NAIZ

EHUk aurrekontuetan lehentasuna izan dezan ados ageri dira oposizioko taldeak

EAJ eta PSErekin bildu ostean, orain EH Bildu, PP eta Sumarrekin batzartu da EHUko zuzendaritza berria. Pozik ageri da, aurrekontuetan unibertsitateak lehentasuna izan dezan adostasuna dagoelako.

Nerea Kortajarena, Pello Otxandiano eta Ikoitz Arrese (EH Bildu), Joxerramon Bengoetxea eta Estitxu Garairekin batzartuta (EHU).
Nerea Kortajarena, Pello Otxandiano eta Ikoitz Arrese (EH Bildu), Joxerramon Bengoetxea eta Estitxu Garairekin batzartuta (EHU). (EHU/UPV)

Joan zen astean Lakua sostengatzen duten EAJ eta PSE taldeekin batzartu ondotik, orain EH Bildu, PP eta Sumarrekin batzartu dira EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea eta Estitxu Garai, Bizkaiko campuseko eta Komunikazio errektoreordea hurrenez hurren. 2026ko aurrekontuen negoziaketei begira jasotako erantzunarekin «pozik» agertu da Bengoetxea.

Bilerak amaitu ostean Legebiltzarrean egindako agerraldian eskertuta agertu da EHUko errektore berria. «Bilerak emankorrak» izan direla nabarmendu du. «Euskal Herriko Unibertsitateak dituen epe laburreko urgentzien eta epe ertain luzera begirako erronken berri emateko» baliatu dituzte bilerak, eta horietarako finantzazio egokia beharrezkoa dela adierazteko.

«Sintonia ona egon da talde parlamentarioekin; bai gobernua sustengatzen duten taldeekin, bai oposizioko taldeekin ere», aipatu du Bengoetxeak. Aurreko egunean bezala, astelehen honetan ere «kezka adierazi digute taldeek segurtasunaren ikuspegitik premiazkoak diren lanak batzen dituen txostena helarazi diegunean». «Lehentasunezkoa da obra horiei aurre egitea eta martxoan, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza saileko taldeari helarazi genion txosten horixe bera», zehaztu du Bengoetxeak.

Legebiltzarreko Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza batzordearen egin beharreko agerraldiaren atariko izan da bilera erronda hau. Aurretik, baina, errektoreak jakinarazi duenez, Imanol Pradales lehendakariarekin batzartuko da maiatzean.

Otxandiano (EH Bildu): «Hausnarketa sakona behar da»

Bileraren ostean EH Bilduren eledun Pello Otxandianok azaldu duenez, EHUren zuzendaritzak «egitasmo sendoa» aurkeztu die. «EHUren beharrezkoa eraldaketa gauzatzeko eta eraldaketa horrek eskatzen duen anbizioa agerian uzten duen errektoretza baten gidaritzapean dagoen proiektua da. Bide horretan bidelagun gaituzte», gaineratu du.

Otxandianoren arabera, «unibertsitate sistemaren inguruko hausnarketa sakona falta da herri honen zati honetan. Hori burutu beharra dago, eta horretarako ezinbestekoa da Euskal Unibertsitate Sistemaren Lege berri bat». EH Bilduk datozen hilabeteotan norabide horretan indar handia egingo duela nabarmendu du.

«Legegintzaldi honetan behar dugu gure unibertsitate sistema garai berrietara eramango duen benetako bultzada instituzionala», azpimarratu du.