
2023an ‘Erroldarik gabe, izaterik ez’ kanpaina abiarazi zuten Gasteizko hainbat kolektibok, Udalak errolda lortzeko oztopoak jartzen zituela salatzeko. «Errolda bera eskubide eta betebehar bat da, udalerri batean bizi diren pertsona guztiak inskribatzen diren erregistroa da, eta horren bitartez oinarrizko baliabide batzuetara sarbidea ematen da», nabarmendu dute asteazken honetan kolektibo hauek.
«Udala ehundaka pertsonen erroldatzea oztopatzen ari da eta horrek oinarrizko eskubideak eskuratzea eragotzen du, hala nola, babes sozialeko sistema, osasun sistema eta lan eskubideak», salatu dute. «Erroldarik gabe ez gara existitzen», hausnartu dute.
Gogora ekarri dutenez, espainiar Estatuko legearen arabera, pertsona oro bizi den udalerrian erroldatuta egon behar du. «BOEren ebazpen batek jasotzen du infraetxeetan eta etxebizitza gabe bizi diren pertsonek errolda lortzeko eskubidea dutela, etxebizitzaren titulartasunaren inguruan egon daitezkeen eztabaida juridiko-pribatuak edota etxebizitzari eragiten dioten egoera fisiko, higeniko- sanitario edo bestelakoak alde batera utzita».
Aldiz, Gasteizko Udalak baldintza batzuk ezartzen dituela deitoratu dute, «pertsona askori oinarrizko eskubide hau eskuratzea eragotziz, etxebizitza baten jabe izatea eskatuz, edota alokairu kontratua izatea eta jabeak erroldatzeko berariazko baimena eman behar izatea». Honela, erroldatzeko erabakia «jabeen esku» geratzen dela adierazi dute. «Pertsona askoren eskubideak murrizten dituen erabaki politikoa da hau».
Iruzurra
Honen ondorioz, errolda «merkantzia» bihurtzen dela iritzi dute. «Hende asko kontraturik gabeko alokairuan, etxe okupatuetan, senideen edo lankideen etxebizitzetan, kalean… bizi garelako eta errolda behar dugulako legez gure eskubideak eskuratzeko». Gainera, hau baliatuz «jabe batzuek erroldak saldu» egiten dituztela kritikatu dute. «Hori da jabe batzuek, Udala jakinaren gainean egonda, gauzatzen duten iruzurra eta mafia».
Kolektibo hauek azpimarratu dutenez, «zapalkuntza eta esplotazio egoera handienean dauden pertsonek» pairatzen dute, batez ere, egoera hau. «Atzerritartasun Lege kriminalaren ondorioz administrazio-egoera irregularrean eta lan baimenik gabe daudenak. Inmobiliarien eta jabeen filtro arrazistak direla-eta, etxebizitzaren merkatura sartu ezin direnak. Lan asalariatu eta ez asalariatuetan bizitza uzten dutenak eta hala ere etxebizitza bat ordaintzeko iristen ez zaienei».
Gainera, hauetako askorentzat errolda izatea «existitzeko baldintza» dela azpimarratu dute, izan ere. «Kasu askotan, erroldarik ez izateagatik, ezin dira justifikatu Gasteizen bizitzen emandako urteak».
Guzti honengatik, ekainaren 5ean ‘Udalak eskubiderik gabe uzten gaitu. Padrón y derechos para todas’ lelopean mobilizazioa eginen dute Gasteizen, Udalari «erroldatzeko borondatea jabeen esku uzten duen erabaki politikoa bertan behera uztea eta erroldatzeko eskubidea inolako baldintzarik gabe aitortzea» eskatuz.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
