
Donostiako portuak memoria historikoa berreskuratzeko txoko berri bat du gaurtik aurrera: Gipuzkoa Bou itsasontzia birsortzen duen brontzezko eskultura jarri dute bertan, Eusko Itsas Gudarosteari aitortza eginez.
Eusko Itsas Gudarostea Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zela eratu zuen Eusko 1936ko urrian. Haren helburua itsasoko trafikoa eta arrantza babestea eta euskal uretatik minak kentzea zen. Horrela, Jaurlaritzak bere kostaldea eta biztanleak babesten zituen matxinatutako bandoaren erasoetatik.
Eusko Itsas Gudarosteko ontziteriaren zatirik handiena itsas zabaleko 9 bakailao-ontzik osatzen zuten, eta horiei artilleria gehitu zitzaien, 101 milimetroko kanoiekin. Bizkaia, Araba, Nabarra, Gipuzkoa, Goizeko, Iparreko, Donostia, Gasteiz eta Iruña izenak jarri zizkieten itsasontziei. Horiei unitate armatu txikiak gehitu zitzaizkien, eta oso erabilgarriak izan ziren minaketari gisa prestatutako 27 arrantza-ontzi txikiak. Itsasontzi haiek Bilboko portuko sarbideak garbi mantendu zituzten.
Itsas Gudarostean, 600 lagun inguruk hartu zuten parte eta haietako komandanteak merkataritza-nabigaziotik iritsitakoak ziren. Gerora, ontzi-teniente gisa prestatu zituzten. Prestakuntza eta borroka-izaera handia erakutsi zuten, eta matxinatuentzako kargamentua zeramaten Alemaniako merkantzia-ontziak atzeman zituzten bidean.

Artilleriako arrantza-ontzi horiei bou esaten zitzaien, eta hainbat misiotan parte hartu zuten, euskal portuetara hornigaiak eramaten zituzten merkataritza-ontzien eskolta gisa, eta etenik gabe lan egin zuten portuetako sarbideetan (Bilbokoa, esaterako) minak kentzen.
Eusko Itsas Gudarostearen lehen borrokaldia 1936ko azaroaren 15ean gertatu zen, eta Velasco destruktore frankistari egin behar izan zioten aurre (atzera egin beharra izan zuen). Bestalde, Eusko Itsas Gudarosteak parte hartu zuen borroka garrantzitsuena 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen: hiru bouk, Bizkaiak, Nabarrak eta Gipuzkoak, Canarias gurutzaontzi frankistari aurre egin behar izan zioten Matxitxakoko itsas guduan. Borroka haren ondorioz, Matxitxakoko itsas gudu ospetsu hartan, Nabarra itsasontzia hondoratu zen.
Brontzezko eskultura
Donostiako portuan jarri duten brontzezko eskulturak memoriaren zati hori berreskuratzea du helburu. Eskulturak 2,70 metroko luzera eta 40 cm-ko zabalera du eta Enrique Lekuona ontzigintzako ingeniariak diseinatu zuen Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin Juan Pardo ikerlariak emandako itsasontziaren jatorrizko planoak oinarritzat hartuta.
Eskultura Eibarko Alfa Arte enpresak, sorkuntza-lan eskultorikoetan espezializatutakoak, urtu du brontzean. Oxidazio naturalari esker, material horrek antzinako patina eskuratuko du. Eskultura horrek Gipuzkoa Bouaren oinarrizko ezaugarriak eta bolumena erreproduzitzen ditu: kroskoa, ‘Gipuzkoa’ izena brankan eta artilleriako elementuak. Alboan, azalpenak jasotzen dituen plaka bat jarri dute.

Inaugurazio ekitaldia Matxitxako Elkarteak antolatu du eta hainbat instituzioetako kidek eta Eusko Itsas Gudarostearen ondorengoek hartu dute parte. Eneko Goia Donostiako alkateak gogora ekarri du Eusko Itsas Gudarosteak «rol heroikoa» izan zuela 36ko Gerran eta eskultura honen bidez «gure historiaren orrialde eder eta tragiko hori idatzi zutenen oroimena eta izena ohoratu» nahi dituztela nabarmendu du.
Matxitxako Elkartearen ordezkari gisa Oihane Pardok adierazi duenez, «garrantzitsua da bizipen horiek familia-inguruneetan transmititzea eta mugarri hauek gure memoria historikoan duten garrantzia azpimarratzea. Horietako bat da, hain zuzen ere, Gipuzkoa Bouaren eskultura hau, beharrezkoa baita Eusko Itsas Gudarostea osatu zuten kideek erakutsitako duintasuna gure hiri-inguruneetan ainguratuta geratzea». Eusko Itsas Gudarostean egondakoen lekukotza jaso beharra dagoela azpimarratu du, belaunaldi berriek jakin dezaten demokrazia eta giza eskubideak defendatzen eta diktadurei aurre egiten. Aipagarria da Matxitxako elkartea, 25 urtez, Eusko Itsas Gudarosteko kideen eta haien senideen idatzizko dokumentazioa, argazkiak eta ahozko testigantzak biltzen aritu dela.
Ekitaldian zuzeneko senitartekoek ere parte hartu dute, hala nola Coro Sanchezek, tripulatzaile baten alabak. Erbestealdiaren eta frankismoa ezarri ondoren, aita etxean beti garaitua ikusi izan zutela esan du. «Aita hil ondoren, Nestor Basterretxeak Matxitxakon jarritako monumentuaren inauguraziora joan eta hunkitu egin nintzen ekitaldi hartan bertan zeuden Eusko Itsas Gudarosteko kide gutxi haien duintasuna handitu egin zela ikusita. Pena handia eman zidan aita aitortza-ekitaldi hartan egon ez izanak».
Miren Egia, Eusko Itsas Gudarosteko buru izandako Joaquin Egiaren alaba, Ingalaterratik etorri da ekitaldira (herrialde hartara erbesteratu zen familia), eta frankisten aurka borrokatu eta ondoren aliatuei Alemania naziaren aurka lagundu izanagatik duen harrotasuna azpimarratu nahi izan du.
Ekitaldia Eider Mendozak itxi du, esanez euskal gizartean «benetako kultura demokratikoa» errotu behar dela. «Administrazio publikoentzat betebeharra da memorian sakontzea, ondoren transmititzeko, eta, gainera, modu zintzoan egitea», adierazi du.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
