
‘Bagara nor, badugu zer egin’; izenburu hori zuen atzo iluntzean Euskal Herria Batera ekimenak Aberri Egunaren atarian antolatu zuen ikuskizunak; «Triku Herria gara, asko egin dugu, eta asko dugu egiteke». Horiexek izan ziren kantuz, hitzez eta dantzaz osaturiko emankizunean ikusleengana iritsitako ikasgaiak.
Kursaaleko aretoa betexe zegoen arratsaldeko zazpiak jotzerako; oholtza ohi bezain handi, atzealdean musikarien tresnak, eta aurrealdean kutxa bat, itxita eta argiztatuta. Guztia prest Manex Fuchs, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguezek asmatutako ikuskizunerako.
Aberria definitzea ez da batere lan samurra; are zailagoa da aberri bateratu bat marraztea, baina atzo nolabait lortu zuten Idoia Tapiak, Oier Zuñigak eta Maia Iribarnek. Tapia eta Zuñiga arduratu ziren ideiak hitzez oholtzaratzeaz, inguruan dantzariak zituztelarik, eta Iribarnek kantuei ahotsa jarri zien Eñaut Zubizarreta eta Julen Etxeberri musikarien laguntzarekin. Kartografia mapa batzuk atera zituzten kutxa batetik emanaldiaren hasieran; umore zorrotzez eta kritiko eta ameslari saiatu ziren egungo meridianoak marrazten etorkizuna eraikitzeko. «Maitasuna leku bat da. Euskara leku bat da. Munduan gure lekua. Hizkuntza bakoitza mapa bat da, kartografia bat», aurreratu zuen ikuskizunaren hasieran Zuñigak.
Arkitektura bat
Euskarak ardaztu zuen ekitaldia, eta hizkuntza hegemonikoen aldean bestelakoa dela esan zuten: «Hiztun hegemonikoek merke saltzen digute beren ustea, hizkuntzak komunikazio tresnak direla, eta, tresna izanik, beraiena onena dela, noski; gureak ez duela balio aski. Baina usteak erdi ustel, hizkuntza ziutate bat da. Baditu bere periferiak, eraikin hutsak, egoitza berriak, eta, hiria berreraikitzen ari garela, bere arkitekturak eraikitzen gaitu gu». Euskaldunon aberria euskara dela nabarmendu zuten: «Gure aberria, euskaraz harilkatzen den unibertso bat da». Askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldeko borrokak euskararen borrokak direla esan zuten, eta mapak elkarren artean josten hasi ziren antzezleak.
Hizkuntzaren biziraupenaren inguruan hausnarketa bat plazaratu zuten aldarri garbi batekin; «ez gaitezen engaina, hizkuntzak ez dira naturalki desagertzen, beti armaz, pozoiz ala urkaturik hiltzen dira», eta dantzarien ahotsen laguntzarekin gogoratu zuten jada bost milatik gora hizkuntza eta ondorioz herri hil dituztela.
«Nahi duguna izateko eta nahi dugun aberria eraikitzeko atakan gaude», esan zioten elkarri: «Herri erresistentzia eta erresistentziaren ikur den Amaiur berria hori da, hizkuntzagintza, herrigintza, kulturgintza, ‘gintza’ guztiak bat».
Eta Berri Txarrak taldearen “Folklore” kantuari erreferentzia eginez, Iribarnek galdera bat pausatu zuen jendartean: «Zer esan gehiago ez al diegu ematen ez existitzeko?». Eta errotuladore bana hartuta existentzia horren arrastoak uzten hasi ziren lurrean zeuden mapetan.
Euskaldunon aberria euskara dela nabarmendu zuten: «Gure aberria, euskaraz harilkatzen den unibertso bat da»
Ikusle batzuen ahots isilen eta txaloen artetik, kritiko agertu zen oholtzan berriro ere Tapia: «Artea da erresistentziaz irauten diona, baina euskal kultura bazterreko aurrekontuekin eta bazterreko espazioetan dabil». Botila erdi hutsik edo erdi beteta, euskal jendarteak nola ikusten duen eztabaidatzeko, ardo botila eta gazta atera zituzten, ezin zitekeen bestela, eta etorkizunera begiratuta ondorio bat atera zuten: estaturik gabeko herriak dira galtzeko arrisku handiena dutenak.
Trikuak gara
«Horra aberri euskaldunaren erronka: alda dezagun baldintza, aplika dezagun mintzairaren eskubidea. Herritartasuna izan dezala euskararen patuaz ardura duen orok», adostu zuten antzezleek, eta hurrengo gai estrategikorako zubia eraiki zuten: etorkinen etorrera, harrera herria izatearen garrantzia. Hamaika ertz ukitu zituzten, eta lurrean zituzten mapekin bola bat osatu.
Musikarien txokotik, oholtzaren aurrealdera joan zen Iribarne eta argi adierazi zuen: «Nire aberria triku bat da». Trikuak badaki besarkatzen, baita autodefentsan zein maite-maite egiten, badaki azala trikuarazten. Trikuak sustraiak ditu, baina jabetzarik ez, trikua da litezkeen utopia guztien arragoa».
«Trikua ibilian dabil, bidean doa, bidean dabil, bide egiten, ez bidea dakielako, bidea jakin nahi duelako baizik», esan zuen Iribarnek, eta bidea egiten dabiltzan guztiei bihotza trikutu zitzaien apur bat. Eta, batez ere, trikua da «a, e, i, o, u berri bat sortzeko kapaz».
Bateratasuna aldarri
Xabier Euzkitzek eta Mireia Epeldek ekitaldiaren aurretik adierazpenak egin zituzten, Kursaala «betexka» egoteaz gain, «batera» ere bazegoela esan, eta horrek «guztion Aberri Egun bateratuaren bidean» kokatzen dituela. Gogoratu zuten Aberri Egunaren ospakizuna «jendarteratzea» nahi duela EH Baterak; «guretzat ezinbestekoa baita euskal komunitatearen parte izatearen sentimendua errotzea eta adieraztea», azaldu zuen Euzkitzek. Munduaren aurrean nazio bat garela aldarrikatu zuten; «erabiltzen dugun hizkuntzak, lekukotzen gaituen lurraldeak eta lotzen gaituen kulturak egiten gaituela, ainguratzen gaituztela eta zentzua eta segurtasuna ematen dizkiote bizitzari berari».
«Artea da erresistentziaz irauten diona, baina euskal kultura bazterreko aurrekontuekin eta bazterreko espazioetan»
Epeldek nazioa «askotariko esparruetatik» egiten dela gaineratu zuen, eta horregatik dela funtsezkoa «Euskal Herriaren giharra osatzen duten esparru eta pertsonen arteko harremana elikatzea». EH Batera «herri-une eta herri-gune» izateko sortu zela azaldu zuen eta atzoko ekitaldia «tanta txiki bat baino» ez dela «sakondu behar den konpromiso herrigile horretan».
«Aberri Egunaren bidez eman eta zabal dezagun komunitate egiten gaituen hori, ikusmolde eta kultura berrietara irekiz», egin zuten aldarri Kursaaleko oholtzatik. Amaitzeko, mezu bat: «Azal diezaiogun munduari desira, heldutasun eta gaitasun nahikoa dugula gure etorkizuna eraikitzeko eta erabakimen osoa geureganatzeko».

Sabino Arana Fundazioko, Lehendakari Agirre Centerreko eta Olaso Dorreko ordezkariekin abiatu zuten kanpoan sokadantza, eta bertan bildu ziren Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikatuetako hamaika ordezkari. Besteren artean, Eneko Goia, Ekhiñe Atorrasagasti, Lierni Ezenarro, Eraitz Saez de Egilaz, Joxerra Bengoetxea, Naiara Goia, Estitxu Garai, Juan Karlos Izagirre, Iñaki Goirizelaia, Nekane Balluerka, Bakartxo Tejeria eta Adolfo Araiz.
«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako 'kokoak' topatzen joango gara udaran»

Si el futuro es China, ¿qué hacer hoy?

EH Bildu postula a Euskal Herria como «nación de libertad» y ve factible un nuevo «campo base»

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón
