eta maitatua da Arkotxa, baina horren gainetik Euskal Herriaren alde eginiko lan eskerga biltzea zaila da. Ondarroako Udalak eman du zorigaiztoko albiste honen berri.

 

Antipodetan egonagatik ere, inoiz ez zuen euskara galdu, ezta aberriaren aldeko grina ere. Ondarroako Arteta baserrian jaioa, 1945. urtean, 17 urte besterik ez zituela, Australiara abiatu zen lanera, basogintzan Queenslanden. Bertako bizipen gogorrak bilduko zituen erakusketa batean iaz. Hortik Kanadara joan zen, han ere aizkolari ibiliz, eta meatzari lanetan ere bai, Euskal Herrira itzuli aurretik. Urte haietako pasartek bildu zituen ‘7K’-k elkarrizketa honetan, bideoz:

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 


Ezker abertzalean militatzeari ekin zion eta kanpoan pilatutako eskarmentu eta ezagutzari esker nazioarteko alorrean zenbait egiteko izan zituen, herri honen berri herrialdez herrialde emanez. Euskal diasporarekin ere lotura handia garatu du horri esker. «‘Good luck’, esaten didate beti», aipatzen zuen nazioarteko bira horiek laburbiltzeko asmoz. Beti sentitu izan du atzerrian euskaldunak oso ondo baloratuak direla eta Euskal Herriaren askatasunak azaleratzen dena baino atxikimendu gehiago duela.

Herriko alkatea izateko ohorea izan zuen 1987tik aurrera (hiru legegintzalditan), eta hortik, era naturalean, Udalbiltzako presidente izendatu zuten: lehenengoa izan zen bera. Erakunde nazionaleko arduradun nagusia zen Baltasar Garzonek kontrako sarekada agindu zuenean, 2003 urtean, eta horren ondorioz atxilotu eta kartzeleratu egin zuten: «Ez nuen horrelakorik espero, etsipena eta haserrea sentitu nuen, Udalbiltza eraikuntza demokratikorako tresna baitzen, ez zihoan inoren kontra», aipatu zuen GARAri emandako elkarrizketa honetan. Hamabost urteko kartzela mehatxua luzatu zioten baina errugabe atera zen, gainerako hemeretzi auzipetuekin batera.

Kartzelan bidegabeki pasatako denborak ez zion amorrurik eragin, aitortzen zuen: «Lortuko dugu, konfidantza edo fede hori badut, laster ala berandu lortuko dugula, eta horregatik ez dut inolako gorrotorik sentitzen».

2016 urtean Mertxe Aizpuruarekin emandako elkarrizketa batean, honela ikusten zuen erakundea Loren Arkotxak: «Udalbiltza Euskal Herrian guztiok ezagutzen dugun gauza bat bezalakoa da: xirimiria. Badirudi ez duela euririk egiten, baina euria egiten du. Udalbiltzak ere, egin egiten du, badoa bustitzen. Kohesioa bultzatzen du eta guztion erreferentziak berdinak izatea ahalbidetzen du: Hazparne, Arabako Errioxa, Ondarroa... Komunikazio arloan gehiago saiatu behar garela uste dut, bere lana ezagutaraz dezan. Lan praktikoa egiten du. Ideologia ondo dago, baina praktika behar da». Berak egindako lana ere ximiririaren antzerakoa izan da.