NAIZ

Altsasuko udal taldeei «laguntza» eskatu diete Sunsundeguiko langileek, likidazioaren atarian

Balizko azken inbertsoreak atzera egin ostean, Sunsundeguiko langileek suminduta eta «oso kinka larrian» direla berretsi dute. Asteazken honetan Altsasuko Udalaren atea jo dute, laguntza eske. Izan ere, astelehenean abiatuko da likidazioa, inork gelditzen ez badu.

Langileak, Altsasuko lantegiaren aurrean pasa den ostiralean.
Langileak, Altsasuko lantegiaren aurrean pasa den ostiralean. (UGT)

Sunsundegui enpresaren langileen batzordeak bere herriko udaletxera eraman du gaur bere egoera, ezin garratzagoa. Udal talde guztiei laguntza eskatu die, baita «inplikazioa» ere, abiatzear den likidazio prozesuaren aurrean.

Sakanako hiriburuko plazan elkarretaratzea egin dute langileek, eta bertatik udaletxera jo dute, bere egoera zehazten duen idatzi bat helarazteko eta babesa eskatzeko.

Idazkian gogora ekartzen dutenez, duela egun batzuk jakinarazi zieten administratzaileek balizko inbertsore belgiarrak ez duela azkenean eskaintzarik aurkeztuko. Aurretik jada aukera eskasak aurreikusten ziren, jar zezakeen dirua ez baitzen aurrera egiteko nahikoa.

Aukera hau ezertan gelditu izanaren ondorioz, likidazio prozesuari bide emango zaio. Eta egun bat finkatu da horretarako: apirilaren 14a, hurrengo astelehena alegia.

Beste modu batera esanda, azken orduko konponbiderik agertzen ez bada, langilego guztia lanposturik gabe geratuko da, salbuespenik gabe. «Espero genezakeen bukaerarik okerrena da», nabarmendu dute. Izan ere, indemnizazioa lortzeko Fogasaren bidea baino ez dute izango. Ia 350 langile ditu enpresak gaur egun.

Udal taldeei helarazi dietenez, urte hauetan guztietan (Nafarroako enpresa beteranoetakoa da Sunsundegui, 1944 urtean sortua) pilatutako eskarmentua jakina da. «Profesional talde handia biltzen dugu, sektore ezberdinetan trebatua eta talentu handikoa», aipatzen dute idazkian.

Norbanakoentzat suposatzen duenaz gain, Sakanari begira Sunsundegui isteak «enpresa nagusia» kenduko lioke bailarari, bai kopuru aldetik baita enplegu sortzeko gaitasunari dagokionean ere.

«Denbora gure aurka doa»

Gauzak honela, «azken unera arte borroka egiteko» konpromisoa agertzen dute langileek eta horixe bera eskatzen diote Altsasuko Udalari, «340 langile kalean gera ez daitezen», eskualdean diren hornitzaileei kalterik ez egiteko eta Sakanako ekonomia motel ez dadin.

«Altsasuko komertzioak, ekonomia zirkularrak, kalte handia jasoko du», ohartarazten dute langileek. Familia asko egoera zaurgarrian geldituko direla erantsi dute. Oro har, «Altsasuko egunerokoa» goitik behera aldatuta geldi daitekeela uste dute.

Horrexegatik, eragile guztien babesa eta laguntza eskatu dituzte: zehatzago, Nafarroako Gobernuarena, Sodenarena, administratzaileena eta Altsasuko Udalarena ere.

«Atzerako kontuan garela» jakitun, «premiazko konponbide» bat eskatu dute langile hauek, enpresak ateak itxi ez ditzan. «Denbora gure aurka doa», egiaztatu dute.