NAIZ

Hezkuntza sindikatuek beste astebeteko greba deitu dute EAEn, maiatzaren 12tik 16ra

Hezkuntzako sindikatuek lanuzteak deitu dituzte maiatzaren 12tik 16ra. LAB, ELA, Steilas eta CCOOek salatu dutenez, Hezkuntza Sailaren azken proposamena «ez da nahikoa». Begoña Pedrosa sailburuak soldata igoera lehenestea egotzi die.

LAB, ELA, Steilas eta CCOOek eman dute greba deialdiaren berri.
LAB, ELA, Steilas eta CCOOek eman dute greba deialdiaren berri. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek beste bost greba egun iragarri dituzte ostegun honetan unibertsitateaz kanpoko EAEko hezkuntza publikoko 27.000 irakasleen artean, maiatzaren 12, 13, 14, 15 eta 16an.

Aipatutako sindikatuetako ordezkariek Bilbon adierazi diote Lakuako Hezkuntza Sailari ez dutela sinatuko atzo arratsaldean «ultimatum gisa» egin zitzaien azken hitzarmen-proposamena, «oraindik ez dietelako erantzun egokirik ematen aldarrikatutako edukiei».

Iragarritako jardunaldi berriak hezkuntza publikoko irakasleen artean aurten deitutako bederatzi greba egunei gehitu behar zaizkie, soldata eta lan hobekuntzak eskatzeko.

«Indarrean dagoen irakasleen lan-akordioa 2010ekoa da, hortaz, 15 urte luze daramatza Eusko Jaurlaritza hura berritu gabe. Egindako grebetan, langileek argi eta garbi adierazi diote Hezkuntza Sailari hitzarmena orain eta hemen negoziatzeko beharra, eta Hezkuntza Sailak negoziatzeko atea zabalik duela saldu badu ere, errealitatea bestelakoa izan da: jarrera itxia, eszenifikazioa, edukirik gabeko bilerak ...», salatu dute sindikatuek.

«Greba desaktibatzeko xantaiak»

«Gainera, grebak desaktibatzeko xantaiak eta beste sektoreetan egin ez duten bezala, ez dituzte negoziatzeko aukerak aprobetxatu eta blokeoa luzatzen dabiltza. Hitz eta asmo politetatik harago, edukiak, zehaztapena eta konkrezioak behar dituzte sindikatuek», gaineratu dute.

Gauzak horrela, aldarrikapen hauek helarazi dizkiote Lakuako Hezkuntza sailari: «Gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza-tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea».

Honekin batera, hezkuntza publikoko sistema osoa euskalduntzeko politikak abiaraztea, langileen lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eskatzen dute, azken urteotan ezarritako «atzerapausoak» kentzearekin batera.

«Hezkuntza Sailak urteak daramatza aldebakarrez neurriak inposatzen, eta harrokeria horrek ekarri ditu egoera honetara. Irakasleen lan baldintzak negoziatzeko garaia da. Hala, Hezkuntza Sailari eduki, zehaztapen eta bermeak dituzten proposamenak mahaiagaineratzeko exijitzen diote, inolako baldintzarik gabe», gaineratu dute.

«Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitzea, lan baldintzak hobetzea eta eskola publikoa baliabideez hornitzea. Adierazitako aldarrikapenak lortzeko egiazko negoziazioa gauzatzea dute helburu, eta argi dute langileen mobilizazioekin batera hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dutela», aldarrikatu dute.

Pedrosa: «Onartezina»

Grebaren berri izan ostean, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak sindikatuen «blokeo jarrera» kritikatu du, «eskola publikoan hobekuntzak geldiaraztea baita helburua».

Bere esanetan, «onartezina» da iragarri duten greba-aldi berria. «Justifikaziorik gabe egoera blokeatzea da, eskola publikoa hobetuko lukeen akordio bat ixtea eragozten baitu horrek guztiak», adierazi du ohar batean. 

Pedrosak azken egunetan «negoziazioetan aurrera egiteko egun batzuetan egindako lan isilaren ondoren» proposatutako baliabideetako batzuk zerrendatu ditu: «Irakasleentzako baldintza hobeak eta ikasleei arreta sendoagoa eskainiko zaizkie. Hezkuntza Sailak baliabide gehiago proposatu ditu ikasleen ongizate emozionalari hobeto erantzuteko, iritsi berri diren ikasleen euskararen ikaskuntza indartzeko eta emaitzak hobetzeko».

Hezkuntza Sailaren eskaintzaren aurrean, ordea, sindikatuak «soldata igotzea eskatzen ari dira».

«Errealitate horren aurrean», Hezkuntza Sailak «ez du mugarik gabe luzatu nahi konponbidea duen gatazka hau». Bere ustez, «elkar ulertzeko baldintzak mahai gainean daude, eta Sailak berriro dio prest dagoela elkarrizketan jarraitzeko eta euskal eskola publikoa benetan indartuko duen akordio bat lortzeko».