Andoni Lubaki
Fotokazetaria / Fotoperiodista

Idlib-en ez da gutxiengoak onartzeko akordioa betetzen

Damaskon dagoen gobernuak etnia- eta erlijio-aniztasunaren aldekoa dela dio. Baina martxo hasieran Latakian eta Tartusen izandako sarraskien gordintasunak hori zalantzan jartzeaz gain, Idliben, Al-Assad erorarazi zuten matxinoen gotorlekuan, ere ez da giro.

Taka Takekta medikuak Idlib hirian kristau bat baino ez dela geratzen onartzen du.
Taka Takekta medikuak Idlib hirian kristau bat baino ez dela geratzen onartzen du. (Andoni Lubaki)

Kristau bakarra geratzen da Idliben», onartu du Taha Takeka medikuak hiriko Ospitale Nagusian. Nefrologian doktore den honek harro erakusten du bere dialisi-gela. «Hemen inork ez du ezer ordaintzen. Tratamendu oro doakoa da eta ez dugu bereizketarik egiten emakumeen eta gizonen artean. Denek tratamendu bera jasotzen dute. Gaixotasuna zaildu egiten bada edo tratamendu bereziren bat behar badu, pazientea Turkiara eramaten dugu», azaldu du.

Abu Hamza bere iloba da. Al-Qaedako borrokalari ohi eta orain HTSko soldadua dena  itxarongelan dago, kalaxnikov fusila alboan. Sudurra falta zaio. «Bala batek aurpegia ukitu zidalako galdu nuen, baita hezurraren zati bat ere. SDFko kurduek tiro egin didate orain dela gutxi. Siria zatitua eta akonfesionala nahi dute», esan du gazte jihadistak.

Lau egun barru egingo diote ebakuntza, eta sudurra kirurgia plastikoarekin osatuko  diotenak mediku turkiarrak izango direla ziurtatu diezaioten nahi du.

Osaba, Takeka doktorea, irribarretsu dago. «Ikaragarria izan da munduak eman digun laguntza. Alde guztietatik bidaltzen zuten ekipamendua. Turkia izan da emailerik handiena, baina Alemaniak, Frantziak eta Espainiak ere bidali dute laguntza. Ekipamendu kirurgikoa batez ere, gure soldatak Turkiako administrazioak ordaindu baititu».

Etnien eta erlijioen desagertzea

Australiako Strategic Policy Institute izeneko think tank  kristauak ikerketa demografiko bat egin zuen 2011. urte hasieran Ekialde Hurbilean, eta, haren arabera, Idlib eskualdean 10.000 kristau bizi omen ziren orduan eta ez zuten fedea jendaurrean erakusteko beldurrik. 10 apaiz eta 8 moja bizi ziren eta al-Jacoubiyah eta Halluz herrietan, esaterako,  gehiengoa kristaua zen.

Gerra hasi ondoren, islamaz besteko erlijio batzuen aurkako jazarpena hasi zen. Muturreko talde matxinoek kristauei erasotzeaz gain, drusoak eta kaldearrak ere jazarri zituzten. Human Right Watchek 2014ko txosten batean salatu zuenez, Jabbat Al Nusrah  eta antzeko taldeek egiten zituzten ankerkeriak (Siriako Al- Qaedaren filiala, gaur egun Damaskon gobernatzen duen HTSren barnean dago).

«Siriak etnia eta erlijio anitzekoa izaten jarraituko du», dio Damaskoko erregimenak, bere sorterri Idlibetik urrun


Egun ez dago ez drusorik ez kaldearrik Idliben. Kristauak ere desagertu egin dira. Erail ez zituztenek ihes egin zuten. 2014ko urtarrilean 250 kristau baino ez ziren geratzen. Gaur egun, bakarra geratzen da Idliben, kapera txiki bat gordetzen du hiriaren erdialdean, eta ez du elkarrizketarik ematen. «Baina denok maite dugu, oso laguna dut», esan du Takeka doktoreak.

GARAk berarekin hitz egitea lortu du, baina 63 urte dituela, alarguna dela eta seme-alabak Arbilen (Irak) bizi direla baino ez zuen esan. Ez du hitz egin nahi. «Ez naiz garrantzitsua».

Idliben aspalditik ez dira  kurdu asko bizi, baina ondoko Afrin kantoian gehiengoa ziren 2016ra arte, Turkiaren aginduz matxino talde batek euren etxeetatik ihes egitera behartu zituen arte. Abu Ahmed-ek, Abu Hamzaren lagun minak, harro erakusten ditu bere smartphone berrian eskualde horretako kurduen aurkako erasoen bideoak. Irribarrez, «Assad, Assad, Assad» oihukatzen du pantaila behin eta berriz seinalatuz.

Gobernuko kideek eta muturreko taldeek, hala nola HTSk eta Estatu Islamikoak, hedatu zuten teoria agerikoa da: kurduak Siriako diktadorearen azken aztarna dira. Whatsapp taldeetan, lehen Sanaa agentzia publikoarentzat lan egiten zuten informatzaileek eraso guztiak, gaitz oro eta kaleko delitu bakoitza SDFko kurduei egozten diete. «Al-Assadekin elkarlanean aritu dira gerran; orain ez dute Siria batu eta baketsuarekin bat egin nahi. Gerra besterik ez dute nahi. Nahi badute, izango dute. Iparraldetik gure aliatuek zapalduko dituzte eta hegoaldetik gu sartuko gara», azaldu du Abu Hamzak haserre. «Alak babesten gaitu», bota du hatz erakusleaz zerua seinalatuz.

 Idlibeko Armadako kideak.
Idlibeko Armadako kideak.


Damasko eta autonomia

Abdul Munem Zaineddinek, Siriako Gobernuko koordinatzaile nagusiak, hedabide honi ziurtatu zionez, «Siriak etnia eta erlijio anitzekoa izaten jarraituko du».

Halarik ere, trantsizioko gobernuko zenbait bozeramailek argi ohartarazi dute: «Siria nazio bakarra izango da, bandera bakar batekin, eta ez da autonomiarik onartuko».

Estatu Islamikoa suntsitu zutenak kurduak izan ziren, ordea, eta agian horrexegatik, hain zuzen, argi du Abu Hamzak: «Al-Assad diktadoreari lagundu diote eta hori ordaindu beharko dute. Ez dute armadan integratu nahi eta ez dut alboan nahi Alarengan sinesten ez duen kurdu bat bera ere, ezta Siria berriaren bandera onartzen ez duenik ere». Berak Armada berrian soldadu bihurtzeko proposamena jaso duela baieztatu digu. Inongo akademiatik igaro gabe, kargu ofizial batekin, gainera.

Abu Hamza martxo hasieran batailoi bateko buru egin zuten Idliben; ez, ordea, Damaskoko Armada nazionalak; oraindik zain omen dago. «Idliben sortutako batailoi honetan badauzkagu txetxeniarrak, uzbekoak, irakiarrak eta hiru afganiar gure artean. Damaskoko gobernuak siriar pasaportea emango ziela agindu zuen urtarrilean, baina ez dute bete», esan du batailoiko buru bihurtu eta astebetera.

Martxo hasieran Latakia hiritik gertu dagoen herri batean dago. «Bagenekien alauiek Al-Assaden jarraitzaile izaten jarraituko zutela. Damaskoko gobernuak ez zigun jaramonik egin. Eskerrak gu etorri ginen eta Siria berriz federik gabeko nazio bihurtzeko plana zapuztu genuen. Egindakoaz harro gaude», adierazi  dio GARAri telefonoz.

Alauiak Libanora bota ditugu, baina arratoiak beti itzultzen dira eta gu zain dauden katuak gara», diote Idlibetik sarraskia egitera jaitsi zirenek



Gutxiengo alauiko kideak erruz hil zituzten iparraldetik (gehienak Idlib-eko probintziatik) jaitsi ziren jihadista inkontrolatuek. Siriako Defentsa Ministerioak arazo isolatutzat jo bazituen ere, bertatik jasotako informazioek beste gauza bat diote. «Eszisio bat sortu da. Gobernura iritsi berri den HTSri arerioak atera zaizkio lehen koalizioan zeuden taldeen artean. Batez ere, Al-Qaedan sartu ziren Estatu Islamikoko borrokalariek berriro armak hartzeko deialdia egin dute sare sozialetan eta irrati batzuetan mezuak irakurri dituzte altxamendura deituz. Hala ere, oraingoz ez dute jarraitzaile askorik lortu hiriburuan», kontatu du Mulay Kasser Idriss SPU Siriako Unibertsitate Pribatuko Ekonomia irakasleak.

Arazoak irtenbide zaila duela uste du Kasser Idrissek «Traizionatuak sentitzen dira. Beraiek bakarrik hasi zuten alauien aurkako sarraskia, eurek erabakita soilik. Eszisio horrek Idliben jarraitzaileak biltzen jarraitzen du, gaur egun Sirian jihadista gehien dituen probintzian. Alauien erailketen ondoren gehiengo kurdua duen Rojavako armada Nazio Armadan sartzea erabaki du Damaskoko Gobernuak. Horrek sutan jarri ditu.

Tamalez, alauien aurkako eraso horiek ez direla azkenak izango ziur dago aditua. «Damaskori muzin egitean beste barne arazo batzuk sortuko dira», gehitu du unibertsitate doktoreak.

Abu Hamzak telefonoa itzali aurretik zera ohartarazten du: «Arazoak konpontzen jarraituko dugu. Alauiak Libanora bota ditugu, baina arratoiak beti itzultzen dira eta gu zain dauden katuak gara».