Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Gernika Batailoia, ahaztutako esfortzu eta sakrifizioak

Aliatuekin lanean hasi eta euskal askapena ekarriko zuen elkarlana sortzeko esperantzarekin sortu zen Gernika Batailoia. Berrehun bat gudarik osatutako taldea Point de Graveko borrokaldietan murgildu zen 1945eko apirilaren 14an. Bost kide galdu zituen, baina burkide zituztenen begirunea irabazi.

Gernika Batailoiko gudariak, Agirre lehendakariarekin eta de la Torre sailburuarekin.
Gernika Batailoiko gudariak, Agirre lehendakariarekin eta de la Torre sailburuarekin. (Euskadiko Artxibo Historikoa)

Gernika Batailoia Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen euskal unitate militar bakarra da. Bigarren Mundu Gerra hasi berritan, erbestean zen Jose Antonio Agirre lehendakariak «Euzkadiko euskaldunen kolaborazio osoa» proposatu zion Ernest Pezet diputatu frantsesari. Hala ere, 1944. urte amaieran heldu zioten unitatea sortzeko antolamenduari. Sinetsita zeuden heltzear zela «askapenaren lasterketaren amaiera», gerratearen bukaerari erreferentzia eginez. Helburutzat jarri zituzten «Nazio Batuen garaipena eta euskal askatasun nazionala». Horretarako, bi pausoko estrategia eratu zuten. Unitatea sortu eta «baldintzarik gabe» lagunduko zieten aliatuei. «Egunero prestatu behar dugu euskal askatasun nazionala berreskuratzeko, Franco euskal eta espainiar lurretatik bota arte», zehaztu zuten bigarren pauso gisa. Aliatuekin lanean hasi eta euskal askapena ekarriko zuen elkarlana sortzeko esperantzaren testuinguruan sortu zen Gernika Batailoia edota, Gudariek aipatzen zuten moduan, Euskal Brigada.

Unitatearen bereizgarri nagusia zen kideak ideologia askotakoak (EAJ, ANV, J.S. Zugazagoitia taldea, JSU., PSOE, PCE, CNT eta I.R.) zirela. Bat egin zuten euskal herriaren desioei «erantzuna emateko forma bakar» gisa. «Euskal Unitate bat osatu dugu, eta bertan gaude euskaldun gisa pentsatzen dugun ideologia guztietako euskaldunak; alde batera utzi ditugu desberdintasun politikoak, harik eta, behin Euzkadira iritsita, bakoitzak bere nortasuna berreskuratu arte». Kepa Ordoki, ANV eta STVko militantea ezarri zuten komandante postuan. Igeltseroa izan arren, 1936an, Irungo defentsan hasi zuen erresistentziarako bidea. San Andres batailoiko kapitaina izatera heldu zen; eta, espetxe frankistetatik ihes egin ostean, erresistentziarekin bat egin zuen Estatu frantsesean.

Unitate militarra sortzeko, U.N.E, Unión Nacional Española gerrilla komunista jarri zuten jo puntuan. Talde honek ez zuela Eusko Jaurlaritzaren existentzia onartzen edota ez zituela alderdi politikoak errespetatzen argudiatu zuten, besteak beste. Hala ere, batera jardun zuten, taldea banatu arte. U.N.E.ko ordezkariek Estatu espainolean sartu nahi zuten. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, aliatuekin bat egitea aurreikusten zuen, nazien aurka borrokatzeko. 1944ko abenduaren 14an, Caillíe jeneralak (Hendaia eta Port Bou arteko mugako nagusi militarrak) gerrillari taldearen banaketa berretsi zuen. Kepa Ordokik 200 gizonekin jo zuen Ausoneko zelaira, Bordelen.

Euskal Brigadaren etorkizuna

Urte berriarekin bat eginez, Kepa Ordokik zuzeneko harremana ezarri zuen Jesus Maria Leizaola lehendakariordearekin. «Gudariei eman beharreko zeregin orokorra ala zehatza» zein zen kontsultatu zion. Ordurako ere jakina zen Euskal Brigadaren funtzioetako bat etorkizuneko segurtasun indarrarena izango zela. «Esan zidaten indar militar gisa jarduteko prestakuntza beharrezkoa izango zela, eta aldi berean, ordenaren indarra, Aberrira igaroko ginen unerako». Bitartean, Estatu frantsesean barreiaturiko gudariak edo frankismotik ihesean joandako kide berriak batu ziren batailoira. Ezagutza militar altua zuten gudariak batzea izan zen lehen helburuetako bat. Ordokik atsekabe handiarekin bizi zuen unitateari muzin egiten zioten gudarien jarrera. «Gida eta maisu izateko erantzukizun morala dutenek engainu baten bizioak sinestera bultzatzen du gazteria. Gudari ohiak nagusiki kontrabandoko txokolatea eta kafea bezalako objektuen salmenta ilegalean ibiltzen dira. Etekin handiak lortzen dituzte, zeinak bizio eta xahutze bizitza uzten dieten, aberriak deitzen dituen uneetan beren misio abertzalea ahaztuz».

Heliodoro de la Torre sailburua eta Juan Manuel Epaltza Gernika Batailoia ikuskatzen
Heliodoro de la Torre sailburua eta Juan Manuel Epaltza Gernika Batailoia ikuskatzen

 

1945eko urtarrilaren 12an eratu zen lehen aldiz Gernika Batailoia. Leizaolak bidalitako ordezkariaren mezuak irakurri zituen Kepa Ordokik: «Garaiak ez dira konponbide teorikoentzat bakarrik, ekintzazkoak eta ekintza ausartekoak baizik: ezin dugu eta ez dugu utzi behar inork aurreratu gaitzan»; «ez dezagun jarraitu gure misioa ordena zaintzea dela dioen teoria. Ordena mendian eta menditik gordetzen da»; «askatasuna irabazi egiten da ez zaio inori ematen». Komandantearen esanetan, hitz hauek «gogoberotasuna eta begikotasuna» sortu zituen tropan. Baliagarritzat jo zituen, «askatasunaren alde euskaldunak duen arima borrokalaria pizteko».

«Brigada autonomoa»

Gernika Batailoiaren beste bereizgarrietako bat unitate militarraren independentzia zen. Gudariak soilik Eusko Jaurlaritzaren menpe zeuden. «Estalpean egongo direla eta beren sakrifizioa Euzkadiren onerako bakarrik izango dela seguru izan nahi dute», zehaztu zuen komandanteak.

Ondorioz, gudari bakoitzaren Barnealdeko Indar Frantsesaren (F.F.I.) izen emate aktan zehaztuta utzi zuten haien kontratua «Eusko Jaurlaritzak Frantziako Gobernuarekin adostutakoaren araberakoan» oinarritzen zela.  

Estalpean egongo direla eta beren sakrifizioa Euzkadiren onerako bakarrik izango dela seguru izan nahi dute

Atxikimendua sinatuta, 1945eko martxoaren 22an heldu zen errelebo agindua. Gernika Batailoiko gudariak Point de Graveko sektorera bidali zituzten. Batera joan zen Libertad batailoia. Unitate hau U.N.E.tik irtendako anarkista espainiarrek sortu zuten. Bi unitateek paraleloki osatu zuten agintari militar frantsesek deitu zuten Atzerriko Boluntarioen Batailoia.

Borrokaldien lehen zantzuak

Pointe de Grave alderdi ezin estrategikoa zen. Bertan bat egiten du Bordeletik datorren Garona ibaiak Atlantikoarekin. Ingurua askatzeak Girondako departamentuaren itsaso bidezko lotura libre uztea suposatzen zuen. Horretarako, Euskal Brigada 40. kota inguruan ezarri zuten. Apirilaren 11n zaintzan zeuden euskaldunek alemanen lehen bi patruilak identifikatu zituzten. «Tiro egin diete arma automatikoekin eta esku-granada batzuekin, abiapuntuko posizioetara itzularazi arte», jakinarazi zioten, Atzerriko Bolondresen Batailoiko komandante Rascleri.

K+9 ordu, erasoa hasteko unea

Apirilaren 14an, arratsaldeko 15.35ean, hasi zen Pointe de Grave askatzeko operazioa. «Gure posizioak eta aurkariarenak 800 bat metroz bananduta zeuden, eta mugitzeko modu bakarra guztiz minatua zegoen hamar bat metroko bide bat zen. Lerroan egin behar genuen aurrera, marra zuriz seinalatutako zerrenda bati jarraituz», idatzi zuen Andres Prieto tenienteak operazioen egunkarian.

Gernika Batailoiko gudariak Agirre lehendakaria eta de la Torre sailburuarekin
Gernika Batailoiko gudariak Agirre lehendakaria eta de la Torre sailburuarekin

 

Unitateko lehen hildakoak minen ondorioz jazo ziren. Jose María Tuduri gudariak ‘Egin’ egunkariari kontatu zion Luis Iglesias eta Antonio Mujika gudarien heriotzaren lekukotza: «Hemen nengoen –dio eszena puntu bat seinalatuz– metrailadorearentzat munizioz kargatutako motxila batekin. Ni nintzen Luis Iglesias sarjentuaren lehen hornitzailea. Nire ezkerrean zegoen, lurrean etzanda, metrailadorearekin, eta eskuinean Antonio Mujika fusilaria neukan. Leherketa bat izan zen eta fusilariak hil aurretik hiru aldiz ‘Gora Euskadi’ oihukatzen zuela entzun nuen. Sarjentuak ez zuen oihukatzeko astirik ere izan. Biak hilda zeuden. Nire gorputzean kideen gorpuzkiak itsatsita neuzkan».

Borroka hauen ondorioz, Euskal Brigadak bost hildako eta hamaika zauritu izan zituen

Hurrengo egunean bertan behera gelditu ziren operazioak. Gerora, Soulaceko hondartzetara bidali zituzten, iparraldeko noranzkoan. «Denbora tarte honetan, etsaiak ez zuen bizi seinalerik eman, eta ez genuen galera handirik izan aliatuen hegazkinen bonbardaketa zela eta. Arras hondatuta utzi zituzten hondartzako gotorlekuak». Apirilaren 19ko borrokaldietan ezustekoa izan zuten gudariek. 2. Dibisio Blindatuak gudarien aurka tiro egin zuen. Ez zekiten etsaiaren posizioetara heldu zirenik. «Frantsesen akatsa izan da», esan zion estatu nagusian zegoen Ordokik Hermenegildo Martinez kapitainari. Azken eguna apirilaren 20a izan zen. Ordu laurdeneko tiroketaren ostean, gudariek aurrera egin zuten eta bandera zuriarekin irten ziren soldadu alemanak gotorlekutik. Luis Fernandez gudariak hartu zuen blockhauseko bandera nazia. Borroka hauen ondorioz, Euskal Brigadak bost hildako eta hamaika zauritu izan zituen.

Ohorezko ekitaldiak
Apirilaren 22an, Grayango aireportuan lurreratu zen De Gaulle jenerala. Bertan zeuden tropak ikuskatu zituen, eta ikurrina agurtuz, Ordokiri esan zion: «Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek gure lurra askatzeko egin dituzten ahaleginak eta sakrifizioak».

Agirre lehendakariak Gernika Batailoia bisitatu zuenean, Jan Chodzko, Atzerritar eta Marokoar Erregimentu Mistoaren komandanteak bere gerra gurutzea eman zion. «Gernikako arbolaren ondoan itzuliko didazu zuen herrialdea askatzera joango garenean». Maiatzean, Gudariek Xibertan ostatu hartu zuten, operazio berrien zain.