NAIZ

Erakundeek, enpresek, eragileek eta komunikabideek babesa eman diote Maite Zaitut jaialdiari

Maite Zaitut jaialdia ate joka dator. Astelehen honetan Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzan elkartu dira maiatzaren 3ko pailazoen omenaldia babestu duten erakunde, enpresa, eragile eta komunikabideetako zenbait ordezkari.

Astelehen honetan egin duten agerraldiaren irudia.
Astelehen honetan egin duten agerraldiaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Maite Zaitut jaialdiaren atzera-kontua hasi da. Maiatzaren 3rako dena prestatzen ari dira antolatzaileak. «Aste pare batean sekulako herri olatua altxatuko da Barakaldoko Bizkaia Arenan», nabarmendu dute sustatzaileek.

Astelehen honetan Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzan elkartu dira pailazoen omenaldia babestu duten erakunde, enpresa, eragile eta komunikabideetako zenbait ordezkari.
 
Agerraldian parte hartu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk; Bizipoza Elkarteko Amaia Elizondok eta Maite Zaitut Elkarteko Amagoia Mujikak. Horiez gain, bertan izan dira beren babesa adierazten honako ordezkariak: udalen izenean, Hernaniko alkate Xabier Lertxundi eta Lekeitioko alkate Ander Aldazabal; enpresa eta kooperatiben izenean, Kaikuko Ane Alegria eta Miren Castaño, Oronako Garbiñe Beraza, Fagorreko Aritz Otxandiano eta Izarkomeko Iker Garaialde. Komunikabideei dagokienez, NAIZeko zuzendari Ane Urkiri, EITBren izenean Makusiko arduradun Nerea Zendoia; ‘Berria’-ko kide Irati Azkue; Hamaikako zuzendari Ainhoa Jauregi eta Noticias taldetik, ‘Deia’-ko kudeatzailea den Ibon Mujika. Eta eragileen izenean, Aize Otaño eta Maialen Begiristain AEK-ko ordezkariak, Joanmari Larrarte Elkar Fundazioko patronatuko lehendakaria eta Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakaria.

«Urtebete baino gehiago da herritar talde batek abentura ero hau martxan jarri genuela. Pailazoak gertuko sentitzen ditugun herritarrak gara Maite Zaitut Elkartearen inguruan bildu garenak. Eta helburu zehatz batekin sortu ginen: Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsi herri omenaldi eder bat egitea eta Maite Zaitut kolektibo ozen bat eskaintzea», esan du Maite Zaitut Elkarteko kide Amagoia Mujikak.

Hasieratik oso garbi izan zuen elkarteak bestelako laguntza eta babesa beharrezkoak izango zituela: «Herriak egin nahi die omenaldia Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsi eta herriaren parte zareten erakunde, enpresa, kooperatiba, eragile eta komunikabideak ezinbestekoak izan zarete herri momentu hau josteko. Hemen bidean laguntza eta bultzada eman diguzuen batzuek zaudete, ez denak, askoz gehiago ere izan baitira. Guretzat izugarri pozgarria da gaurko argazki hau», azpimarratu dute.

«Herri olatu indartsua»

Bidean, askotan galdetu diote euren  buruari ea ondo ari ote ziren, hala aitortu dute. «Ea herriak ere sentituko ote zuen guk sentitu dugun taupada hau, pailazoei maite ditugula esateko behar kolektibo hau».

Orain, maiatzaren 3a bertan ikusten dutela, diote «baietz, zuzen ginela. Ez dela gure erokeria bat, herri oso baten bultzada daukagula. Gaurko argazkiak hori erakusten du. Mila esker bihotz-bihotzez hemen zaudeten guztioi eta etorri ez arren, bidean eskutik heldu diguten beste hainbesteri. Juan Gorritik esaten du bihotzetik bihotzera egiten dena betirako geratzen dela eta guk ere hori uste dugu. Maiatzaren 3an elkartuko gara BECen herri momentu eder bat bizitzeko, bihotzetik bihotzera. Jantzita ekarri ondo pasatzeko gogoa eta poltsikoan margo gorri bat aurpegia margotzeko. Herri olatu indartsu bat altxatzera goaz».

Azken sarrerak erosteko eta ekarpenak

Era berean, Maite Zaitut Elkarteak jakinarazi du gaurtik norbanakoek beren ekarpena egiteko aukera izango dutela webgunean. Eta pistako azken sarrerak ere badaude eskuragarri, orrialde horretan bertan.

«Euskal irritarrak animatu nahi ditugu maiatzaren 3an Maite Zaitut festan parte hartzera. Bi orduko puntako ekitaldia izango da, arte diziplina desberdinetako 200 parte-hartzaile baino gehiagok parte hartuko dute, eta bihotzean tatuatuta geratuko zaigu», amaitu du Amagoia Mujikak.

Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak hartu du hitza ondoren. Oraingoz 30 udalek baino gehiagok eman diote babesa herri omenaldiari. Mendibururen hitzetan, «kiroldegi eta antzokietan sartu dira ikuskizunarekin lehenik, liburutegira eta hezkuntza zentroetara ondoren liburu eta diskoekin eta, azkenik, gizarte zerbitzu eta ludoteketako ateak zabaldu izan dizkiegu. Pailazoak inspiratzaileak eta aurrerakoiak izan dira urte luzez gordeta eduki izan ditugun gaiak plazara ateratzeko. Hala, maiz pailazoekin elkarlanean, gizarte zerbitzuetatik lanketa bereziak egin izan dira adibidez arrazismoa edo familia ereduak lantzeko edo, ludotekatik abiatuta, dolua bezalako gai zailak haurrekin lantzeko. Zinez eskertuta gaude Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ikuskizunak, materialak, jakintza, inspirazioa eta laguntza eman dizkigutelako tokiko erakundeetako zerbitzu publikoei gure herriak euskaldunagoak eta berdinzaleagok izateko».

Amaia Elizondok Bizipoza Elkartearen izenean pailazoek bidean eman dieten laguntza goratu du. «Ezin da azaldu pailazoek eman digutena. Eman eta jaso, hori ere beraiei ikasi diegu eta orain guk haiek emateko ordua da. Pailazoei esker, jendarte inklusiboagoa eta irrizaleagoa daukagu. Haien ekarpena izugarria da eta gu BECen egongo gara maiatzaren 3an, merezi dutelako».

Hitza hartzen azkena Leixuri Arrizabalaga izan da, Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Diputatua. «Pirritx, Porrotx eta Marimotos lagunei eskerrak ematera gatoz, urteetan zehar kolorez eta alaitasunez bete dutelako gure txikien bizitza. Haiekin batera dantzan, kantuan eta barrez balio garrantzitsuenak ikasi ditugulako eta, gainera, euskaraz egin dugulako. Baina garrantzitsuena da, Euskal Herriko areto handietan ez ezik, gehien behar izan dituzten haurrengana ere hurbildu izan direla. Profesional handiak izateaz gain, maila handiko pertsonak direla erakutsiz», nabarmendu du Arrizabalagak.

Momentuko babesleen zerrenda:

- Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arabako Foru
Aldundia.
- Lakuako Gobernua.
- Udalak: Hernani, Oiartzun, Usurbil, Aretxabaleta, Lekeitio. Elorrio, Amasa-Villabona, Irura, Anoeta, Ataun, Berastegi, Antzuola, Aulesti, Aizarnazabal, Gaztelu, Ikaztegieta.
- Komunikabideak: NAIZ, EITB, ‘Berria’, Hamaika, Noticias taldea eta ‘Argia’.
- Kooperatibak eta enpresak: Laboral Kutxa, Irizar, Mitxelena, Orona, Fagor, Danokbatgroup, Abar, Akting, Kide, Izarkom.
- Eragileak: Errigora, Bizipoza, AEK, Euskalgintzaren Kontseilua, Elkar Fundazioa, Maizpide, Hik Hasi, Ikastolen Elkartea, Jakin, Bertsozale Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Gure Esku Dago.