NAIZ

Aguraingo Udala bertan eraiki nahi dituzten instalazio fotovoltaikoen aurka agertu da

Cañaveras Solar S.L.-k Aguraingo udalerrian instalatu nahi dituen proiektu fotovoltaikoak berriz aztertzeko eskatu dio Udalak enpresari. Proiektu horien aurka dagoela adierazi du, eta balio estrategiko handikotzat kalifikatutako nekazaritza lurra ez okupatzea eskatu du.

Gasteizko parke fotovoltaiko baten artxiboko irudi bat.
Gasteizko parke fotovoltaiko baten artxiboko irudi bat. (Raul BOGAJO | FOKU)

Aguraingo Udalak udalerrian eraiki nahi diren instalazio fotovoltaikoen aurkako jarrera adierazi du eta Cañaveras Solar S.L. enpresari proiektuak berriz azter ditzala eskatu dio. Astelehen arratsalde honetan batzorde informatiboan eztabaidatu eta astearteko Osoko Bilkuran onartuko den ekimen batek jasotzen du hau.

Udalak ohar batean gogorarazi duenez, proiektuetako batek 15,75 MWko pontzia duen instalazio fotovoltaiko bat aurreikusten du, 22,22 hektarea hartuko lituzketen 21.720 panelekin, eta horietatik hamalau hektarea balio estrategiko handiko nekazaritza lur gisa kalifikatuta daude. Beste proiektuak 30,9 MWko potentzia instalatua aurreikusten du, 50 hektareako okupazioa gaindituko luketen 48.960 panelekin.

Horien aurka dagoela adierazi du Aguraingo Udalak, enpresak «Udalak egindako eskaerei jaramonik egin gabe» bere asmoekin jarraitzen duela salatuz. Horregatik, lur horiek ez okupatzeko eta gune populatuetatik gutxienez 500 metrora dagoen salbuespen eremu bat bermatzeko eskatu dio.

Horrekin batera, Aguraingo erakunde publiko, sozial eta ekonomikoei proiektu energetikoak ustiatzeko sortutako sozietatearen jabetzan parte hartzeko eskatu dio enpresari. Gainera, dokumentuan Lakuako Gobernuak berriztagarrien hedapenean ordena jartzeko betebeharra bere gain hartu behar duela berresten da, «gure lurraldearen energia beharrei erantzungo dioen trantsizio energetiko justu eta demokratikoa bermatuko duten deliberazio-prozesuak bultzatuz».

«Udal Gobernuak hainbat eskaera egin dizkio enpresari proiektu hau energia berriztagarriaren hedapenari ekiteko defendatzen ditugun printzipioetan txertatzeko: gure eremu babestuak eta balio estrategiko handiko nekazaritza lurrak babestea eta energia ekoizpenaren demokratizazioan urratsak egitea, gure komunitateak proiektuetan parte hartuz. Eta orain arte ezezko erantzuna jaso dugu. Horregatik gaude proiektu hauen aurka», azaldu du Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkateak.