Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Izuako mendatean tropela izutu eta Almeidak sari bikoitza eskuratu du: etapa eta lidertza

UAEko portugaldarrak atzean utzi ditu aurkari guztiak Izuako lehen mailako azken mendatean eta jaitsieran ez du denborarik galdu Markina-Xemeinera bakarka iristeko. Atzetik zetorren taldeak, Alex Aranburu tartean, ezin izan dio harrapatu eta Schachmann liderrak 30 segundo galdu ditu.

Joao Almeida, Markina-Xemeinen irabazle.
Joao Almeida, Markina-Xemeinen irabazle. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herriko Itzulia bezalako bost eguneko lasterketa batek ez du atsedenik behar. Asteazkeneko nahaste-borrastea ia guztiz ahaztuta –Alex Aranburuk garaipena eskuratu zuen, hasiera batean epaileek kendu eta gero–, laugarren etapako azken kikometroek tentsioarekin eta emozioarekin jarraitu dute. Protagonista Joao Almeida (UAE) izan da, Izuako azken mendatean gizon indartsuenak atzean utzi, jaitsiera bikain bat egin eta Markina-Xemeingo helmugan bakarka helmugaratzean.

Portugaldarrak sari bikoitza jaso du, etapaz gain Itzuliko lidertza eskuratu baitu mahai gainean kolpe handia emanda. Izan ere, gaur arte liderra zen Maximilian Schachmann (Soudal) alemaniarrak 28 segundo galdu ditu –eta eskerrak ez diren gehiago izan–, Izuako mendatean sufritzea egokitu baitzaio ondoren bigarren taldean sartu aurretik.

Talde horretan Alex Aranburu (Cofidis) protagonista izan da, asteazkeneko etapan bezalaxe. Ezkio-Itsasoko txirrindularia, Lipowitz eta Champoussinekin batera, Almeidaren gurpila jarraitzen bakarrak izan da. Portugaldarrak pixkanaka metroak hartzen joan da Izuako iogoeran, eta atzean, jaitsieran, Aranburu izan da taldeari tiraka aritu dena Almeidaren aldeak handiagoak izan ez zitezen.

Esfortzuak ez du saririk eman. Almeida bakarka iritsi da helmugara eta atzean, Isaac del Toro mexikarra UAEko taldekidea eta Schachmann bera helmugaratu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Alex Aranburu bosgarren izan da, onenen talde horretan sartuta.

Gauzak hala, ostiral honetako etapa hasi aurretik, Almeidak 30 segundoko aldea du Schachmannekiko eta 38 segundo Lipowitzekiko. Alex Aranburu, aldiz, euslaldunik onena da, zazpigarren postuan, 1:37ra.

Txomin Juaristi eta Ander Okamika, ihesaldian

Ezkio-Itsasoko txirrindulariak atzo jaso zuen asteazkenean jaso behar zuen garaikurra. Baina gipuzkoarraz gain, beste euskaldun batzuk ere izan ziren atzoko protagonita.

Esaterako, Txomin Juaristi (Euskaltel-Euskadi) Markina-Xemeingo semea eta Ander Okamika (Burgos) lekeitiarra eguneko ihesaldia harrapatzea lortu dute. Bertan ziren Marc Soler (UAE), Andrea Bagioli (Lidl-Trek), Quinn Simmons (Lidl-Trek), Leo Bisiaux (Decathlon), Finn Fisher-Black (Red Bull-Bora), Ben Healy (EF Education), Alex Baudin (EF Education), Mauro Schmid (Jayco) eta Sepp Kuss (Visma).

50 kilometroren faltan eta behin Milloiko mendatea pasata, 1:25eko aldea zuten. Juanma Garate irundarraren EF Education taldeak bi txirrindulari zituen hor kokatuta, baina 16,5 kilometroren faltan, eguneko azken mendatea igotzen hasi behar zutenean (Izua, lehen mailakoa; 3,5 kilometroko pareta eta %20ko aldapak dituena), tropelak bertan behera utzi du ihesaldia.

Bahrain eta Cofidis taldeek ondo egin dute lana Pello Bilbao eta Alex Aranbururen mesedetan, baina Gernika-Lumoko txirrindulariak ez du oraindik bere mailarik onena berreskuratu eta Izuako malda gogorretan atzean geratu da. Zeinek daki, agian berak diseinatutako ostiral hometan bere herrian amaituko den etaparako indarrak gordetzen ari zen...

Bizkaitarraren ordez, gaurkoan Santiago Buitragok hartu du erantzukizuna, baina hankez justu samar agertu da eta Joao Almeidak eman du eguneko behin betiko kolpea. Itzuliko kolpea ere izango ote da?