Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Oier Ariznabarretak handitu egin du Berako mendi lasterketaren erregealdia

Korrikalari durangarra bederatzigarrenez gailendu da mendi maratoi erdian; nesketan, berriz, Ainara Urrutiak irabazi du. Bestalde, Arrasate-Udalatx lasterketan Oihana Kortazar eta Ibai Larrea nagusitu dira.

Oier Ariznabarreta Berako helmugan; durangarrak bederatzigarren garaipena sinatu zuen.
Oier Ariznabarreta Berako helmugan; durangarrak bederatzigarren garaipena sinatu zuen. (Ane MOLINERO)

Euskal Herriko mendi lasterketek bi hitzordu interesgarri izan dituzte atzean utzi dugun asteburuan. Bietan eta bietan espezialista sasoikoenetako batzuk ikusi ditugu. Berako mendi maratoi erdiari eta Arrasate-Udalatx lasterketari buruz ari gara.

Nolabait esateko, bi hitzordu horietan eguraldia protagonista bihurtu zen. Igande bezperan eta goizaldean botatako euriak ibilbideak lokaztu zituen; hotz pixka bat ere egin zuen, eta mendi gailurrak lainotuta zeuden. Halere, baldintza horiek ez zuten eragozpen «handirik» ezarri eta lehia estuak eta ikusgarriak ikusteko parada egon zen.

Lehenik eta behin, Berara abiatuko gara. Maratoi erdi hori oso beteranoa da. Hemeretzi ekitaldi bete ditu eta, ohi den bezala, makina bat korrikalari jasotzeaz gain, izen handia duten espezialista batzuk helmuga puntura bertaratu ziren. 513 kirolarik parte hartu zuten proban, eta horietatik 502 iritsi ziren helmugara. Hortaz gain, aurreratu behar dugu lasterketa hori oso berezia dela; zehazki esanda, lasterkari batentzat: Oier Ariznabarretarentzat. Azken urteotan ez dugu mendi lasterketetan maiz ikusten, baina Berakoa oso kuttuna du eta ez du hutsik egiten.

Bitxia izan ala ez, kontua da durangarrak jokatu diren edizioen erdia irabazi duela: bederatzi hitzordu. Eta azken honetan ere erakutsi zuen oraindik oso sasoiko dagoela. Lasterketaren buru izan zen une oro, eta helmugara alde handiarekin heldu zen: 1:45:08 denbora. Ibilbidearen baldintzengatik Ariznabarretak ezin izan zuen berak ezarritako errekorra (1:37:30) gainditu. Bigarren sailkatuari, Unai Zialtzetari, bi minutu eta 12 segundo atera zizkion. Podiumaren hirugarren kutxa lortzeko borroka, aldiz, oso estua izan zen; izan ere, 48 segundoko aldea egon zen bigarrenaren eta seigarrenaren artean. Azkenean, hirugarren kutxara Joseba Erro igo zen 1:47:35 kronoarekin.

Mutiletan ez bezala, nesken kategorian lehia ederra bizi izan zen Ainara Urrutia eta Maddalen Jimenezen artean. Urrutiak iazko garaipena berretsi zuen: Aretxabaletako korrikalariaren denbora 2:07:59 izan zen. Iazko irabazle Maddalen Jimenez bigarrena izan zen irabazlearengandik ia minutu batera, eta Ainhoa Intxausti hirugarrena 2:10:55 kronoarekin.

Kortazar-Larrea

Arrasate-Udalatx lasterketan ere, ia gidoi bera eman zen. Eguraldiaren baldintzei dagokienez, euria, hotza eta lainoa. Eta espezialisten artean batzuk oso indartsu. Euskaldunak zein kanpokoak.

Nesken mailan, lasterketa ikusgarria izan zen lehen bi sailkatuen artean, hots, Oihana Kortazarren eta Onditz Iturberen artean. Elgetarra tropelaren buru jarri eta Udalatxeko tontorrean lehena zen, baina Igorrekoari ez zion tarte handirik ateratzen. Gailur horretatik Txukurrilorako jaitsiera, adibidez, elkarrekin egin zuten. Baina Kortazarrek azken kilometroan erritmoa bizkortu eta helmuga puntuan lehena izan zen 2:12:41 denborarekin. Bigarren txapela du Arrasate-Udalatx lasterketan. Iturbe hemezortzi segundora iritsi zen. Hirugarren sailkatuak, Irune Velez de Mendizabalek, ez zuen borroka estu horretan sartzeko modurik izan. Arabarrak 2:24:18 kronoa markatu zuen.

Bestalde, gizonezkoen kategorian, talde ederra elkartu zen lehen kilometroetan: Ibai Larrea, Aritz Egea, Dani Izquierdo eta Dimas Pereira. Meatzerrekara iritsi bezain laster, iaz bezala, Larreak beste martxa bat sartu zuen. Egea, ordea, oso adi egon zen eta Udalatxeko gailurra lehen postuan igaro zuen. Beterano honek bazekin Larrea jaitsieran azkarragoa dela. Gazteak Egea aurreratu zuen eta, Kortazar bezala, bere bigarren txapelarekin egin da Arrasaten. Kronoa: 1:47:02.

Bazirudien Egea bigarrena izango zela, baina Izquierdok atzetik aurrerako lasterketa egin zuen. Soriarra bigarrena izan zen minutu bat eta 46 segundora. Aipatu behar da Izquierdok lehen aldia zuela lasterketa horretan. Egea hirugarren postuan helmugaratu zen irabazlearengandik 2 minutu eta hamar segundora.