Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Erwan Lievin paraeskalatzaileak 7c+ mailako boulder bat sinatu du

22 urteko frantziarraren jarduera bikaina Fontainebleaun dagoen ‘Le Pilier du Desert’-en izan da. Lievin besomotza da, eta duela hiru urte eskalatzen hasi zen. Protagonistak baieztatu du prest dagoela 8a maila probatzeko.

Erwin Lievin.
Erwin Lievin. (INSTAGRAM)

Erwan Lievinek jarduera gogoangarria lortu du boulderraren munduan sona handia duen Fontainebleaun. Frantziarrak esku batean agenesia du; hots, beso bat eskumuturrean amaitzen da. Halere, desgaitasun horrek ez dio eragozpenik ezarri blokean zein lehiaketetan gogor estutzeko. Paraeskalatzaile honek motibazio itzela du, eta horren isla da izaten ari den progresioa.

View this post on Instagram

A post shared by Erwan Lievin (@erwan.lievin)

Duela hiru urte eskalatzen hasi zen, eta dagoeneko gai izan da 7c+ mailako bloke bat egiteko. “Le Pilier du desert” izan da sinatu berri duena; hain zuzen ere, Desert d´Apremont sektorean. Hortaz gain, bere herrialdeko zein nazioarteko txapelketetan makina bat titulu irabazi ditu.

Fontainebleaun egin duen eskaladaren inguruan aurreratu behar dugu borroka latza egin behar izan duela. 2023an “Bagheera” (8c) erdietsi ostean, Lievenek aurreratu zuen zailtasunean beste urrats bat egiteko indarra zuela. Eta “Le Pilier du Deset”-ekin erakutsi du oraindik bere maila gorenera ez dela heldu.

22 urteko paraeskalatzaileak boulder horretan izan duen prozesuari dagokionez, esan behar dugu iazko neguan lauzpabost saialdi egin zituela. Bisita horietan giltza askatu gabe utzi zuen. Aurten, berriz, proiektu horretara itzuli da. Frantziako Txapelketan hirugarren postuan sailkatu eta bost egunera, Lievin ‘Le Pilier du Desert’-en ekinaldi berriak egiten hasi zen.

Ez zegoen oso itxaropentsu, baina bere burua sendo ikusi zuen: «Berriro motibatu nintzen, eta oso azkar konturatu ere aurreko saialdietan baino askoz ere sasoikoago nengoela. Bat-batean blokearen giltza gainditu nuen. Pozarren nengoen lortutako aurrerapenarekin, baina erabaki nuen saialdiak bertan behera uztea. Astebetera bloke horren aurrean nengoen. Mugimendu zail hori probatu nuen, baina ez nintzen gai izan gainditzeko. Halere, ez nuen etsi eta hurrengoan asmatu nuen. Amaierako mugimenduetan kontzentratuta joan nintzen, eta, azkenean, ‘Le Pilier du Desert’ egin nuen».

Helburuak
Bideoan ikusten den bezala, frantziarrak sinatu berri duen boulderra oso fisikoa da. Lievinek dio txiripaz aukeratu zuela: «Gure belaunaldikook maiz egiten dugun bezala, Instagram begiratzen ari nintzen. Eta bat-batean, ‘Le Pilier du Desert’-en bideo bat ikusi nuen. Asko gustatu zitzaidan, eta neure buruari esan nion gai izango nintzela bloke hori eskalatzeko. Mugimendu zailenak buruhausteak sortu zizkidan, baina onartu behar dut itxaropena eta motibazioa ez nituela inoiz galdu. Behin betiko ekinaldian ez dakit nola eutsi nion; erokeria hutsa izan zen. Amaierako mugimenduak ere ez dira samurrak, eta horiek behin baino gehiagotan probatu nituen. Hitz gutxitan esanda, energia asko eskatu zidan».

‘Le Pilier du Desert’-ekin frantziarrak beste urrats garrantzitsu bat egin du bere ibilbidean, baina aurreratu du lorpen horrekin ez dela konformatuko eta 8a maila buruan duela: «Dagoeneko, zailtasun horretako hainbat bloke begiratu ditut. Franchard Basses Plaines sektorean Camille Coudertek asmatutako ‘Coude pression’-ek asko erakartzen nau. Alabaina, ez naiz itsutuko eta nire asmoa da udaberrian zein udaran zailtasunean errazagoak diren bloke asko egitea. Lan horrekin sentsazio onak lortu behar ditut; izan ere, baldintza onak daudenean xede horretara oso sasoiko iritsi behar naiz».

Amaitzeko, Lievinek dio bere desgaitasunarekin kezka handiak izan zituela batez ere boulderra praktikatzeko. Hastapena ez zen batere erraza izan: «Esku bat ez dudanez, blokeetan oso gaizki jarduten nuen. Gainera, ez nengoen batere indartsu. Egun, berriz, desgaitasun horrekin deskonektatzeko giltza lortu dut, eta eskaladarekin gozatzen ari naiz. Badakit Fontainebleaun bloke ugari ezingo ditudala egin, baina oihan horrek aukera asko eskaintzen ditu. Oro har, ez dut lan espezifiko asko egiten; oso denbora gutxi daramatzat eskalatzen. Azkenaldiotan, hatzak lantzen ari naiz; entrenatzaileak dio ez dudala indar handirik. Besondoarekin ere lan handia egiten ari naiz. Finean, nire desgaitasunarengatik proiektuekin oso selektiboa izan behar dut».