
Zaldibarko plazan bada espazio berezi bat joan den martxoaren erdialdetik. Atzean bizilagunen baratzeak dauzka, parean plaza, udaletxea, liburutegia eta Sorgin taberna. Eta hor erdian, Xerra estudio eta Xerra espazioa, «ekosistema zoragarrian», Xerrako kide Laida Zapre eta Ane Lusarretaren hitzetan.
«Tabernetako barran komentatzen diren gauza horiek bat-batean benetan egin daitezke», aitortu dute pozarren. Izan ere, urteetan buruan izan dutena Zaldibarren gorpuztea lortu berri dute. Xerrak bi buru ditu; batetik, 2022tik martxan duten Xerra estudioa, «jaten ematen diguna», zehaztu dute, eta, bestetik, abiatu berri den Xerra espazioa, forma hartzen ari dena.
«Xerra estudioaren bidez gure lanak egiten ditugu, izan enkarguzkoak edota egin nahiko genituzkeen proiektuak», argitu dute; komunikazioa, diseinu grafikoa, bideogintza edota argazkigintzarekin lotuta dauden lanak egiten dituzte, baita proiektu pertsonalak ere; «badugu interes artistiko bat», zehaztu dute.
Espazioaren alderdia da berriena, «sorkuntza gune bat izan nahi duen espazio ireki bat da, artisten saretzea bermatuko duena eta Zaldibarren eskaintza kultural zabal bat egingo duena; oxala Durangaldea guztiarentzat eskainiko balu», aitortu du Lusarretak.
Zaprek azaldu du momentuz hiru lan lerro dituela espazioak: erakusketak (urtean hiru); ‘Zinejana’ deitu diotena, zinema eta gastronomia lotzen dituena (urtean lau aldiz); eta tailer monografikoak. Tailer monografikoak hilabetean behin egitea aurreikusten dute; «ezagutzen edo gustatzen zaizkigun artista ezberdinak gonbidatuko ditugu, DJak eta argazkigintza, muralgintza edota serigrafiaren bueltako lagunak, esaterako».
Ideiak gauzatzeko espazioa
Aitortu dute «konturatu gabe» hasi zela Xerra gorpuzten. Izan ere, Zaprek eta Lusarretak unibertsitatean ezagutu zuten elkar, ondoren Eitb Kultura saileko erredakzioan egin zuten topo berriro ere, eta kontatzen dute sarritan beraien arteko laguntasunak eraman dituela elkarrekin lan egitera, «eta elkarrekin konfabulatzera mila saltsatan». ‘Saltsera’ gisa definitzen dute beren burua, baina aitortuz betidanik izan dutela kulturaren eta artearen inguruko «sentsibilitate bat». Hainbat lan egin dituzte jada elkarrekin, Ines Osinagaren ‘Itsasoa da bide bakarra’ edota Igeldoko Undermount espazioari buruzko dokumentala.
Estudiorako lokal bila ari zirela egin zuten topo Zaldibarkoarekin; parez pare zeuden bi lokal erakutsi zizkieten, «eta biak hartzen baditugu?», galdetu zuten, eta erabaki hori hartu zuten momentutik handitu omen da proiektua.
Garrantzitsua da beraientzat herritarrek parte hartzea; «ez dugu euren ‘mobidak’ egitera datozen bi turista izan nahi, benetan hemengo jendearekin eta hemengo herritarrentzat interesgarria izan daitekeen eskaintza bat egin nahi dugu», azpimarratu dute.

Eta, hain zuzen ere, bizilagunak espaziora hurbiltzen direlako jakin dute lokal horien iraganaren berri. «Egun estudioa dena bodega bat zen, eta estetika pixka bat mantendu dugu; kristalezko letreroa mantenduz, adibidez. Eta egun espazioa den lekua harategi bat, ‘Todo a 100’ bat, gazteen lokala eta gero bizartegi bat izan zen. Guztien zantzuak aurkitu ditugu; harategiko barra mantendu dugu, lokaleko gazteen izenak zeuden erakusleihoa, oraindik bizartegiko ileak agertzen dira…». Kokalekua zein bertako giroa «opari bat» izan dela diote ilusioz.
Zubiak eta sareak Saretzea da proiektuaren helburuetako bat. «Eta ez da nahi bat nebulosa batean suertatzen dena; errealista da, ezagutzen ditugu proiektu kolektibo asko bide horiek jorratzen ari direnak, eta uste dugu hori dela moldea, kolektiboki antolatzea, modu autogestionatuan eta feminismotik», azaldu dute. Ezagutzen dituzten kolektibo horiek eredutzat hartzen dituzte, eta «zubiak» ere eraiki nahi dituzte.
Irakaspen handi bat atera dute: «Bakarrik ezin da, lagunekin bai; hirietan ezin da, herrietan bai». Kontatu dute gero eta argiago ikusten dutela hori, eta datozen urteek esango dutela, baina norabide hori jorratuko dutela Xerran. Herria oso garrantzitsua izan da beraientzat, «maiteminduta» omen daude, herritarren zein udalaren prestasunagatik. Eta irriz diote lagun oso onak dituztela egiaztatu dutela, «esplotatu» egin baitituzte, auzolanak eta herri bazkariak antolatu, lokalak atontzeko; «horrela iritsi gara honaino». Atea zabalik dago.

Si el futuro es China, ¿qué hacer hoy?

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón

El papa Francisco recomendó el libro ‘Miñan’ de Amets Arzallus e Ibrahima Balde

Los aranceles de Trump amenazan con dejar a EEUU sin navidades
