Arnaitz Gorriti

Itzuliak kendutako Beasaingo garaipena itzuli egin diote Alex Aranbururi

Lazkaomenditik behera Almeidaren gurpila harrapatu eta gero ihes egin du Cofidis taldekoak, baina Beasaingo sarrerako biribilgunea okerreko aldetik hartu duelako egotzi egin dute epaileek. Ibilbide liburuaren arabera, ordea, Aranburuk bide zuzena hartu du eta azkenean garaipena itzuli diote.

Alex Aranburu aztiegi ibili da, nonbait, Beasaingo sarreran.
Alex Aranburu aztiegi ibili da, nonbait, Beasaingo sarreran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Hanka bizkorrak izatea adina garrantzia dauka buruz ere azti eta argi ibiltzea. Alex Aranburu indartsuena izan da Zarauztik Beasaina Euskal Herriko Itzulia eraman duen hirugarren etapan, baina Ezkio-Itsasokoaren bertutea buruz azkarra izatea izan da... Bertutea eta baita galbidea izateko gertu ere, aztiegi jardun duelako. Helmugara iristeko kilometro inguru falta zela eta indartsuenen tropela atzetik segika zetorkiola, Aranburuk Beasaingo sarrerako biribilgunea eskuinetik hartu du, lasterketak ezkerretik sartzera behartzen bazuen ere. Han irabazitako metroei etekina aterata nagusitu da txirrindulari gipuzkoarra, baina epaileek kanporatzea deliberatu dute. Aztiegi jardutearen merezi gabeko ordaina jaso du Cofidis taldeko txirrindulariak, baina bi ordu geroxeago epaileek erabakia bertan behera utzi behar izan dute eta garaipena eman diote.

Kontua da ibilbide liburuaren arabera, biribilgunea eskuinetik hartu behar zutela txirrindulariek, nahiz eta errepideko seinaleek kontrako aldetik bidali dituzten. Ondorioz, liburuaren esanari jaramon egin dio Aranburuk; ez ordea bere atzetik zetozenek eta hori izan da Ezkio-Itsasoko txirrindulariaren galbidea, epaileek erabakia aldatu duten arte.



Itzuliak adierazi duenez,«hainbat froga jaso eta aztertu ondoren, Veloviewer-en datuak, road book-a eta taldeak emandako informazioa barne, ikusi da eskuragarri zegoen informazio guztiek adierazten zutela aipatutako biribilgunea Cofidis taldeko txirrindulariak aukeratutako tokian hartu behar zela».

Jarraitzen duenez, «UCIren araudiaren 1.2.064 artikuluaren arabera, txirrindulariek aldez aurretik ikasi behar dute ibilbidea. Kasu honetan, txirrindulariak behar bezala jarraitu du aurreikusitako ibilbidea».

Bestalde, antolatzaileek biribilguneko seinaleztapenean «akats bat» egon dela baieztatu dute. «Horregatik guztiagatik, Komisarioen Elkargoak hasierako erabakia bertan behera uztea eta txirrindulariaren helmuga igarotzea balioztatzea erabaki du», amaitu du Itzuliak.

Nahiz eta azkenean garaipena Aranbururi eman, lalstima izan da Zarauztik Beasaina bidean Euskal Herriko Itzuliak izan duen amaiera nahasgarria, osterantzean zoragarria izan baita. UAE taldeak sekulako lana egin du Joao Almeidaren alde, eta etapa abiadura bizian eraman du portugaldarraren alde. Esaterako, Ion Izagirre eta Pello Bilbao jokoz kanpo laga ditu. Eta ez du urruti izan arrakasta. Lazkaomendiko gaina harrapatzeaz bat jo du aurrera UAEko buruak eta ia bakarrik hanka egitea lortu du... ia, Alex Aranburuk gurpila harrapatzea lortu duelako, tropeleko indartsuenak, tartean Maximilian Schachmann liderra, maillot horiaren defentsa bikaina eginez.

Eta Lazkaomendiko jaitsiera azkarraren amaieran gertatu da etaparen zoria aldatu duen gertakaria. Aurrez Aranburuk gurpiletik atera du Joao Almeida, indarra eta abilezia uztartuz, baina biribilguneko sarrera oker hartu omen du, etapa hasi aurreko zuzendarien bileran halakorik aditzera eman ez badute ere.

«Alexen etapa eta garaipen bikaina izorratu digute. Zer axola dio orain helegitea aurkeztu eta arrazoia emango baligute? Haserre bizian gaude orain. Pentsa Alex bera nola dagoen! Guk liburuak jartzen zuena errespetatu baino ez dugu egin, beti egiten dugun bezala. Horretarako egiten da», azaldu du, betilun, Bingen Fernandezek lehen erabakia jakin bezain laster.

Zalaparta eta ikuskizuna

Esan bezala, etapa zoragarria zapuztu du etaparen amaiera osteko aferak. Eguneko ihesaldirik egitea eragotzi du UAE taldeak eta tropela hormaren kontra jarrita izan du tarte batez, Zeraina bidean, Mandubiko gaina pasa ondoren, Marc Solerren erasoak.

Tarte horretan Maximilian Schachmann liderrak ahul itxura eman du eta, egiari zor, txirrindulari alemaniarrak «etapa oso gogorra» izan dela onartu du. Soler Rudy Molart –Goupama– eta Clement Berthet –Decathlon– frantsesekin aurrerantz joan da eta tarte baten lidergoa ere berea izan da, harik eta Gaintzako aldapa gogorretan ezinean geratu den arte.

Berthet bakarrik joan da ihesean eta atzetik UAE taldea ez ezik, Florian Lipowitzen Red Bull Bora taldeak ere gogotik lan egin du artaldea gehiegi ez sakabanatzeko. Zentzu horretan, txalogarria izan da Gaintzatik Lazkaomendira bitarteko lautadan Schachmannek jo duen erasoa. tropela bitan hautsi du eta gorriak eta beltzak ikusi dituzte tropeleko buruek denak batera Lazkaomendiko malkarretan gora taldea nolabait eramateko.

Azken igoeran amaitu da, bide batez, Clement Bertheten abentura. Tropeltxo murriztuan ez da erritmo aldaketa handiegirik izan, baina erritmo latza bai, tarte baten Alex Aranburuk berak ezarritakoa, Joao Almeidak, ia behatz puntetan, atzetik aurrerakoa egin duen bitartean. Tarte horretan liderrak ere burua bikain asko erakutsi du, Mandubian izan duen ahultasunik gabe.

Gaina harrapatzeaz bat jo du Almeidak, eta bakarrik hanka egin behar zuen itxura eman du portugaldarrak. Baina Aranburuk ez dio erakustaldirik ematen laga eta artaldea gidatuz, Schachmannen lidergoa neurri baten Ezkio-Itsasokoak salbatu du. Baina gipuzkoarra duela lau urte Sestaon lortutako garaipena errepikatzeko asmotan abiatu da, eta baita lortu ere, epaileek erabakia hartu duten artea. Romain Gregoire hurrengo irabazle ofiziala ere ez da asko poztu. «Garaipen hotza da hau niretzat», onartu du txirrindulari frantsesak. Azkenean, epaileek atzera egin eta merezitako garaipena eman diote Alex Aranbururi.

Osteguneko etapa, Beasaindik Markina-Xemeinera bidean, beste kontu bat izango da. Beste zazpi mendate igo beharko dituzte ia 170 kilometrotan, tartean Izuako gaina, lehenengo mailakoa, helmugatik 11 kilometro ingurura.