NAIZ

Euskararen «erabilera sozialean» eragiteko, ekintzak egin ditu Taupa mugimenduak

Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak ekintza komunikatiboak egin ditu Gasteiz, Iruñea, Biarritz eta Bilbon, euskararen «erabilera sozialean» eragiteko asmoz.

Bilbon Guggenheimeko ‘Puppy’ txakurrari ezarri diote mezua.
Bilbon Guggenheimeko ‘Puppy’ txakurrari ezarri diote mezua. (Taupa Mugimendua)

Taupa euskaltzaleen mugimenduak ekintza komunikatiboa egin du Gasteiz, Iruñea, Biarritz eta Bilbon, «euskararen erabilera sozialean eragiteko beharra» azpimarratu eta herritarrak Taupan sartzeko dei egiteko.

Gasteizko ‘Ibiltaria’ eskulturaren aurrean hasi da ekintza; «Euskararen bidean bakarrik utziko nauzue?» mezua ezarri diote gorriz jantzitako aktibistek heliozko globoekin batera eskulturari. Iruñean, Nafarroako Museoaren aurrean, «Hemen gordetzen da euskara, ez erabili» mezua atxiki dute, «jarrera pasiboak salatzeko tonu ironikoan». Hirugarren ekintza Biarritzen egin dute, «Euskara: gutiago maita, gehiago obra!» mezua helaraziz, eta azkena Bilbon egin dute Guggenheim Museoko ‘Puppy’ txakurraren ondoan; «Txakurrari euskaraz eta lagunari ez?» galdera paratu diote, «hurbilekoen arteko hizkuntza ohituretan eragiteko».

Bilbon, azken ekintzaren ostean adierazpenak egin dituzte Taupako kideek: «Euskararen erabilera erdigunean jarri dugu ekintza honekin; izan ere, hau ez doa ongi». Azpimarratu dute urteak daramatzagula «geldialdi» egoeran, datu soziolinguistikoen argitan, «ez aurrera ez atzera». Hainbat eremutan «galera prozesuak indarrean» jarraitzen dutela eta lurralde eta eremu askotan «euskaldunok ez daukagu eskaraz bizitzeko baldintza duinik bermatuta», salatu dute.



«Egindakoa asko da, baina ez da nahikoa» aldarrikatu dute, eta antolatzeko moduak berrasmatzea garrantzitsua dela erantsi: «Gaur egungo gizarte likidoan, egiturak desegiten ari dira eta indibidualizazioa nagusitzen da. Horrek zaildu egiten du elkarrekin antolatzea eta eragitea».

Euskaraz bizi nahi izateak «korrontearen kontra aritzea» dakarrela adierazi dute, eta hizkuntza erabiltzeko baldintzak egokiak ez badira ere, aukerak badaudela, eta horiek baliatu behar direla. «Euskaraz mintzatzeko ez diogu inori baimenik eskatu behar. Hiztun moduan ahalduntzea gure erabakia da, eta Taupan saretuta, elkarrekin, bide hori errazagoa izango da», egin dute aldarri.

Taupa mugimenduan saretzeko deia egin dute: «Zer egiteko gai izango ginateke milaka aktibatuko bagina? Elkar mugitzeko garaia da. Has gaitezen komunitatea saretzen eta ahalduntzen. Saretu Taupa Euskaltzaleen Mugimenduan».