
Teresa del Valle Murga antropologo, irakasle eta ikertzaile donostiarra hil da astearte honetan. Euskal antropologia feministaren abiapuntutzat hartzen dira Del Valleren lanak, eta sona handia izateaz gain mugarri izan zen ‘Mujer vasca. Imagen y realidad’ liburua.
Mikronesia eta Euskal Herria izan zituen ikergai nagusiak antropologoak. Irakaskuntza eta ikerketa uztartu izan ditu espazioa eta denborarekin zerikusia duten gaiak lantzen; jabetza eta ahaidetasunari buruzkoak; etnizitatea eta errituak; sozializazio berrien eragina harreman eta egitura paritarioetan; emakume eta gizonen botereari buruzko teorizazioa ere egin du.
Dibulgazio lan garrantzitsua egin zuen, eta irakaskuntzan eta ikerkuntzan ibilbide luzea izan zuen, 40 urte baino gehiago eginez irakaskuntza, hala EHUn nola espainiar Estatuko eta beste herrialde batzuetako unibertsitateetan.
1937an Donostian jaio bazen ere, Bilbon hazi zen eta 1966an Estatu Batuetara joan zen musika ikasketak egitera. Hawain eta Bartzelonan egon ostean, 1988an egin zen doktore EHUn. Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jaso zuen 2018an, eta sari horren harira NAIZi eskainitako elkarrizketan kontatzen zuen nola bere lehen liburuan ustez existitzen zen euskal «matriarkatua» ikertu zuen: «Antropologian boterearen gaia oinarrizkoa da eta eztabaida horietan euskal matriarkatuaren gaia agertzen da. Gai hori kritikatua izan zen beste leku batzuetan, emakumeek boterea zuten gizarteak zeudela esaten zenean. Matriarkatuari buruzko ikerketa kritikoa egiten hasi ginen, Jose Migel Barandiaran lehen ikerketa bekarekin. Ikerketa zehatz bat egin genuen landa, kosta eta hiri eremuak hartuz eta emakumeak batez ere ikertuz, baina baita gizonezkoak ere. Ikusten zen matriarkatua elaborazio bat zela kasu batzuetan emakumeak boteretik kanpo mantentzeko».
Ibilbide luzeko aitortza
Del Vallek Emakunderen Berdintasun Saria ere jaso zuen 2010ean. Epaimahaiak goraipatu zuenez, Del Valle «erreferentea da euskal mundu akademikoan berdintasunaren alorrean eta lan handia egin du emakumeen errealitatearen ezagutzaren transmisioan, bereziki, euskal emakumeen errealitatearen transmisioan». Del Valleren maila akademikoaz gainera, epaimahaiak kontuan izan zituen gizartean duen eragina eta gizartearen hainbat sektoretatik egindako eskaerei emandako erantzuna eta laguntza ere.
European Association of Social Anthropologists elkartearen talde sortzaileko kidea izan zen, baita Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariorde ere 2006-2010 bitartean.

Si el futuro es China, ¿qué hacer hoy?

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón

El papa Francisco recomendó el libro ‘Miñan’ de Amets Arzallus e Ibrahima Balde

Los aranceles de Trump amenazan con dejar a EEUU sin navidades
