
Pello Bilbaok mundu osoko tropelean irabazi du errespetua eta miresmena, eta Gernikan, berriz, eraiki du bere etxea eta erresuma. Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapa gernikarrak berak diseinatu eta marrazturikoa izan da, bere etxe inguruak ondo baino hobeto ezagutzen dituen seinale. Ez du aldapa, saihesbide eta errepide esturik pasatzeke laga, ibilbide gorabeheratsu, gogaikarri eta nekosoa bezain zoragarria atera baita.
Baina Bilbao ez da arkitektura lanetan murgildu bakarrik. «Etxekoen aurrean azaltzen ahalegindu gara, nahiz eta gorputzaldirik onenean ez egon», onartu du txirrindulari gernikarrak, Lodosara iristear zela erori eta mailatuta geratu zelarik, bere maila apur bat jaitsi ostean. Helmugara iristea lortzea erdietsi duen ihesaldia Pello Bilbaok Berak xaxatu du, sei gizonek, zein baino zein hobeak, tropeletik ihesi joanda.
Ben Healy eta Alex Baudin –EF–, Bruno Almirail –Decathlon–, Julien Alaphilippe –Tudor– eta Warren Barguin –Picnic PostNL– eraman ditu ondoan Bahrain taldeko bizkaitarrak. Hain zuzen, Ben Healy izan da Pello Bilbaok marraztu duen erresumako errege absolutu eta bakarra. «55 kilometroren faltan jo du eta pentsatzen genuen besteon artean harrapatzerik izango genuela. Talde lanean ondo konpondu gara, denok ere gure indarrak ondo kudeatuz, baina ez da Healy harrapatzeko modurik egon. Beste maila baten egon da gizona eta halakoetan zorionak eman besterik ez dago», onartu du Bilbaok.
Garateren aholkuak; Healyren lana
Izan ere Education First taldeko irlandarrak sekulako erakustaldia eman du, Juanma Garate bere zuzendariaren aginduak zorrotz bete eta bere indarrekin egundoko etapa burutu ostean. Garate irundarra bere garaian ihesaldietan sartzen zalea zen eta eskarmentu hori bikain baliatu du bere mutilaren mesedetan. «Bagenekien Pello Bilbao etxe inguruan mugituko zela eta bere gainean egoteko agindu diot Beni etapa hasi aurretik, eta hala suertatu da. Gainera Alex –Baudin– ere sartu dugu bigarren aukera bat izateko», azaldu du zuzendari gipuzkoarrak.
Tropela bi minutu baino gutxiagora zuten iheslariek helmugarako 55 kilometro falta zirela. Ordurako eguneko mendateak botata zeuzkaten txirrindulariek, baina ibilbidean ordekan ia metrorik ez zegoen; bide estua, bihurria, gorabeheraz betea... Ondorioz, Garate zuzendariaren aginduari jaramon eginez, Ben Healyk aurrera hanka egin du, beste bost iheskideak bidean lagata, talde lanaren ondorioz harrapatuko zutelakoan. Nahi bai!
Duela bi urte Giroko etapa bat horrelaxe jokatuta irabazi zuen irlandarrak. Orduko hartan 50 kilometro falta zirela jo zuen erasoa, iheskideei «agur jaunak!» esan ostean. Ostiral honetan, are eta lehenago jo du erasoa. Baina behin erasoa jotzen hasita, zalantzarik ez du egin. Ez du atzera begiratzen lanik hartu Education First taldeko txirrindulariak.
Muinoz jositako klasiketan iaioa da Healy eta bikain asko erakutsi du abilezia hori. Bere iheskide ohiek, Baudinek izan ezik, erreleboetan zintzo jokatu dute –Armirail berehala geratu da atzean–, baina irlandarrarengana hurbildu ordez, tropela gainera etorri zaie, Gernikatik egindako pasaera horietako baten, Pello Bilbao zaleak agurtzen ari zela irentsi dituzten arte.
Baina tropelaren lanak, Alex Aranbururen Cofidisenak batik bat, ez du tropelik Healyrengana hurbildu. «Iheserako ibilbide hobea zen hau taldean tropelaren alde lan egiteko baino», onartu du Healyk berak helmugan. «Eroso sentitu naiz errepide hauetan; gogorra izan da, baina merezi izan du esfortzuak. Juanmak –Garatek– bikain gidatu nau eta handik aurrera gauzak ederki atera dira», gaineratu du irlandarrak.
Tropelean mugimenduak
Behin etapa erabakita, tropelaren mugimenduak oso interesgarriak izan dira. Joao Almeida bakarrik uztea lortu dute bere arerioek, baina portugaldarrak ez du ahultasun zantzurik erakutsi. «Lipowitz edo Schachmann, adibidez, indartsu ikusi ditut, baina ni neu ere sasoi onean izan naiz. Taldeak ondo eraman nau eta erasoak iritsi direnean erantzuteko indarrik ez zait falta izan. Etapa polita atera da azkenean», adierazi du Almeidak.
Alex Aranburu izan da tarte horretan gehien mugitu den txirrindularietako bat. Ezkio-Itsasoko mutila aldapa gora sekula baino hobeto moldatzen ari da Itzuli honetan eta ez dago geldi egoteko, podiuma ez duelako oso urruti. Azkenean, ezin izan du aurrerabide handirik bilatu, baina larunbateko Eibarko etapan zeresanik izan dezakeela erakutsi du, Azurki, Izua edo Krabelin bezalako mendate gogorrak igo behar badituzte ere.
Itxura baten Joao Almeidak itxura sendoa eskaini du, baina Itzuliko etaparik gogorrena azkenerako laga dute eta aste osoko mugimenduen ordaina azken kilometro horietan ere egon liteke.

El papa Francisco recomendó el libro ‘Miñan’ de Amets Arzallus e Ibrahima Balde

Los aranceles de Trump amenazan con dejar a EEUU sin navidades

Aritz Otxandiano denuncia un ataque contra su vivienda: «Se han sobrepasado todos los límites»

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz
