
LABek manifestazio propioak egingo ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Tuteran Maiatzaren Lehenean gutxieneko soldata eta pentsio propioak aldarrikatzeko; eta iaz bezala, Baionako manifestazio intersindikalean ere bloke propioa izango du. Hala iragarri dute astearte honetan Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi komunikazio arduradunak Bilbon egindako agerraldian.
Bertan Arroyok «nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa» dela adierazi du: «Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko».
Goraipatu ditu azken urteotako borroka sozial eta sindikalak, izan ere «horiei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu dira, hala nola, osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak edota gutxieneko soldata». Halere, eztabaida hauek «faltsuan ixteko arriskuaz» ohartarazi du: «Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza».
Hau dela eta, lantokietan, kalean nahiz instituzioetan «burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren alde presio» egitearen beharraz mintzatu da Arroyo, eta hiru lehentasun aipatu ditu: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea.
Zerbitzu publikoei dagokionez, politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu du LABeko koordinatzaile orokorrak. «Sindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistemaren pribatizazioa, eskola publikoaren azpigarapena, zaintza eskubidearen urraketa edota etxebizitzen gaineko espekulazioa. Politika publikoen sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztiei osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitza bermatzeko. Euskal Herrian badago horretarako ahalmena: enpresariek eta errenta altuek dagozkien zergak ordaindu behar dituzte, herri honek behar dituen zerbitzu publikoak finantzatzeko».
Eta industria politikari dagokionez, hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde egiten du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea. Ildo honetan, armagintzaren aldeko diskurtso enpresarial eta instituzionalak kritikatu ditu Arroyok: «Euskal Herriko susperraldi industriala ezin da armagintzan oinarritu, militarismoak bizitzaren suntsipena, larrialdi ekologikoaren azkartzea eta murrizketa sozialak dakartzalako. Aitzitik, Euskal Herriak lidergoa hartu behar du trantsizio ekosozialean, hortik etorriko da euskal industriaren etorkizuna».
Hirugarrenik, gutxieneko soldata eta pentsioari egin dio erreferentzia Arroyok. Beraren esanetan, «herritar guztiei oinarrizko diru-sarrera duinak bermatzeko eta aldagai desberdinen araberako arrakalak murrizteko bi neurri egiturazkoak dira. Euskal Herrian gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea ezinbestekoa da, hemen bizitzeko diru-sarrera handiagoak behar direlako. Baina gainera, autogobernuaren ikuspegitik garrantzia handiko helburuak dira. Bertako herritarrei oinarrizko bizi baldintzak bermatzeko gai ez dena autogobernu mugatua da».
Gutxieneko soldata eta pentsio propioak finkatzeko ekimenak abian dira. Pentsiodunen mugimendua herri ekimen legegilea proposatu du eta gehiengo sindikalak gutxieneko soldataren eskumena Hego Euskal Herrirako ekartzeko herri ekimena abiatzear du. Arroyok Nabarmendu duenez, Maiatzaren Lehenean «mezu argia» helaraziko LABek enpresariei eta erakundeei. «Izan akordio interprofesional baten bidez, izan lege bidez, ez dugu etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte. Goizago ala beranduago, negoziazio mahaia eratzeari Confebaskek ezarritako betoa gainditu egingo dugu».
Manifestazioei dagokionez, Bilbon 12.30ean abiatuko da Zabalburutik. Donostian, 12.00etan Easo plazatik; Gasteizen, 12.00etan Bilbo plazatik; Iruñea, 12.00etan Gazteluko plazatik; Tuteran, 12:30ean Foruen plazatik; Baionan, 11.00etan tren geltokitik; eta Maulen, 11.00etan Kurutze Xurian izango da mobilizazioa.
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Trabajadores de Bridgestone denuncian su situación en el Parlamento Europeo

«No hubo ataque exterior, el apagón es producto de la codicia de las grandes eléctricas»
