Artolak 22-16 menderatu du Elordi neurketa bizi eta gogorrean

Ikuskizun bikaina eskaini dute bi pilotariek. Alegiarra gehienetan aginduz, baina mallabiarra defentsan airoso eta aukerak baliatuz. Hori bai, azken txanpan nekea nabaritu du Elordik eta Artola zuzenean joan da 16-16tik 22-16ra.

Iñaki Artolak asko gozatu du eskubiz Labriten.
Iñaki Artolak asko gozatu du eskubiz Labriten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iñaki Artolak lan ederra eginda lortu du bere lehen puntua Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkan. Partida gogor eta parekatu batean Aitor Elordi baino freskoago iritsi da azken txanpara, eta horri esker 22-16 menderatu du mallabiarra.

Elordik Senar kanporatu zuen aurreko astean, final-zortzirenetan, eta neurketa horretan erakutsi zuen sasoi onean dagoela; Artolak Binakako finala jokatu zuen duela bi aste eta ikusi beharra zegoen zer moduz moldatzen zen bakarkako lanera. Ba egia esan, biek maila bikaina eskaini dute eta norgehiagoka ikusgarria izan da.

Dirua Artolaren alde atera da, eta alegiarrak hasiera oso ona eman dio demari. Bigarren tantoa luzea eta gogorra izan da, berotzeko aparta, eta Artolak pilota atzeratu eta aurkariari buruz gain pasata bereganatu du. Batu horri Elordiren huts bat eta sakez egindako bi tanto, eta horrelaxe aurreratu da gipuzkoarra 4-0.

Baina neurketak utzi duen bigarren piloteo aipagarrian, Elordi izan da Artolaren dejada txokoan harrapatu eta zabalean botatako beste batekin bikain erantzun duena. Sakea hartuta, 4-3 gerturatu da markagailuan, eta hortik aurrera lehia oso parekatua ikusi dugu Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Abantailak gehien-gehienean Artolarenak izan dira emaitzari dagokionez, eta jokoan ere ekimena berea izan da ia beti. Pilotakada erraz luzatu du atzera eta aurrean ere asko asmatu du errematean: 5-3koa dejadaz egin du, 6-3koa atzera jota, 8-6koa gantxoz...

Elordi, bere aldetik, defentsan aritu da nahi baino gehiagotan, gustatuko litzaiokeena baino atzeragotik jokatuz, baina bolearekin oso seguru aritu da eta asmatu du pilota ezker horman bihurritzen. 2023an txapela janztera eraman zion bizitasuna erakutsi du une askotan eta tanto ikusgarriak ere egin ditu: 6-4koa txokoan utzita, 6-5ekoa luze jota, 6-6koa gantxoz, 8-8koa boleaz jotako horma-biko ikusgarri batekin... Eta piloteoan aurrera eginda jo duen gantxo zail bati esker lortu du 8-9koa, markagailuan lehen aldiz abantaila hartuz.

Nekearen lanak

Partida asko gogortu da lehen erdi horretan, eta esfortzuari ongien eusten zionak asko izango zuen irabazia. Artola izan da berriz ere abantailatxo bat lortu duena 15-12koan. Sakearekin dezente asmatu du alegiarrak –bost tanto– eta aurrean amaitzerakoan ere ez da batere urduritu.

Elordi piloteoan gehixeago sufritzen ikusten zen, baina hala ere mallabiarra gai izan da kontrako haizeari eutsi eta norgehiagokan erabat sartuta jarraitzeko. 15nako berdinketa dejada eder batekin lortu du, 16nakoa gantxo bati esker... Estatistikak ere ia berdinak zituzten bi pilotariek une horretan.

Baina ordura arte ikusi diren joerak azken txanpan nabarmen azaleratu dira. Artola zuzenean joan da 16-16tik 22-16ra. Atzean gogor zigortu du Elordi eta aurrean bikain amaitu ditu tantoak. Eta gertatu denaren erakusgarri partidako azken tantoa: Elordik defentsa lanari esker lortu du aukerako pilota bat izatea, baina oso urrunetik botatako dejada txapa azpira joan zaio. Nekearen lanak, 58 minutuan jotako 273 pilotakada biziren ondoren.

«Poz handia daukat, iruditzen zaidalako partida zail bat atera dudala aurrera», onartu du Iñaki Artolak amaieran. «Aitorrek oso ongi jokatu du. Nik ere banekien ongi iristen nintzela txapelketara, baina aurreneko partida izanda beti dituzu zalantza batzuk: errestoa, defentsa... Multzoa oso gogorra da eta lehen puntu hau eskuratzea oso garrantzitsua zen», gehitu du.

Aitor Elordik «pena» zuen galdu egin duelako, baina «lehiakorra» izanaren lasaitasuna ere bai. «Banekien defentsan asko aritzea tokatuko zitzaidala, eta halaxe izan da. Uste dut bolearekin nahiko ongi ibili naizela, pilota zail batzuk jarri dizkiodala, baina erasorako aukerak izan ditudanean ez dut hainbeste asmatu. Sakearekin ez askorik, eta amaieran nekea ere antzeman dut», adierazi du.

Artolak eta Elordik hemendik bi astera jokatuko dute hurrengo partida. Multzoa Lasok eta Peio Etxeberriak osatzen dute, eta dema hori datorren astean jokatuko da Lekeition.

FITXA

Pilotakadak: 273 pilotakada. Partidaren iraupena: 58 minutu eta 15 segundo. Sakez: 5 Artolak –eta falta bat– eta 2 Elordik –eta falta bat–. Jokoan egindakoak: 12 Artolak eta 10 Elordik. Galdutakoak: 3 Artolak eta 4 Elordik. Markagailua: 4-0, 4-3, 6-3, 6-6, 8-6, 8-9, 9-9, 9-10, 11-10, 11-11, 13-11, 13-12, 15-12, 15-15, 16-15, 16-16 eta 22-16. Gertaerak: Buruz Buruko txapelketa nagusiko final- laurdenetako partida. Iker Iriarte izan zen Artolaren botileroa eta Garikoitz Txakartegi (osaba) Elordirena. Lehen sakea, urdin.