
Iker Larrazabal gazteak ezusteko handia eman du Eibarko Astelena pilotalekuan Jokin Altuna, egungo txapelduna, 14-22 menderatuta. Amezketarra ongi hasi da, 5-1 ere aurreratu da markagailuan, baina apurka-apurka Larrazabal nagusitzen joan da eta bigarren erdian askoz gehiago izan da.
Larrazabalek egin du partidako lehen tantoa, pilota oso atzera jota, baina Altunak ongi erantzun du eta azkar uxatu ditu txapelketako lehen neurketak sortu ohi dituen zalantzak. Bi dejada eder, atzera jotako pilotakada indartsu bat eta sake bikain batekin 5-1 aurreratu da markagailuan amezketarra. Bizi ikusten zitzaion, kantxan arin mugitzen eta kolpez fresko.
Baina Larrazabal aurkari arriskutsua dela bazekien ederki asko Altunak, eta azkar egiaztatu ahal izan du: arabarrak 5-2koa botiboleaz jotako horma-biko ikusgarri batekin lortu du. Jendea harrituta geratu da pilotalekuan, baina ondoren beste hiru tanto ere egin ditu jokaldi horrekin. Hurrengo aurkariek badute, beraz, zer aztertua.
Sakearekin ere asko asmatu du Amurrioko pilotariak. Guztira bost tanto egin ditu sakez, eta sake-bueltan ere bai beste mordoxka bat. Gisa horretara egin du 5-6koa, markagailuan aurrea hartuz.
Ez da pilotakada askoko neurketa izan, 176 guztira 45 minutuan, eta tanto trukaketa azkarrean joan da norgehiagokaren zatirik handiena. Larrazabalek pilota atzeratzeko aukera zuenean aginte horri zukua ateratzea lortzen zuen, baina Altunak hanketara jokatzen zionean dezente sufritzen zuen defentsan.
Jokin aurretik ibili da 11-10ekora arte, eta jokaldi bikainak utzi ditu, 8-6an atzera jo duen pilotakada edo 9-8an kantxaren erditik jotako gantxo zaila adibidez. Larrazabalek ere ez zuen amore ematen eta pilota bizi atzeratuz asko estutu du Altuna.
Baina aipatutako 11-10eko horren ondoren Ikerrek bost tantoko partziala kateatu du, 11-15 agintzera pasaz. Konfiantza hartzen joan da, bere pilotakadek Altuna ito egiten zutela ikusi du, eta unea baliatzen jakin du.
Askotan ikusi dugu Jokin Altuna horrelako estuasunetatik bizirik ateratzen. Eibarren ere ez zegoen ezer erabakita eta gipuzkoarrak egin ditu bere-bereak dituen jokaldi harrigarri horietako batzuk, 12-15ean atzeraka joanez ezustean bota duen dejada milimetrikoa, adibidez. Baina ez zitzaion batere eroso ikusten eta azken txanpan erabat erori da.
Larrazabalek azken bost tantoak segidan egin ditu, 14-17tik 14-22ra, eta bera gozatzen ari zen bitartean Altuna amorratuta ikusi dugu, errestoan asmatu ezinik.
«Ez nuen irabaztea espero. Altuna bezalako pilotari bati irabaztea oso zaila da, bere frontoian gainera, baina lortu dut eta oso pozik nago. Nire jokoa egiten asmatu dut: ondo atzeratu eta gero bukatu. Sakearekin ere min egin dut gainera. Bastidakoa niretzat frontoi ona dela uste dut eta ea horrela jarraitzen dudan», adierazi du bigarren jardunaldiko partida datorren ostiralean Darioren aurka jokatuko duen Larrazabalek.
Altunak, aldiz, Zabalaren kontra neurtuko ditu indarrak igandean Donostian. «Larrazabal ni baino gehiago izan da. Gehiago jo, gehiago asmatu, gehiago errestatu... Ezkerrez ez dut pilotakada bat ere asmatu partida osoan, desastre bat izan da, eta horrela ezin da maila honetako partida bat irabazi. Merezita irabazi dit. Ea datorren igandean garaipen bat lortu dezakedan beste aste bat bizirik irauteko behintzat», esan du egungo txapeldunak.

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Fallece Gloria Rekarte, a quien han dado el último adiós en Iruñea
