NAIZ

4.000 korrikalaritik gora, inoizko parte-hartzerik handiena izango du 22. Martin Fiz Maratoiak

Maiatzaren 11an jokatuko da Martin Fiz Maratoia, eta 42,195 kilometroko lasterketaz gain, maratoi erdia, 10 kilometro eta bost kilometroko probak ere jokatuko dira. Emakumeen presentzia orotara %40koa da. Lasterketa guztiak Cervantes pasealekuan hasi eta amaituko dira.

22. Martin Fiz maratoiaren aurkezpena.
22. Martin Fiz maratoiaren aurkezpena. (@VITORIA-GASTEIZ)

Martin Fiz Maratoiaren 22. ekitaldia ospatuko da maiatzaren 11n Gasteizen eta 4.000 korrikalari baino gehiago elkartuko ditu, iaz baino %25 gehiago, inoizko parte-hartzerik altuena. Gainera, hamar parte hartzailetik lau emakumeak izango dira, aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez.

Aitor V. Morel probaren zuzendaria, Martin Fiz atleta eta maratoiaren zuzendari teknikoa, Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun zinegotzia, Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kiroletako foru diputatua eta Iratxe Gañan TotalEnergies enpresaren ordezkariak hartu dute parte aurkezpen saioan.

Maratoiari (42, 195 kilometro), maratoi erdiari (21 kilometro) eta lasterketa herrikoiari (10 kilometro) bost kilometroko distantzia gehituko zaio aurten. Lasterketa guztiak Cervantes pasealekuan hasi eta amaituko dira eta 42 kilometroko eta 21 kilometroko distantzietan parte hartzen duten horiek hiriaren erdigunean zehar ibiliko dira.

Inskripzio guztien %58 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako korrikalariek burutu dituzte, %34a, berriz, Estatu espainoleko beste leku batzuetatik etorriko da eta, azkenik, 820 parte hartzaile beste herrialde batzuetakoak dira. Emakumeen presentzia %40 ingurukoa izango da; batik bat bost kilometroko lasterketan. Kasu horretan parte-hartzaileen %72 emakumeak izango dira.

Bestalde, ekitaldiak izaera solidarioari eutsi dio eta El Prado parkean jokatuko den Maratoi Txikiaren izen-emateekin bildutako guztia Aspanofoa minbizia duten neska-mutilen gurasoen Arabako elkartearentzat izango da.