Kazetaria / Periodista
Elkarrizketa
Estebe SALGADO
Tradewinds enpresaren jabea

«AEBra inportatzen dugun ardoari eragingo dio, baina zigorra denontzat izango da»

Ikasle bezala etorri zen AEBetara 18 urterekin, igeriketarako beka batekin. Handik urte batzuetara ireki zuen egun daraman enpresa. Euskal Herriko eta Europako produktuen izena bertan ezagutarazten ibili da. Orain baina, oso laino ilunak ageri dira ortze mugan.

Estebe Salgado, Washingtonen.
Estebe Salgado, Washingtonen. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Arantzelak indarrean sartu berri –Trumpek atzera egin baina %10eko muga-zerga orokorra mantenduko duela iragarri baino lehen egin zen elkarrizketa hau–, AEB-etara produktuak inportatzen lan egiten duzuenoi bereziki eragin dizue erabakiak.

Nik uste azkenean denok jasango dugula zigorra. Ez guri eragingo digunagatik bakarrik, guri ere bai, baina gure sektoreari begira bakarrik, denoi igoko zaigu ardoaren prezioa.

Nola sortu zenuen enpresa?

2002an etorri nintzen Estatu Batuetara, eta 2008an ekin genion Tradewinds enpresari. Ni donostiarra izanik, etxean edaten nuenaren falta nuen, hemen ezin nuen halakorik aurkitu. Etxeko produktuen falta hori ikusi, eta horrela hasi ginen, boutique ardoak aurkitzen eta hemen haien ordezkaritza egiten. Garai hartan ez nekien ondo non ari nintzen sartzen, jakin izan banu agian ez nukeen egingo. Baina duela hamazazpi urte 25 urte nituen, eta arriskatzeko garaia izaten da, eta esperientziatik ikasteko. Asko ikasi dugu urteotan. Eta segitzen dugu ikasten. Hasieran kosta zitzaigun, Euskal Herriko ardoa ezagutaraztea kosta egin zitzaigun, baina egin dugu bidea. Baita sagardoarekin ere.

Zein da zuen eremua?

Sei pertsona gara, berez bi enpresa ditugu. Hemen Washingtonen kokatuta gaude, baina AEB guztirako egiten dugu ardoaren inportazioa. Horrekin batera, gure egunerokoan banatzaileak ere bagara, Washingtonen eta bere inguruko eskualdean, Marylanden Baltimore inguruan iparraldean eta Virginian Richmonderaino gutxi gora behera.

Enpresa Euskal Herriko ardoekin hasi nuen, eta Espainiako batzuk ere bai, gaur beste leku batzuetakoak ere baditugu, Italia, Frantzia, Portugal, Eslovenia, esaterako. Baina orduko filosofia berari eutsi diogu: ekoizle txikiekin, baserritarrekin zuzenean lan egitea. Normalean enpresa hauek ez daukate kanpora irteteko baliabiderik, eta hemen esan ohi da marketinga dela garrantzitsuena. Normalean Euskal Herriko enpresek produktu oso ona egiten dute baina baliabide gutxi daukate marketinerako eta kanpora irteteko. Guk ardandegi horiekin egiten dugu lan, zeren produktu oso ona baitaukate. Gure berezitasuna da hemen ordezkaritza egitea, merkatua ondo ezagutzen dugu.

Zein da hemen zuen bezeroa?

Gure bezeroak dira jatetxeak, sukaldariak, hotelak, denda espezializatuak. Bezero handietako Whole Foods katea da; produktu organikoetan-eta egiten dute lan, eta oso sare zabala daukate. Hemen Jose Andres chef-arekin lan asko egin du, berak ere lan handia egin du gure produktuak sustatzen, eta enbaxadore bezala oso pertsona garrantzitsua da.

Ziaboga proiektua aurkezten egon berri naiz Utah-n. Euskal Herriko hiru ekoizlerekin egindako proiektua da, bata Getariakoa, bestea Bizkaikoa eta Arabako Errioxakoa hirugarrena.

Aipatu dituzun herrialdeak Europar Batasunekoak dira denak, aurrerantzean ehuneko hogeiko arantzelak izango dituzte. Kalkulatu duzue nola eragingo dizuen?

Neurriak zer ekarriko duen oraindik ez dakigu. Eta ezin izan dugu askorik egin. Adierazpenak asko egon dira, ez genekien zenbateko muga-zergak izango ziren, hasieran 200ekoa ere izango zela esan zuen Donald Trumpek. Lehen agintaldian (2019an) ehuneko 25ekoa jarri zuen 14 gradu baino gutxiagoko Europako ardoentzat. Oraingo honetan, ez genekien zer izango zen.

Orain badakidanez ehuneko 20koa izango dela, ikusiko dugu nola moldatzen garen. Alde batetik azken kontsumitzaileei iritsiko zaie zerga hori. Horrek du prezio guztiak garestituko ditu, ez ardoan bakarrik, sektore guztietan baizik.

Kaltea guztientzako bada, kalte horretan besteak baino hobeto irtetzeko erarik?

Kalte egingo digula uste dut, baina ez dakit, beste ardo batzuen aldean. Frantziako ardoa beti gu baino gorago dago, Euskal Herriko txakolina ondo sartu da. Ezer onik izango duen? Nork daki, baina ardo mundurako ez da ona. Gaur erosten duzuna ehuneko hogei ordaintzea garestiago ez zaio inori gustatzen, bakoitzak daukan erosteko ahalmena gutxitu egingo da. Soldatak ez dira igoko. Bakoitzak diru gutxiago izango du.

Kontsumitzaile estatubatuarraren profila desberdina da Euskal Herritik.

Bai, bezeroa oso desberdina da. Hemen commodity deitzen diote (luxuarekin lotuta). Baina arazoa denontzat da, jendeak ardo gutxiago erosten badu, jatetxeetan ere dena garestituko da, horrek jende gutxiago joatea ekarriko du, eta gure bolumenari ere eragingo dio, noski. Ardo-ekoizleak ere nonbait saldu beharko du hemen saltzen zuena, beste bide batzuk aurkitu beharko ditu. Denok dugu balantza eta oreka horren beharra.

Gertatutakoan erraza da esatea, baina argi samar zegoen bazetozela arantzelak, zehaztasunak jakin ez arren. Aurretiaz neurririk hartzerik izan duzue, ohi baino gehiago inportatzea adibidez?

Hemen egongo balitz produktua mereziko zukeen biltegia betetzea, baina noski, kanpotik datorrena ezin duzu goizetik gauera bete. 30-40 egun behar dituzu, eta prebisioak ere oso zailak dira. Ezin da jakin. Gero ez dakizu ondo salduko duzun ere, horregatik gaude geldi samar. Ez dakigu zer gertatuko den, igual merkatuak onartzen du, edo igual ez. Ez dakigu zer egin. Zailena hori da, ez jakitea.

Txakolina aipatu duzu lehen, negozioan eragin berezia izan du?

Hasi nintzenaen oso txakolindegi gutxi zeuden, Getaria aldeko gutxi batzuk zeuden hemen. Gaur egun onarpena oso ona izan duen produktua izan da, eta oso merkatu ona dauka. Euskal Herritik txakolin asko dator AEBra, ez guk daramaguna bakarrik, beste asko ere bai. Ikusiko dugu ze ondorio daukan. Igoera beti izan da gorantza, eta hau da arazoa: hemen ez badugu saltzen, non salduko dugu, Txinan, Indian, Europan beste nonbait?

Euskal marka ezagunagoa da azken urteotan?

Lan ona egiten baduzu, edozein lekutan zure izena eta produktua saltzeko ahalmena izango duzu. Eta Euskal Herrian oso produktu onak ditugu. Hemen egoteko, lan asko egin behar da, baina gero lan horrek fruituak ematen dizkizu urteetan zehar. Gaur ikusten da kanpoko jendea Euskal Herrira asko joaten dela, horretan ibilbide bat izan da, garapen bat, gorantza.