
550 parte-hartzaile baino gehiago izango dira igande honetan, hilaren 13an, Berako Mendi Maratoi Erdiaren hemeretzigarren ekitaldian. Martxoaren hasieran salgai jarri ziren dortsal guztiak bost egunetan agortu ziren.
Oier Ariznabarretak, Berako Mendi Maratoi Erdia zortzi aldiz irabazi duenak, berriz ere parte hartuko duela konfirmatu du, iazko hutsegitearen ondoren. Durangoko korrikalariarena da, gainera, lasterketako markarik onena, 2014an ezarri zuen ordubete, 37 minutu eta 30 segundoko denborarekin. Ariznabarretaz gain, iaz bosgarren lekuan amaitu zuen Josu Urrestarazuk, Pablo Salaverria maratoilariak, lau bider podiuma zapaldu duen Walter Becerrak eta iazko ekitaldian helmugara seigarren lekuan iritsi zen Unai Zialtzetak ere parte hartuko dute.
Emakumeen lasterketari dagokionez, berriz, orotara 89 korrikalarik eman dute izena lasterketan. Hasiera batean, lehiarik erakargarriena azken bi ekitaldietako garaileak nor baino nor neurtzean ikusiko da; hau da, Maddalen Jimenez iazko irabazlea eta 2023an besoak altxatu zituen Ainara Urrutia bertan izango dira. Horiez gain, iazko ekitaldian hirugarren postuan sailkatu zen Maud Combarieu beste behin lasterketan izango da eta baita Ane Eltzaurdia ere.
Horrez gain, emakume parte-hartzaileen artean Luis Lasa tolosarra ere bertan izango da. Korrikalari gipuzkoarra baino leialagorik nekez aurkituko da Berako Maratoi Erdian, aurreko 18 edizioetan parte hartu baitu. Horrez gain, Berako bertako 39 korrikalarik parte hartuko dute.
Maratoi Erdia goizeko 9.30ean abiatuko da. Helmugara aurreneko korrikalariak 11.10ak aldera ailegatzea aurreikusten dute antolatzaileek. Ibilbidean zehar 150 boluntario egonen dira, bi anbulantzia, sendagilea eta fisioterapeutaz gain.
Bestalde, bezperan «Ttiki Trail» delako lasterketa jokatuko da, eta igandean, berriz, helduen lasterketaz aparte, «Gazte Trail» delakoa ere bai.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El bombardeo en Venezuela y el secuestro de Maduro desatan la desinformación en redes sociales

32 combatientes cubanos murieron en el asalto estadounidense en Caracas

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da
