Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Maximilian Schachmann-ek irribarrea berreskuratu du Itzuliko aurreneko etapa irabazi ostean

Soudal Quick Step taldeko alemaniarra ezustean gailendu da Gasteizen hasi eta amaitu den erlojupekoan. Bertan izan ditu Joao Almeida, Itzulia irabazteko faboritoen artean dagoen portugaldarra, eta Florian Lipowitz herkidea ere. Hemeretzigarren postuan, Pello Bilbao izan da aurreneko euskalduna.

«Aulki beroan» pazientziaz itxaron ondoren ospatu du garaipena Maximilian Schachmannek.
«Aulki beroan» pazientziaz itxaron ondoren ospatu du garaipena Maximilian Schachmannek. (Raul BOGAJO | FOKU)

2025ko Itzulia abian da azkenean, eta akaso Buesa Arenan hasi eta amaitu den aurreneko etapa honek ez dirudi hainbesteko zeresanik izango duenik azken sailkapenera begira. «Erlojupeko nahiko teknikoa izan da, errekuperatzeko tarte handirik laga ez duena. Hasieratik topera atera naiz eta, joño, azken hiru kilometroak luze egin zaizkit, baina eutsi diogu. Bistan da Euskal Herriak zorte ona dakarkidala», hala mintzatu da aurreneko etapa ezustean eraman duen Maximilian Schachmann Soudal-Quick Step taldeko txirrindulari alemaniarra.

Bi urtean egon da Berlinen duela 31 jaio zen txirrindularia inolako probarik irabazi gabe, baina zortea aldatu zaio Euskal Herrira itzultzeaz bat. Izan ere aurrez, 2019ko Euskal Herriko Itzulian, hiru etapa garaipen lortu zituen.

«Aspalditik garaipenik ezin pilaturik ibili banaiz ere, taldeak nigan konfiantza erakutsi duelako esker ona azaldu bestetik ezin dut egin», onartu du Schachmannek, pozarren.

Hala ere, luze egon behar izan du zain bere zoria ezagutu arte. Brandon McNulty AEBetako txapeldunak bigarren mugarrian denbora galtzen zuela ikusita lasaiago azaldu den arren. «‘Aulki beroan’ aurkariak banan banan noiz sartuko zain egotea gogorra izan da; pare bat bider galtzear ikusi dut gainera aurreneko postua, baina azkenean merezi izan du sufrimendu horrek ere», onartu du Schachmannek.

Sailkapenean oso gertu inor geratu bazaio, hori Joao Almeida UAE taldeko portugaldarra izan da, hain zuen, Euskal Herriko Itzuli hau irabazteko hautagai sendoenetako bat. Portugaldarra bospasei hamarreneko denbora tarte eskasera geratu da alemaniarrarengandik eta errepidean zer gertatzen den zain, bera litzateke 2025eko Itzulia irabazteko faborito nagusiena, maila bikainean aritu diren Daniel Felipe Martinez, Aleksandr Vlasov eta abarren baimenarekin. Schachmann eta Almeidarengandik segundo bakarrera, berriz, beste alemaniar bat sailkatu da hirugarren: Florian Lipowitz, Red Bull Bora taldeko txirrindularia.

Haizearen memoriak

Eguraldi bikaina lagun, txirrindulariek gogor jo beharreko erlojupekoa jokatu behar izan dute, haizea kontra hasiera batean eta alde aurreneko 16 kilometroen bigarren erdia osatzeko. «Hasiera aldean haizeak aurpegiz jotzen du eta behin buelta erdi hartu eta erlojupekoaren bigarren zatia ekiterako orduan kontuz ibili behar da. Hasieran larregi ematen duen horrek denbora asko galdu dezake gero», adierazi du Omar Fraile txirrindulari bizkaitarrak behin helmuga harrapatu ostean. Txirrindularien eta denboren bilakaerak erabateko arrazoia eman dio Santurtziko txirrindulariari.

Ez baita Schachmann izan aurreneko mugarrietan denborarik onena egin duen txirrindularia, baina bai erregularrena. Brandon McNulty bezalako faboritoek larregi jo dute hasieran eta azkenerako luze egin zaie jardunaldia. Almeida, Lipowitz eta Schachmannek, berriz, askoz saio orekatuagoa eginda ezarri dituzte denborarik onenak.

Euskal txirrindulariak

Euskaldunen artean, berriz, Pello Bilbao izan da denetan onena. Ez da agian Gernikako txirrindulariaren egunik finena izan, hain zuzen probaren hasieran gogortxo jo duelako, baina irabazlearengandik 27 segundora, hemeretzigarren amaitu du bizkaitarrak. Hogeita hamar onenen barruan, berriz, beste bi euskal txirrindularik egin dute lekua: Ion Izagirre hogeita seigarren, 41 segundora, eta liderrarengandik 43 segundora, berriz, Igor Arrieta, hogeita hamargarren.

«Ez dakit Itzulia nire zangoetan daukadan ala ez; hori askotxo esatea ez ote den. Baina, nolanahi, aurreneko urratsa ona izan da», onartu du, hala ere, Pello Bilbaok berak. «Niretzat hauxe zen egunik zailena eta salbatzea lortu dut eta ibilbidea nire ezaugarrietara ondo egokitzen delako, esango nuke podiumaren lehian egon nintekeela. Fisikoki ederki nago eta konfiantzaz gainezka emaitza on bat lortzeko», gaineratu du.