Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Sabino Arana, Agirre Center eta Olaso Dorrea: «Euskal Herriak proiektu propioa behar du»

Sabino Arana Fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorrea Fundazioak, Euskal Herria Bateraren hegalpean, adierazpen bateratua egin dute, Aberri Eguna ate joka dagoen honetan. Euskal Herriak bere etorkizuna definitzeko eta proiektu propio bat garatzeko duen beharra azpimarratu dute.

Agerraldi bateratua egin dute hiru fundazioek, Euskal Herria Baterarekin.
Agerraldi bateratua egin dute hiru fundazioek, Euskal Herria Baterarekin. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Euskal Herria Baterak Aberri Egunera begira ekitaldia egingo du ostiral honetan, apirilaren 11n, Donostiako Kursaalen, arratsaldeko 19.00etan. Euskal jendarteari bertaratzeko gonbita luzatzeko eta adierazpen bateratua egiteko agerraldia egin dute Sabino Arana Fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorrea Fundazioak, Euskal Herria Bateraren hegalpean. Testuingurua aintzat hartuta, Euskal Herrian «askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzea» aldarrikatu dute: «Herri gisa gure lekua berretsi eta etorkizunaren norabidea marrazteko beharra dugu».

Herri gisako hitzordua da ostiralean deitu dutena, Aberri Eguna baino lehen atzera kontaketa abiatzeko. ‘Bagara nor, Badugu zer egin’ leloaren bueltan kultur ikuskizuna antolatu dute, dantza, hitza eta kantua uztartuko dituena. Besteak beste, Manex Fuchs, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguez artistek ondu dute ikuskizuna.

Bilboko Kafe Antzokian agerraldia egin dute Sabino Arana Fundazioko Ainara Zelaiak, Agirre Lehendakaria Centerreko Gorka Espiauk, Olaso Dorrea Fundazioko Irati Jimenezek eta, diaspora ordezkatuz, Carlos Etcheparek. Izan ere, Euskal Herriko hiru fundazio garrantzitsuenetakoak dira eta Aberri Egunera begira adierazpen bateratua plazaratu nahi izan dute, «bere garrantzia azpimarratzeko».

Zelaiak adierazi du aurtengo Aberri Eguna munduaren eta, beraz, Euskal Herriaren etorkizuna «aldaketa sakonen menpe dagoen une historiko batean» ospatuko dela. Gaineratu du egoera geopolitiko eta sozioekonomikoa «ziurgabetasunez eta erronkaz beteta» dagoen honetan, herri gisa «gure lekua berretsi eta etorkizunaren norabidea marrazteko beharra» dugula.

Halaber, «mundu zaharra» krisian dagoela eta, Euskal Herriak bere bidea urratu behar duela aldarrikatu du Sabino Arana Fundazioaren ordezkariak. Horretarako, gurean «askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzeko» beharra nabarmendu du.

Hain zuzen ere, Euskal Herriaren etorkizuna marrazteko jorratu beharreko hainbat auzi jarri ditu mahai gainean Espiauk, beharrezkotzat jo baitu herri diagnostiko sakon bat egitea, zenbait galderari herri gisa erantzuteko gaitasuna izateko. Besteak beste, demografiaren inguruko zalantzak, garapen ekonomikoari buruzkoak, ingurumenaren alorrekoak eta hizkuntzarekin loturakoak planteatu ditu, baita nazioaren egituraketari buruzkoak ere.

Eztabaidagai izan behar diren aferak aipatuta, Euskal Herria Bateraren oinarriak zehazteari ekin dio Jimenezek. Horrela, adierazi du «ozen aldarrikatu nahi» dutela Euskal Herria nazio bat dela, euskara dela haren ardatza, aniztasuna haren balioetako bat dela eta etorkizunean erabakitzeko gai izan behar duela.

Zortzigarren herrialdea

Diasporari zuzendu zaio Etchepare, «zortzigarren herrialdeari», hain zuzen ere. Izan ere, asko dira Euskal Herritik kanpo bizi badira ere, komunitatearen parte direnak eta, azaldu duenez, Aberri Eguna euskal jatorria duten beste kide batzuekin harremanak estutzeko baliatzen dutenak.

Horrez gain, galdegin du Aberri Egunari dagokion «garrantzia eta instituzionalizazio maila aitortu diezaioten», iritzita bide horretatik sortuko direla ospakizuna «zabalagoa eta baterakoa» izateko baldintzak.