NAIZ

EH Bildu San Bartolomeko proiektuarentzat «irtenbide onena» bilatzeko «eskuzabalik» agertu da

Pasa den astean jakinarazi zuen Donostiako Udalak, San Bartolomen ez dela merkatal-gunerik egingo. Erabakia ona dela uste du EH Bilduk, baina berandu datorrela. Gainera, erabaki horrek izango dituen albo kalteei begiratu eta irtenbide onena denen artean bilatzeko proposamena egin du.

San Bartolome ingurua obretan, 2018ko irudia.
San Bartolome ingurua obretan, 2018ko irudia. (Andoni Canellada | FOKU)

Pasa den astean Donostiako Udaleko Eneko Goia alkateak azaldu zuen San Bartolomen ez dela azalera handiko dendarik egingo, ezta lur azpiko aparkalekurik ere. Hiritarrek urte luzez eskatu izan dute proiektu hori bertan behera uztea, eta alkateak esan zuen erabakia erraza izan ez arren, San Bartolome Muinoa sozietatearekin negoziazioak abiatu direla.

Azken egunetan «datu eta errelato» asko entzun direla eta, Donostiako EH Bilduko eleduna den Juan Karlos Izagirrek hainbat argipen egin nahi izan ditu igande honetan. San Bartolomeko proiektuaren zati bat bertan behera geratzea hiriarentzat ona dela azaldu du, erabaki bat hartu dela, «baina berandu da», zehaztu du. Gehitu du oraindik ez dakitela zenbateko kalte ordaina ordaindu beharko den. «EH Bildu, beti bezala, prest dago elkarlanerako, arduratsu jokatzeko. Badakigun bezala, Bildu dagoen lekuetan herritarren bizitza hobetu egiten delako eta interes orokorra lehenesten delako, eskuzabalik gaude irtenbide onena bilatzeko», adierazi du.



Begirada 2011an jarri aurretik irmo azaldu du: «Bilduk ez zuen inoiz horrelako proiektu bat sustatuko. Etxebizitza libre garestia bakarrik aurreikusten zuelako, donostiar gehienentzat lortzea ezinezkoa dena». Eta bestetik, «donostiar guztiona den ondarea txikitzen» zelako. Gainera plataforma batek bultzatutako «oihartzun herritar bat» bazegoela gaineratu du.

Bildu Udal Gobernura 2011ean iritsi zenean, «egoera konplexu» batekin topatu zela esan du: krisi ekonomikoagatik arriskuan zegoen proiektua, udalak abalatutako 100 milioi arriskuan zeuden eta protesta herrikoi bat proiektuaren aurka ere bazegoen.

Herritarren intereseko espazioa

Horren aurrean, Bilduk «beti jokatu duen bezala» jokatu zuela argitu zuen Izagirrek: «Jendearekin hitz egin eta, irtenbideak bilatu eta adostuz. Auzo elkartearekin, merkatariekin, plataformako kideekin, eta hitz egin genuen alderdi politiko guztiekin».

Beraz, alderdi subiranistak APOAren aldaketa bat proposatu zutela gaineratu du, horrekin «lehen urratsa» eman zutela azaldu du, «murru bat salbatzea, bainuen etxea harriz harri lekualdatzea orain dagoen kokalekura, murruaren goiko aldean espazio publikoa izango zen miradore bat proposatzen genuen, eta komentuari ez zeukan babesa ematen zitzaion». Aitortu du egia dela, komentu horretan hotel bat aurreikusi zutela, «donostiar guztion ehun milioi horiek salbatzeko». Eta jarraitu du: «Eta egia da, hirugarren sektoreko erabilerarako aurreikusi genuen azalera bat, eta ez azalera handiko denda bat. Hau esatea garrantzitsua da, guk hirugarren sektoreko erabilera bezala aurreikusten genituen gimnasioak, bulegoak, gestoriak edo denda txikiak, inoiz ez azalera handiko denda bat. Eta behar ziren parkingak, Easoko aparkalekuarekin negoziaketetan geunden plaza batzuk han kokatzeko».

Ondorenera iritsi ziren udalera behin betiko onarpena aldaketa horrena eta plan espeziala, EH Bilduk horiei ezezko botoa eman ziela argitu du Izagirrek: «Behin eta berriz saiatu gara mozio batzuen bitartez azalera handiko dendei bidea ixten, baina udal gobernuak behin eta berriz ezetz bozkatu dio EH Bilduri eta bere mozioei».